bizigiro
Sakabanatuak elkartuz
June Romatet
Mundu osoan euskal kulturaren zabalpena ospatzeko, irailaren 8a Euskal Diasporaren Eguna izendatu zuten, eta iaz ospatu zuten lehen aldiz. Iazko ospakizunen arrakasta kontuan hartuta, joan den urtean hainbat herrialdetan egin zuten bezala, euskal kulturaren bidez euskaldun izatea ospatuko dute bihar, denek egun berean. Horien adibide dira Montrealeko (Quebec), Tokioko (Japonia), Valparaisoko (Txile), Necocheako (Argentina) eta Londreseko (Erresuma Batua) euskal etxeek antolatutako egitasmoak eta ospakizunak.
Egitasmo asko, gai bakarra
Japonian euskal etxe bakarra dago, Tokion, baina badituzte beste bi elkarte euskal kultura bultzatzen dutenak: Euskal-Japoniar Elkartea eta Peña Athletic tokiotarra. Bertako euskal etxeari Txokoa deitzen diotela azaldu du Masami Murakamik, Tokioko Euskal Etxeko kideak. Joan den urtean, Txokoan, bazkari bat egin zuten, marmitakoa, patata tortilla eta beste hainbat jakirekin. Aurten ere antzeko zerbait egingo dute, hamar euskaldun eta hamar japoniar inguru bilduko dira, eta euskal jakiekin egindako bazkari bat egingo dute. Bazkaldu ostean, berriz, egitasmo berezi bat dute: «Berri Txarrak musika taldeak kontzertua du bihar Tokion; beraz, denak batera joango gara», esan du Murakamik. Euskal talde hori entzuteko gogoz dago Murakami: «Gogotsu nago kontzertura joateko; gainera, taldeari idatzi diot Euskal Etxera etortzeko gonbidapena egiteko».
Munduaren beste aldean, Valparaisoko Euskal Etxeak 76 urte bete ditu aurten, eta han hamahiru pertsona aritzen dira lanean. Hainbat klase ematen dituzte, baina bereziki pilota klaseak eta txalaparta klaseak dira ospetsuak han; horiez gain, abesbatza bat ere osatu dute. Hainbat festa ospatzen dituzte: «Bihar Euskal Diasporaren Eguna ospatuko dugu, gure jatorria gogoratzeko asmoz eta kultura guztion artean zabaltzen saiatzeko», azaldu du Lore Espinosak, euskal etxeko idazkariak. Ospatzeko, herri bazkaria antolatu dute euskal etxekoek.
Gainera, besteak beste, ikastaroak aurkeztuko dituzte, dantza egingo dute, eta abesbatza ere han izango da. Espinosak azaldu du klaseetan hamabost pertsona inguruk parte hartzen dutela, baina halako festetan 50 parte hartzaile inguru izaten dituztela, eta antzeko kopurua espero dutela aurten. Joan den urtean ere hilaren 8an elkartu zirela azaldu du Espinosak: «esperientzia benetan ederra izan zen; familia batzuk elkartu ziren, eta, gainera, Erasmuseko ikasle euskaldunak ere izan genituen. Horrez gain, musika, euskal karaokea, dantza ikuskizuna, txalaparta eta pintxo-potea eduki genituen».
Argentinan, festa ugari
Necocheako euskal etxea Valparaisokoa baino bi urte geroago sortu zen, baina haiek adina egitasmo, ikastaro edota festa egiten dituzte. Horien artean, euskara eta gastronomia klaseak, hainbat kirol, danborrada eta San Joan gaua. Sagardotegia ere badute Argentinan: «Sagardotegia aprobetxatuko dugu, eta, 8a igandea denez, han ospatuko dugu Diasporaren Eguna», azaldu du Juanchi Yacominik, parte hartzaileetako batek.
Jende kopurua festaren arabera aldatuz joaten dela ere azaldu du: «Gure festa nagusietako bat San Inazio da, eta aurten 220 pertsona etorri ziren afarira; asko poztu gintuen jendetza hori ikusteak». Joan den urtean ere 100 pertsona inguru bildu ziren sagardotegian, «guretzat oso polita izan zen denok batera euskal kultura Argentinatik bultzatzea eta hemen indartzea», esan du Yacominik. Necocheako Euskal Etxean euskaldun jatorrikoak direnek eta ez direnek parte hartzen dutela azaldu du, eta atean zera jartzen duela: Hemen sartzen dena, bere etxean dago.
Montrealen ere hala dela azaldu du Beñat Urrutia Quebeceko Euskal Etxeko aholkulariak: «Euskal etxe honetan bertakoak eta Euskal Herrikoak izaten ditugu; batzuk bazkideak dira, eta beste batzuk egitasmoetan parte hartzera etortzen dira».
Aniztasunetik sortutakoa
Etxe horrek 23 urte ditu, eta bertan antolatutako ekitaldietan ehun parte hartzaile inguru biltzen dira, nahiz eta erregularki han lanean ari direnak hamar inguru izan. Quebeceko euskal etxe horretan ere euskara, dantza, musika eta txalaparta klaseak ematen dituzte, eta hainbat festatan jaiak antolatzen dituzte. Baina Montrealekoaren berezitasuna trainerua da. Euskal Etxeak traineru bat dauka, eta harekin ateratzen dira batzuetan arraun egitera. Hori kontuan hartuta, «Diasporaren Egunean ere trainerua aterako dugu, baina lehenago piknik bat egingo dugu etxeetan prestatutako euskal platerekin», azaldu du Urrutiak. Quebectarrek, egun bakarrean ospatu beharrean, bi egunetan egin nahi izan dute; beraz, 10erako kontzertu bat antolatu dute Euskal Herriko musikariekin: «Denak elkartuko gara, eta, horrela, euskal abestiak kantatuko ditugu», azaldu du aholkulariak, gogotsu daudela adieraziz.
Jai giroan kultura zabalduz
Londresko Euskal Etxekoek atzo ospatu zuten Diasporaren Eguna, 8a igandea delako. Eusko Jaurlaritzak egindako eskaeragatik hasi ziren jaia antolatzen, «munduko beste euskal etxeekin bat egiteko eskatu ziguten iaz, eta denok zerbait egingo genuela pentsatzeak asko poztu gintuen. Beraz, iazkoa ondo joan zenez, aurten ere antolatu dugu», esan du Londresko Euskal Etxeko kide batek. «Ospatzeko, bazkari bat antolatu dugu, eta jendea bultzatu dugu euskal platerak egitera, gero denek batera jateko», azaldu du. Horrez gain, euskal dantzen ikuskizuna ere egingo dute, zuzeneko musikarekin.
London Basque Society 1999an izendatu zuten ofizialki euskal etxe, nahiz eta 1990etik hainbat egitasmo egin zituzten. Parte hartzaile kopurua desberdina da egiten dituzten ospakizunetan. Gainera, azaldu du iraila bukaeran Londresen ohitura dutela oporretara joateko. Beraz, jende kopurua handiagoa izan bazitekeen ere, Diaspora Egunean 40 pertsona inguru izan dituzte. Gaur egun, festak antolatzen jarraitzen dute Londresen, besteak beste Korrika, bertso afariak eta Diaspora Eguna, eta euskara eta euskal dantzak ere irakasten dituzte.
Beste euskal etxeek ere antzeko jaialdiak ospatzen dituzte: Aberri Eguna, Euskararen Eguna, Gabonak Olentzerorekin eta abar. Gainera, ohikoa da astean zehar euskara klaseak jasotzeko aukera izatea. Euskal dantzen ikastaroak ere izaten dira batzuetan, baina, parte hartzaileek azaldu dutenez, ikastaro horiek ematen dituztenak normalean Euskal Herritik joandakoak izaten dira, eta epe batez bakarrik egoten dira han.
Urteetan euskal familiak zabaldu egin dira munduan, eta herrialde bakoitzean euskal kultura zabaldu eta indartu dute. Gaur egun, 193 euskal etxe daude munduan, baita beste euskal elkarte asko ere, eta bakoitzak bere antolatzeko modua du. Murakamik azaldu du urtean zehar ez dutela harreman handirik izaten haien artean, baina bihar, irailaren 8an, horietako askok bat egingo dute euskal kulturaren iraupena eta hedadura ospatzeko.