gizartea
Voltaire eta Hondarribia
Jose Mari Pastor
Hori etorri zait gogora abuztuan C. Tanganaren harira piztu den eztabaida dela eta. Joan da rap kantaria, baina eztabaidak bizirik segitzen du. Mugarik ote du adierazpen askatasunak? Hamaika iritzi plazaratu dira Bilboko udalak C. Tanganari abesteko kontratua bertan behera utzi ondoren. Voltaireren esaldi ezagun bezain apokrifoa ere irakurri dugu, kantariaren defentsan: «Ez nago ados zuk diozunarekin, baina bizia emateko prest nago hori esateko eskubidea izan dezazun». Ederto. Dena den, nork dio Voltaireren ustezko arrazoibidean ideiak ez ezik irainak eta mehatxuak ere sartzen zirela?
Kontu batek ematen dit arreta: zeinen sentiberak garen -batez ere, gizonezkook- ikuspegi feministatik emakumeen inguruan sortzen diren zenbait ikuspegi edo jarrerari buruz hitz egiten dugunean. Dogmatikoak omen dira. Akaso feminismoak du dogmatismoaren monopolioa? Euskaltzaletasuna ezin daiteke dogmatikoa izan? Abertzaletasuna? Independentismoa? Ekologismoa? Feminismoari dagokionez, malgutasuna eskatzen dugu, itxia ez izateko, dena ez baita zuria ala beltza. Alta, inork ez diezaiola kritikarik txikiena egin plastikoen erabateko debekuari. Ez, beste arlo batzuetan ez gara hain azkar kritikatzen hasten edo malgutasuna eskatzen. Zer esango genuke musika talde batek «beltz txerri zikin hori, gaizkile alferrontzia zara, Afrikara itzuli» jende aurrean kantatuko balu, adierazpen askatasunaren izenean? Orduan bai komeriak!
Voltaire eta adierazpen askatasuna. Hondarribian alardea izango da bihar. C. Tanganaren testuak aireratzearen alde egin duten pertsona aurrerakoiek hain erraz onetsiko lukete haren kontzertu bat bertan -edo beste edonon-, emanaldi horretan Jaizkibel konpainiako emakumeei putak deitzen dien abesti bat kantatuko balu? Ezezkoan, zergatik? Zergatik Bilboko kasuan bai, eta Hondarribikoan ez?
Ekar dezatela datorren urtean C. Tangana Bizkaira, berriro ere, Bilboko Aste Nagusian bere kanta berri bat lehendabiziko aldiz zuzenean jotzeko, gure aurrean: «Puto vasco, me das asco, me voy a follar a tu puta madre, y contigo voy a hacer churrasco». Edo «muerte a los vascos», Burgosko futbol zelaian bezalaxe. Ea hain eskuzabal jokatzen dugun, ustezko adierazpen askatasunaren izenean. Munduko inozo bakarrak izango ginateke hori onartuko luketenak. Horretan ere mundialak euskaldunok, zozoetan zozoenak. Ez dakit nola jokatuko nukeen inork kanta bat sortu eta irainduko banindu: paso egin, salatu, auzitara jo… Kontu bakar bat dut argi: ez nuke neure etxera gonbidatuko, eta -are gutxiago- ez nioke dirurik emango.
Abuztuko arratsalde bat. Hondartzaren aurreko pasealekuan gizon bat dago, lurrean ezarrita. Kartoizko kartel bat jarri du: Goseak nago. Hiru ume beltz korrika dabiltza inguruan, jolasean. Ez dira etorkin pobre gosekilak, kontinentetik igerian etorriak, ez horixe! Dotore jantzita daude. Frantsesez mintzatzen dira. 1.500 kilometrora dago Dakar, 2.200 kilometrora Uagadugu. Ume beltz aberatsak gizon zuri pobrearen aurrean gelditu dira. Halako batean, zaharrenak -seguruena ez ditu hamabi urte izango- txanpon batzuk eman dizkio. Gero, lau izarreko hotelerantz jo dute. Atean senideak dituzte zain. Gizon gosetuarengandik metro gutxira jatetxe italiar bat dago. Menuan urdaiazpikoa eta txanpiñoiak dituen pizza ageri da. Dante Alighieri izena jarri diote. Bizia komedia lurtarra da.