astekaria 2016/02/12
arrowItzuli

gizartea

«Inpotentzia jasan nuen erasoan, baina argi dut ez naizela isilduko»

Garikoitz Goikoetxea

«Inpotentzia jasan nuen erasoan, baina argi dut ez naizela isilduko»

Inauterietako asteburuan, jai giroan, emakumeen kontrako erasoak egin dituzte. Azkena, Lantzen (Nafarroa): ETBko kamerari bati eraso zioten hiru gizonek, kale erdian, egun argitan. Jendaurrean salatu du erasoa kamerariak: «Lanean hamazazpi urte daramatzat, eta inoiz ez zait halakorik gertatu. Ezin nuen sinetsi». Inauterietako desfilean parte hartzen ari ziren hiru gizonek egin zioten sexu erasoa. «Inpotentzia sentitu nuen, baina argi dut ez naizela isilduko». Ez da asteburuko eraso bakarra izan: Gasteizen, bi adingabek jarri dute salaketa, taberna batean eraso zietelako; Tolosan, emakume batek.

Astelehen goizean gertatu zen erasoa Lantzen. Kamerariak berak BERRIAri azaldu dio hiru bider jazarri ziotela. «Lehenbizi, gizon batek atzetik heldu zidan, eta gorputza igurzten hasi zen. Makila batekin etorri zen beste bat: hanka tartean jarri zidan, eta mugitzen hasi zen. Hirugarrenak astindu egin ninduen». Argi du andrazkoa izateagatik egin ziotela eraso: «Lankide argazkilari batzuk ere ari ziren lanean nirekin batera, eta haiei ez zieten halakorik egin».

Erasotzaileak desfilean parte hartzen ari ziren, kamerariak azaldu duenez. «Aurpegia estalita zeramaten, eta, beraz, ezin dut jakin zein ziren». Argitu du, hala ere, ez ziola Miel Otxin pertsonaiaren rola jokatu zuenak eraso egin —hori zabaldu dute Interneten—.

Jendea bazen inguruan, inauterietako desfilea ikusten. «Barre egiten zuen jendeak». Lantzeko alkateak hots egin zion atzo goizean, elkartasuna adierazteko: «Barkamena eskatu dit herri guztiaren izenean». Nabarmendu du erasoaren berri publikoki ematearen helburua ez dela Lantz «kriminalizatzea», baizik eta jasandako erasoa salatzea, «berriro gerta ez dadin». Ohartarazi du jaiak ezin direla izan andreei eraso egiteko aitzakia: «Horrelakoak ezin ditugu onartu, jaiak, inauteriak edo ekitaldi publikoak izan arren. Ezin dira onartu. Inoiz ez».

Tolosako inauterietan ere egin zieten eraso emakumeei. Salaketa baten berri izan du Ertzaintzak: igande goizaldean, taberna batean, ukituak egin zizkion gizon batek emakume bati; hark aurre egin zien gizonari eta adiskideei, eta segika izan zituen beste taberna batean. Ertzaintzarenean salaketa jarri zuen emakumeak, eta 38 urteko gizon bat atxilotu dute.

Elkarretaratzea egin zuten atzo arratsean Tolosan, Triangulo plazan, erasoa salatzeko. Mugimendu feministak antolatuta egin zuten protesta, Erasoen aurrean autodefentsa feminista. Erasotzaileak kanpora lelopean. Ehunka herritar elkartu ziren deialdira.

Tolosako Udalak bat egin zuen elkarretaratzearekin. «Irmo» salatu du igandeko erasoa, eta elkartasuna agertu dio andrazkoari: «Udalak indarkeria matxistari aurre egiteko dituen zerbitzuak eta tresnak eskuragarri ditu».

Gasteizen, adingabeak

Gasteizen ere tabernan eraso diete emakumeei asteburuan. Bi kasuren berri jakin du Poliziak. Zapatari kaleko taberna batean gertatu ziren erasoak igande goizaldean. Berri agentziek udaleko iturriak aipatuz azaldu dutenez, bi neska adingaberi eraso egin zien mutil talde batek —haiek ere adingabeak—: inguratu egin zituzten bi neskak, eta ihes egiterik ez zutela baliatuz, ukituak egin zizkieten. Azaldu dute betea zegoela taberna, musika ozen, eta ezin izan zutela ihes egin.

Tabernako zerbitzari bat ohartu zen nola ari ziren neskei eraso egiten, eta haiek defenditzera joan zen. Aurre egin zioten mutilek: bi botila hautsi, eta haiekin mehatxu eginda lortu zuten ihes egitea.

Udaltzaingoak jaso zuen erasoei buruzko abisua, eta inguruan aurkitu zuen mutil taldea: sei lagun ziren. Haietako bi atxilotu egin zituzten, bi delitu leporatuta: sexu abusuak, emakumeei ukituak egiteagatik; eta arma zuriz eraso egin izana, tabernako zerbitzariari botila hautsiekin mehatxu egiteagatik. Inputaziorik gabe, libre utzi zituzten beste laurak.

Taldeko sei kideetatik bost Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean daude. Diputazioak azaldu du neurriak hartu dituela: atxilotutako gaztetxoetako bat beste zentro batera eraman dute; besteak egoitza berean jarraitzen du, baina beste modulu batean. Beste hiru gaztetxoei ere zigorra jarri diete, zentroko arauak ez betetzeagatik: ezingo dute asteburuetan atera, eta lan gehigarriak eginaraziko dizkiete. Adingabeen Fiskaltzaren esku geratuko da ustezko bi erasotzaileen kasua; Udaltzaingoak bidali dio argibide txostena.

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek esan du «intrantsigenteak» izango direla erasoekin, «egiten dituenak egiten dituela».

BERRIAn argitaratua (2016/02/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA