iritzia
Minutuko ordu bat
Maddi Ane Txoperena Iribarren
Jaenera bidean ortziral batez abiatu ginen horietako batengana, 18:00ak aldera, etxetik. Badaramatza 11 urte. Altsasun 20:30ak aldera Mirentxinen furgonetan sartu, Boceguillasen afaldu, eta 04:00etarako espetxe ondoko hotelean ginen; furgonetak Almeriaraino joan behar zuen. Goiza esperoan pasatuta, arratsaldean barnera, ordu erdiko itxaronaldia eta 40 minutu kristalaren aitzinean, hari batetik solasean. Ez zaizkit gustatzen zenbakiak, baina kalkuluak atera nituen goizaldeko 03:00etarako etxeratzeko egin genuen bueltarako bidaian: bat eta bertze guztira 33 ordu bidean, eta prestaketak eta ondoreneko atsedenaldiak kontuan hartu behar izanez gero, azkenean, solas-minutu bakoitzeko ordu bat errepidean.
248, gehi bider bina guraso bataz bertze, 744 dira. Gehi bota batez bertze ume bana, 992. Bakoitzari guti jota hogei bat lagun min bisitan joaten zaizkienak, 5.952. Kontatu izeba-osabak, bikotekideak, aitatxi-amatxiak, lehengusuak, eta 10.912. Eta guti jota ari naiz. Zenbat dira? Anitz? Guti?
Matematiketan galdu naiz akaso; galtzeko modukoa da. Baina ez zaizkit gustatzen zenbakiak, ezkutatzen baitute gibelean dutena: sentimenduak, hitzak, bizipenak, pozak eta 248 eta 10.912 hauen kasuan, sufrimenduak. Ez dakit anitz diren, edo guti. Lehen baino gutiago agian, baina beti gehiegi. Eta ez daitezela izan 47 gehiago.