kultura
Bizitza oso bat musikari emana
Itziar Ugarte Irizar - Aitor Biain
Musika nahiko adiktiboa da; niretzat musika gauza oso handia da. Musika egitea eta musika taldeetan jotzea izan da nire bizitza; hortaz, ez dut ezagutzen besterik». Gazte hartu zuen gitarra, irten zen mikrofono aurrera, egin zuen oihu, egin zuen dantza. Eta behin hasita, ezin utzi, zertarako utzi. Zazpi musika taldetan aritu zen orotara Iñigo Muguruza. Zergatik galdetuta, Joseba Sarrionandiak behinola esana erantzuten zuen: «'Halabeharrez esan beharko nuke eta nik neuk ez dakit zer esan nahi duen'. Esaldi polita da hori». Euskal rockaren historian mugarri bat jarri zuen Kortatuk. 1983. urtean abiatu zuten, Irunen (Gipuzkoa), eta ska-punk, rock eta rap doinuak oinarri hartuta, aldarria eta festa uztartu zituzten. Lehen maketatik lortu zuten sona Muguruzak, anaia Ferminek eta Javier Armendariz Treku-k, eta estudioko hiru lan, EP bat, hainbat single eta taldearen testamentutzat hartzen den Azken guda dantza (1998) zuzeneko diskoa plazaratu zituzten. Eta ia 300 zuzeneko eman lau urtean. Hiruko gisa Mutrikun (Gipuzkoa) sortu zen taldera batu zen Iñigo Muguruza, Nikaraguan egin zuen bidaia garrantzitsu baten ostean. Laukote modura aritu ziren azkenera arte, Andoni Basterretxea ahotsean eta gitarran, Juan Jose Iurrita Txufu baterian eta Javier Bilbatua Billy baxuan -Patxi Irisarrik ordezkatu zuen gero-. Kantaera urratuak, gitarra bereziek eta kosta giroko hitzek eman zioten nortasuna taldeari. Zuzeneko disko bat, EP bat eta estudioko bi lan kaleratu zituzten. 1990eko otsailean Argia aldizkarira bidalitako artikulu batean iragarri zuen Fermin Muguruzak Negu Gorriak zeritzon proiektu berri batekin estudiora sartzekoak zirela bera, anaia Iñigo eta Kaki Arkarazo. Mikel Abrego eta Mikel Kazalis batu ziren hurrengo lanetan, eta garai hartako musika talde besterenezinetako bat bihurtu zen segidan. Esan Ozenki diskoetxea sortu zuten, eta 1993an kaleratu zuten Borreroak baditu milaka aurpegi, taldearen hirugarren lana, eta lanik aupatuena, 22 kantu eta 70 minutu pasarekin. Batik bat reggaearen eta skaren errailetatik, dantzarako musika karibetarra landu zuen Joxe Ripiau taldeak. Jabier anaiarekin eta Sergio Ordoñezekin aritu zen bertan Muguruza, eta Asier Ituarte batu zitzaien gero; tronboian hura. Lau disko kaleratu zituzten. Joxe Ripiau desegin ostean Sagarroi sortu zuen Iñigo Muguruzak. Gitarra hartu zuen berriz, eta hasierako asmoa hardcore gordinagoa lantzea bazen ere, Meatzaldea (Metak, 200a1) estreinako diskoaren ondoren doinu dantzagarriagoetara egin zuen jauzi taldeak, ska, reggae, raggamuffin eta runba erritmoetara. Carlos Zubikoa, Iban Larreboure, Asier Ituarte eta Miren Gaztañaga izan zituen taldekide, eta bost disko grabatu zituzten denera. Muguruzaren azken-aurreko proiektua izan zen Lurra. Bost abestirekin osatutako EP bat kaleratu zuten aurkezpen modura, bossa novaren, reggaeren, bluesaren eta Afrika iparraldeko doinuen ahaireekin. Muguruza gitarran, Ane Garcia ahotsean, Carloz Zubikoa baxuan eta Ander Larrañaga perkusioan. Akatsa sisteman (5Gora) plazaratu zuten 2014an, eta, hiru urtera taldea desegitea erabaki bazuten ere, amaieraren ostean eman zuten argitara Hasierak (2018), aurrez grabatuta utzi zuten lana. Muguruzak eta Ane Odriozolak osatu zuten Hiru Leike, Irunen hau ere. Gitarra akustikoa alde batera utzi, eta elektrikoari heldu zion proiektu honetan. Odriozola ahotsean, Ez da euria singlea kaleratu zuten iaz. Joseba Sarrionandiaren poemekin osatutako Gure oroitzapenak disko-liburuan ere hartu zuten parte, Bizitza heldu da poema musikatuz.
KORTATU
1983-1998
DELIRIUM TREMENS
1990-1991
NEGU GORRIAK
1990-1996
JOXE RIPIAU
1996-2000
SAGARROI
2000-2010
LURRA
2011-2017
HIRU LEIKE
2017-2018