astekaria 2016/02/12
arrowItzuli

mundua

Austeritatearen aurka, nondik eta Berlindik

Danel Agirre

Austeritatearen aurka, nondik eta Berlindik

Berlinalearen 66. jaialdia bihar hasiko da. Meryl Streep eta George Clooney espero dira, besteak beste, Potsdamer Platzeko alfonbra gorrian. Ekialdeko Berlin zenaren antzoki klasikoetako batean, Volksbuehnean, beste celebrity batek kontraprogramatu zituen, ordea, bart gauean izarrok. Giannis Varufakis Greziako Finantza ministro ohiaren alderdi berriaren aurkezpenerako sarrerak duela hilabete ipini ziren salgai, eta ordu erdian amaitu. Ikusmin berebizikoa zela eta, eraikin bereko beste areto batean pantailak ipiniko zirela iragarri, eta tiketok ez zuten askoz gehiago iraun.

Aurkezpenerako Volksbuehnea hautatu izanak pisu sinboliko nabaria du. Eraikinetik Greziarekin negoziatzerakoan gupidagabe azaldu zen gobernuaren egoitzara ?Kantzelaritzara? bi kilometro eskas daude. Gainera, Europako Batasuna pitzaduraz josi duen errefuxiatuen aferaren epizentroetako bat da Alemania. Berlinera, esaterako, 80.000 inguru iritsi dira azken hilabeteotan. Hori gutxi balitz bezala, antzokia Rosa Luxemburg plazan dago, ezkerreraren gotorleku historikoetako batean. Han kokatzen dira Die Linke alderdiaren eta hainbat ezkerreko komunikabideen egoitzak, adibidez.

Behetik gora, eta alborantz

«Deuseztatzera doan Europako Batasunetik kapitalaren eskuak aldentzea» da Democracy in Europe Movement 25-en xede nagusietakoa. Orain arteko bileretan sustatzaileek adostu dute horretarako lanabesik eraginkorrena mugimendu transnazional bat eratzea dela, tokian tokiko ekintzaileen gerizpe gisa funtzionatuko duena. Varufakisen esanetan, egitekoa demokrazia garden bat eratzea denez, «ezkerrak, liberalek, berdeek eta erradikalek» tokia izango lukete DiEM 25en. Halere, sinatzaileen artean ageri diren politikariak (oso gutxi dira) ez dabiltza haien alderdien ordezkaritza egiten, oraingoz.

Varufakisek berak ere oso argi utzi nahi izan zuen ez duela «bere alderdi berririk» sortu, eta eragin nahi den dinamikak berak liderren papera lausotzea exijitzen duela. Herritarrek auzo, hiri eta eskualdeetan demokrazia modu zuzenagoan erabil dezaten bilatzen du DiEM 25ek. Mugimenduaren egitekoa ?inork ez dio alderdi politiko deitu nahi oraingoz? mugez gaindiko loturak taxutzea litzateke. Azken xedea, biltzar konstituziogile bat antolatzea, 2025erako Europa berri bat erdituko duena.

Bart gaueko aurkezpena Angela Merkel, Jean-Claude Juncker edo Luis de Guindosen irudiek zabaldu zuten. Pantailan, mezu argi bat: «Kezkatzen direnarenak egiten dituzte, baina benetan ardura dien bakarra dirua eta boterea dira». Ondoren hartu zuen Varufakisek hitza. Agurra bidali zien «atzo zerbait berria eta handia sortzen ari zen itxaropena duten guztiei». Gero beste bat, ironikoa, «atzo zerbait berria eta handia sortzen ari zen beldur diren guztiei».

Publikoak adi entzun zituen ministro ohiaren esanak, asko rock izar baten trataera izango zuen beldur bazen ere. Alemaniak eta Frantziak eraiki nahi dituzten «gotorlekuak» kritikatu zituenean jaso zituen lehenbiziko esku-zartak: «Alemaniak azken berrogei urteetako inbertsio mailarik apalena du. Eskandalua da, interes tasa negatiboak dituen Europako herrialde aberatsenean».

Eratu berri duten mugimenduak atzo bete zituen lehenbiziko lan saioak. Goizean, berrogei hizlari hiru minutuz ari ziren, esaterako, aulkiz lepo zegoen baina agertokirik ez zuen gelan. Varufakis atzealdeko izkin batean eserita egon zen, adi. Gerardo Pisarello Bartzelonako alkateordea izan zen mikrofonoarekin aritu zen politikari bakanetakoa. Hiri errebeldeen sare bat sortzea proposatu zuen. Coruñako Xulio Ferreiroren kasuan bezala, arreta handiz entzun zen bere ekarpena. Gaueko Volksbuehneko aurkezpenean Europa eraldatzea posible den adibide gisa aipatu zituen Varufakisek, Ada Colauk bidalitako bideo batek lagunduta.

«Politikari miope, funtzionario inozente eta ekonomia aditu ezgaiek» Europa kapitalari oparitu diotela salatu ondoren, mezu itxaropentsuarekin amaitu nahi izan zuen, DiEM 25eko manifestuaren puntuak errepasatuta. «Nahikoa da nitaz», esan, eta mugimendu berria gorpuzte aldera bildutako aktibista sortari eman zien hitza.

Bi egitasmoekin, nahasdura

Varufakisek B Plan bat Europarentzat egitasmoaren bileretan parte hartzen aritzeak DiEM25 mugimenduak harekin lotura zuzena izan zezakeen uste okerra zabaldu du. B Planaren lan saioetan, besteak beste, Noam Chomsky, Ken Loach, Oscar Lafonteine edo Jean Luc Melenchon izan dira. B Plan bat Europarentzat taldeak Madrilen du hurrengo hitzordua, datorren astean, eta Varufakis bertan izango da berriz. Su bertsuan baina lapiko ezberdinetan egositako bi mugimendu direla zen atzo Berlinen gehien zabaldutako iritzia. Nolabait elkartuko diren edo beste gisa bateko elkarbizitzarik izango ote duten ikusteke dago.

BERRIAn argitaratua (2016/02/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA