kirola
IRAITZ ARROSPIDE
«Lanak ditut egin dudana sinesteko»
Unai Ugartemendia
Munduko txapeldun zara. Hitz handiak dira horiek.
Bai, oraindik ere lanak ditut hori sinesten. Kostako zait dena barneratzea, baina badakit lortutakoa betirako hor geldituko dela.
Lasterketa amaitzean esan zenuen amets batean zeundela. Esnatzean zertaz konturatu zara?
Konturatzen ari naiz lortutakoa handia izan dela, eta betirako nirea izango dela. Beti denborekin amesten dugu maratoilariok, eta denborak beti hobetzen saiatzen gara urteekin, baina horrelako txapelketak ezberdinak dira.
Txapelketetan, denborak bigarren mailan gelditzen dira; garrantzitsuena lehen hiruetan sartzea izaten da.
Hala da. Txapelketen historia begiratzean, denak txapeldunaz gogoratzen dira, eta, ondoren, bigarrenaz eta hirugarrenaz. Azkenean hori da gelditzen dena.
Zein izan zen lasterketarako zure planteamendua?
Aurretik esana nuen denborak ez zuela inolako garrantzirik. Txapelketetan, denon helburua irabaztea izan ohi da. Oso gorputzaldi ona nuela banekien, eta aurrean egon nintekeela ere bai, baina aurkariek ere korri egiten dute. Aurrean egon nahi nuen, eta banekien amaieran ondo sentituz gero aukerak izango nituela aurrera egiteko. Hori izan zen estrategia, eta, nahiz eta bidean zehar arazo batzuk izan, pentsatu bezala irten zen dena. Bukaeran indartsu sentitu nintzen, eta, nahiz eta asko sufritu nuen, irabazi egin nuen.
Urdaileko arazoekin ibili zinen. Hala da?
Bai, azken bi maratoietan bezala, arazoak izan nituen urdailean. Hori zen nire beldur nagusia. Fisikoki oso ondo nengoenez, horren beldurra nuen. Gauza bakarra eskatzen nuen: urdailak lanak ez ematea. Lehen hamar kilometroak osatzerako, lehen abisua eman zidan urdailak, eta oso deseroso aritu nintzen. Lasterketaren hiru laurdenak oso kontzentratuta pasatu nituen urdailarekin. Asko sufritu nuen arren, amaieran arazoak desagertuz joan ziren. Eta horrek asko lagundu zidan amaieran korrika azkar egiteko.
Asier Cuevas laguna ere han zen lehiatzen. Esperientzia handia izanik, aholkurik eman al zizun?
Nirekin esperantza handiak zituen, eta lasai irteteko esan zidan. Amaierara ondo iritsiz gero bazekiela aukera asko izango nituela irabazteko, eta asmatu egin zuen. Lasterketan zehar askotan gurutzatzen ginen, eta aldiro animoak ematen zizkidan. Azken itzulian, gelditu eta dena egin zen azken bultzada emateko. Oso berezia izan zen niretzat.
Bada norbait halako lasterketa luzeetan.
Bai, izugarria da. Bere ibilbidearen amaierara iristen ari da, eta berak ere sentitzen du lekukoa pasatzen ari zaidala. Bientzat oso berezia izaten ari da hau dena. Lasterketaren amaieran oso hunkituta zegoen. Bi belaunaldi ezberdinetako bi korrikalari, garai ezberdinetakoak, bataren hasiera eta bestearen amaiera leku berean eta txapelketa handi batean elkartzea, izugarria izan da.
Maratoi distantzian, eta txapelketetan gehiago, irautea izaten da garrantzitsuena. Azkenean, minutu eta erdiren tartea besterik ez zenuten izan lehen hirurek. Horren estua izan zen lehia?
Bai, nik banekien inork ez zuela hasieratik alde egingo. Oso lasterketa luzea da, eta denok badakigu azken kilometroetara indartsu iritsi behar dela. Oraindik ere denbora asko dago azkeneko hamar kilometroetan korrika egiteko, eta denbora ateratzeko. Nik argi neukan horrela jokatu behar nuela. Azken minutuetan korrika asko egin behar izan nuen aurkariak atzean uzteko.
Zu maratoi erdiko eta maratoiko distantzian ibilitakoa zara. Alde handia nabaritu al duzu 50 kilometrokoarekin alderatuta?
Ez da erraza konparazioa egitea. Maratoietan, nire helburu nagusia beti denbora on bat lortzea izan ohi da. Hori lortzeko, hasieratik oso erritmo bizian joan behar izaten dut, eta askotan erritmotik pasatu ere egin izan naiz. 50 kilometrokoan, ordea, erritmo motelagoan ibili ginen, eta, nahiz eta distantzia luzeagoa izan, maratoi bat baino laburragoa egin zitzaidan. Oso erritmo azkarrean ez hasteak mesede egin zidan.
Gero eta gutxiago falta da Behobia-Donostia zure lasterketa joka dadin. Bitan gertu egon eta gero, irabaztea izango al da helburu nagusia?
Ondo errekuperatu behar dut lehenik, hori izango baita gakoa. Atsedenarekin asmatzen badut, Behobia-Donostia izango da hurrengo helburua. Sasoi betean iritsi nahiko nuke. Azken urteetan hirugarren eta bigarren amaitu dut, eta jendeak jada irabaztea eskatzen dit. Hala ere, kontuan hartu behar da beti aurkari bikainak egon ohi direla eta oso zaila izaten dela irabaztea. Nahiz eta txapelketa handi bat ez izan, nire ametsetako bat da egunen batean Behobia-Donostia irabaztea. Aurten ere saiatuko naiz.
Behobia-Donostia eta gero, maratoia egiten duzu urtero. Non ariko zara aurten: Donostian ala Valentzian?
Oraingoz, Valentzian ariko naiz. Asko gustatuko litzaidake berriro Donostian lehiatzea, eta baliteke 2020an han izatea, baina aurten, ondo bidean, Valentzian ariko naiz. Errekuperazioaren barruan egongo da bertan izatea, eta, gainera, oso maratoi ona egin beharra daukat. Hori egiteko aukerarik ez dudala ikusten badut, agian, otsailean jokatuko den Sevillako maratoira begira jarriko naiz.
Handia izango zen urtea borobiltzeko maratoiko zure marka onena (2.13.23) jaistea, ezta?
Helburu nagusia hori da, marka jaistea. Olinpiar Jokoetan egoteko 2.11.30 eskatzen dute, eta, nahiz eta oso zaila izan, saiatuko naiz lortzen. Lortzen ez badut ere, uste dut oso urte ona egin dudala, eta oso pozik nago lortutakoarekin.
Olinpiar Jokoak aipatu dituzu. Bertan egotea da ametsa?
Amets guztietan handiena hori da: Tokion egotea. Edozein kirolariren ametsa da hori, eta nirea ere bai. Halere, oinak lurrean izan behar ditut. Orain bi urte utopia bat zen hori pentsatzea, baina orain helburu bihurtu da. Egun, ez dut nire burua aukerekin ikusten han egoteko, baina akuilu ederra da gogor lan egiteko. Ez badut lortzen, ez da ezer gertatuko.