bizigiro
MARCOS SANTANA
«Euskal Herriko bi etorkinen istorio bat ari gara lantzen»
Urtzi Urkizu
No te puedes esconder telesaila aurkeztera etorri zara Miamitik Gasteizera. Hilaren amaieran estreinatuko duzue AEBetan. Noiz ikusi ahalko da Euskal Herrian?
Netflixeko katalogoan urte honen amaierarako egongo da ikusgai. Telesaila Telemundoren eta Netflixen arteko ekoizpen bat da. Aurretik, Telemundok AEBetan hilaren 30ean estreinatuko du. Astelehenetik ostiralera emango dugu, bi astean: hamar atalak errenkadan. Bi urte dira fikzioak modu horretan programatzen ari garena. Arrakasta lortu dugu, ikusleak ohitu egin baitira telesailak oso bizkor ikustera. Irekian emititzen duten telebista kateetan horrelako emisioen oso adibide gutxi daude.
Telesailaren istorioak Mexiko-Madril-Mexiko bidaia egiten du.
Bai, erizain mexikar baten istorioa kontatzen du: Madrilera joango da, eta bertan hilketak, polizia ikerketak eta ustelkeria auziak egongo dira. Ñabardura eta aberastasun handiko telesaila da, Espainiako eta Latinoamerikako aktore oso onekin. Aktore euskaldun bat ere badago: Barbara Goenaga. Mexikoko grabaketetan gu izan ginen ekoizleak, eta Madrilen Isla Audiovisual ekoiztetxea aritu zen.
Esan izan duzu Espainiako telebistak bizkarra eman izan diola Latinoamerikari. Hori irauli nahiko zenukete?
Espainiako sektoreak gehiago begiratu izan du Europara. Ni saiatu izan naiz ekuazio hori aldarazten: azkeneko lau urteetan, gure ekoizpen guztietan parte hartu du aktore espainiarren batek. Movistarrekin akordio bat egin dugu, eta kalitatezko ekoizpenak egiteko itxaropena dugu.
Euskal Herriarekin lotutako proiekturen bat ba al duzue?
Bai, horretan ari gara. Lehenik eta behin, esan nahiko nuke Euskal Herria hiri eszenografiko bat dela, kolore ugariz betetakoa. Telemundon Euskal Herriko bi etorkinen istorio bat ari gara lantzen: 36ko gerraren ostean, Mexikora bizitzera joango den bikote bat da. Haien semea bi munduren artean haziko da: euskal etorkinen eta kultura mexikarraren artean.
Zer iruditu zaizu Gasteizko FesTVal jaialdia?
Ikusi dudanagatik, errespetu handia dago jaialdiarekiko. Telebista jaialdi garrantzitsua da, eta zortekoak gara gonbidatuak izan garelako.
Nola egokitzen ari da Telemundo sektoreko aldaketetara?
Telemundo Comcast taldearen kate hispanoa da. Argi dugu edukia dela guztiaren gakoa. Telesail laburragoak egin behar dira, gidoi oso-oso onekin eta goi kalitateko errealizazioarekin. Jendeak gero eta okerrago onartzen ditu erdipurdiko edukiak.
AEBetan Telemundok hazteko aukerak ba al ditu?
Merkatu hispanoaren kate liderra da Telemundo, eta AEBetan gaztelaniaz ekoizten duen bakarra. Badago beste kate bat, baina soilik Televisaren edukiak ematen ditu. Iruditzen zait hazi egin gaitezkeela. Gainera, datorren urtean streaming bidezko plataforma bat jarriko du martxan gure taldeak: NBC Now. Apustua handia da.
Nolako harremana duzue Netflixekin?
Oso harreman ona. Gure estudioek duten bertute bat da edozein plataformarekin egin dezaketela lan. Ez gara zurrunak, eta horrek aukerak errazten ditu.
Venezuelakoa zara. Zer iruditu zaizu Hugo Chavezen inguruan Kolonbian egin duten El Comandante telesaila?
Guk ere parte hartze txiki bat izan genuen. Agian, Chavezen bizitzari buruzko begirada goiztiarregia izan da. Apustu desberdin bat izan da, eta asko errespetatzen ditut lan hori egin dutenak.
Venezuelan ez dute estreinatu, ezta?
Ez, Venezuelan dena dago mugatua. Interneterako sarbidea txikia da herritarren artean: soilik herritarren %5ek dute aukera bideoak eta telesailak deskargatzeko.