kultura
Aitzindari, fronteko lerroan
Iñigo Astiz-Mikel Lizarralde
2015eko urtarrilean, ordurako esklerosi anizkoitza zeukala jakitun zenean, Iñigo Muguruzak (Irun, Gipuzkoa, 1964-2019) bere ibilbidearen errepasoa egin zion BERRIA egunkariari. «Bai, egia da sei taldetan ibili naizela; marka polita da! Kortaturekin, halako eztandarekin hastea neurri batean putakeria bat da. Bizitza osorako markatzen zaitu! 100.000 disko saldu genituen... Hori ezin duzu bizitza osoan gainditu [barrez]. Hortik aurrera, dena doa gain behera. Baina, tira, orain ere saiatzen gara oso ondo pasatzen, kontzertuetan gozatzen, eta hori ez galtzea da inportanteena». Foku nagusien ertzean egon zale izan arren, 1983. urtean Fermin anaiarekin batera Kortatu sortu zuenetik, euskal rockak azken lau hamarkadetan izan duen izen nagusietariko bat izan da berea. Talde harekin euskara hutsezko diskoa kaleratu zuenetik, talderik talde, beti erakutsi zituen bai euskararen aldeko hautua, bai punketik hasi eta doinu tropikaletaraino hedatzen den gustu musikal zabala. Atzo hil zen Iñigo Muguruza, 54 urterekin, Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi, Lurra eta Hiru Leike taldeetako kide eta arima ere izan zena.
Hiru anaietan txikiena zen, eta etxean beti izan zuen musika presente; giro horretan hazi zela kontatua zuen elkarrizketa batean baino gehiagotan. «Ni jaio nintzenean musika zegoen etxean denbora guztian. Nire amonak oparitu zigun Elvis Presleyren disko bat, baina Jabier anaia hasi zen diskoak ekartzen, eta Fermin ere bai, eta beti entzun dut mota guztietako musika». Eskusoinua ikasten ere hasi zen, baina azkar utzi zuen. «Hiru-lau urte pasatu, eta ikasketa metodo eta ereduaz erre-erreta atera nintzen». Geroztik gitarrari helduta egin zuen ibilbidearen parterik handiena, nahiz eta Kortaturen garaian baxua jo zuen. Argia aldizkarian gogoratu zuen hasiera sasoi hura: «Gogoan dut 15 urterekin Ingalaterran izan nintzela eta AC/DC-ren partitura liburua eta MXR distortsio pedal batekin etorri nintzela bueltan. Anaia Jabierren anplifikadorean entxufatzen nituen gitarra eta pedala, eta sekulako gozatuak hartzen nituen».
Desband taldean hasi zen jotzen, 14 urterekin, baina 1983an, 18 urterekin, sortu zuen bere musika ibilbidea markatuko zuen hirukotea, Fermin anaiarekin eta Mattin Sorzabalbererekin: Kortatu. Javier Armendariz Treku-k Sorzabalbere ordezkatu zuen hasiera-hasieran, eta berehala euskal gazteriaren talde kutunetakoa bilakatu zen Kortatu. Ska eta punk doinuak bere eremura eraman, eta salaketa nahiz dibertsioa biltzen zituen koktel arrakastatsua osatu zuen. Cicatriz, Jotakie eta Kontuz Hi! taldeekin konpartitutako lehen diskoak eman zuen leherketaren neurria: «[Kortaturena] Oso garai biszerala izan zen. Leherketa garai bat. Guztia hor hasi zen. Guztia diodanean diot fanzineak, irratiak, kontzertuak, gaztetxeak, taldeak, baina baita drogak, mozkorraldi itzelak ere. Oroitzapen ona daukat, baina, ohartzen naiz gero zein ordain izan dugun, zenbat jende hil den garai hartakoa».
Kortatuk 1988ra arte iraun zuen, eta taldeak nahiz Muguruzak berak eginiko bidearen ispilu izan zen. Musikalki beste eremu batzuetara zabaduz joan zen bezala, euskara ere gero eta garrantzi handiagoa hartuznjoan zen Muguruzaren bizitzan. Hizkuntza ikasi, eta Kolpez kolpe (1988) diskoa osorik osatu zuten euskarazko kantuekin: «Gu ere gure gabeziaz kontziente ginen, eta, Ferminek bosgarren diskoa euskaraz egingo genuela iragarri arren, aurreratu egin ginen, eta gure laugarren diskoa, Kolpez kolpe, euskaraz da. Euskarak oso sentipen bereziak bizitzeko aukera eman dit. Oso berezia da aita zenarekin hogei urte baino gehiago erdaraz hitz egiten pasatu ondoren euskaraz mintzatzen hastea», adierazi zion Sustrai Colinari Argia-n 2010ean emandako elkarrizketan.
Negu Gorriak-en bidea
1988ko urriaren 1ean Iruñean emandako kontzertu batekin esan zuen agur Kortatuk, baina Muguruza ez zen geldirik egon handik aurrera ere. Delirium Tremens taldean hasi zen, eta oso denbora gutxira Negu Gorriak sortu zuen, Ferminekin eta Kaki Arkarazorekin. Ordurako beste musika batzuk entzuten hasiak ziren (hip hopa, hardcorea), eta haien eragina nabarmena izan zen taldearen lehenengo diskoan: Negu Gorriak (1990). Radio Rahim kantuak, Spike Leeren Do the Right Thing filmari keinu eginez, eman zuen proiektuak hartuko zuen bidearen berri: «Bat-bi, bat-bi / rap-arekin / gustatzen zaidan / mugimenduarekin / horrelakoa da bizitza / egin ezazu behar duzuna».
Negu Gorriak-ek bide bat erakutsi zuen. Mikel Abrego eta Mikel Kazalis gehituta eta boskote bihurtuta, Gure jarrera diskoa argitaratzeko, Esan Ozenki zigilua sortu zuten modu kooperatiboan, eta pixkanaka taldearen ideiak eta lan egiteko moduak zabaltzen ez ezik, oihartzuna izaten ere hasi ziren. «Lehen diskoa atera ostean, jende asko etorri zitzaigun esanez ondo zegoela, baina Kortatu hobea zela», oroitzen zuen Muguruzak, baina, bigarren diskoa atera zutenerako, Negu Gorriaken itzala asko zabaldu zen; Euskal Herrian, baina baita kanpoan ere. Eta oihartzunarekin batera iritsi zen ideia politikoengatiko jazarpena ere; bide luzea egingo zuen, hain zuzen ere, 1993an Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko teniente koronel eta Intxaurrondoko kuarteleko buru zenak taldearen aurka egindako salaketak. Taldearen kontrako salaketaren arrazoia Ustelkeria kantuaren edukia zen: militarraren aburuz, aipatutako abestiaren hitzak eta bere argazki bat diskoaren barruko liburuxkan paratzeak «bere ohore eskubidean sartze ez-legitimoa» zekarren, eta 15 milioi pezetako ordainketa exijitu zien (90.000 euro inguru). Salaketak 2001era arte jarraitu zuen bueltaka epaitegietan, harik eta behin betikoz bertan behera utzi zuen arte. Taldeak ospakizun kontzertu jendetsuak eskaini zituen albistea jakin ostean.
Negu Gorriak desegin aurretik aurkeztu zuen Iñigo Muguruzak bere talde berria. Erdialdeko Amerikara egindako bidaietan ezagutu zituen Perico Ripiao izeneko bandak. Abeslari batek eta hiru musikarik (guira batek, tambora batek eta akordeoi batek) osatu ohitu dute Perico Ripiao bat, eta erritmo azkarreko dantzarako musika egiten dute. Eredu hori bere erara moldatuz, eta salaketa, umorea eta bizipoza uztartu nahian, Muguruzak Joxe Ripiau sortu zuen, Jabier anaiarekin eta Sergio Ordoñezekin. «Joxe Ripiaurekin-eta oso gauza dantzagarriak egin ditugu. Eta bestetik, umorea ere hor dago. Esango nuke Kortaturen lehen diskotik dagoela umorea, eta, jakina, baita salaketa ere. Garai batean esaten genuen bezala, pataleo-rako eskubidea».
Karibeko musika bero eta dantzagarriak maite arren, 2000rako agortua ikusi zuen Muguruzak Joxe Ripiauren bidea, eta gitarretan oinarritutako rock talde bat jarri zuen abian urte hartan: Sagarroi. Meatzaldea lehen disko ilun eta rockzalea argitaratu ostean, ordea, taldeak norabide musikala aldatzea erabaki zuen, eta ska, reggaea, raggamuffina eta doinu latinoak gehitu zizkion proiektuari.
Beste diziplinak
Musika bere bizitzaren ardatza izan bazen ere, literatura eta batez ere zinema oso gogoko izan zituen beti, eta filmei buruzko erreferentzia ugariz josita daude haren kantuak. Baina egin ere, egin zuen Muguruzak. Ezekiel antzezlana zuzendu zuen, Ander Lipus eta Miren Gaztañaga aktore zituela; haurrentzako liburu bat idatzi zuen, baita film labur bat zuzendu ere. Azken urteetan, baina, utzita zituen: «Baztertuta dauzkat, batez ere zinema eta literatura. Halako batean, pentsatu nuen diziplina gehiegi landu nahian ari nintzela, eta hobe zela bakar batean zentratzea».
Nola ez, bakar hori musika zen. Gazte garaietan baino «lasaiago» bazen ere, abestiak egiteak eta jotzeak betetzen zion gogoa. Azken urteetan Lurra eta Hiru Leike proiektuak gidatu zituen, Muguruzaren munduarekiko ikuspegia ulertzeko arrastoak ematen zituztenak, bakoitzak bere erara. «Oso zaila» izan arren, baikortasunari eusten zion pertsona baten ispilu zirenak: «Baikortasuna jarrera bat da, baina, inguruan ikusten direnak ikusita, askotan zaila da jarrera horri eustea. Baina, tira, nola esaten duten gehiago bizi direla baikorrak ezkorrak baino, izan gaitezen baikorrak!»