astekaria 2016/02/12
arrowItzuli

gizartea

Eskoletan jaten ematen duten 8 enpresari 18,4 milioiren isuna jarri diete

Jon Rejado

Eskoletan jaten ematen duten 8 enpresari 18,4 milioiren isuna jarri diete

Zortzi enpresak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoen catering zerbitzuak banatu zituzten, era adostuan. Lehiaren Euskal Agintaritzak frogatutzat jo du legearen aurkako jokabide hori izan zutela. Jardun hori hamar ikasturtez egin zutela ebatzi du, 2003-2011 eta 2013-2015 bitartean. Enpresa bakoitzaren isuna zehaztu du erakundeak: guztira 18,4 milioi ordaindu beharko dituzte zortzi enpresa horiek.

Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoen jantokiak hornitzeko lan eskaintza bi ataletan egin zuen, 2003 eta 2014 bitartean. Eskaintza hark bi fase izan zituen: lehenengoan, zerbitzua emateko gaitasuna egiaztatu behar zuten; bigarrenean, kontratua eskuratzen saiatu behar zuten. Ikastetxeak sailka antolatuta zeuden, kokapen geografikoaren arabera. Hortaz, bigarren fasera heldutako enpresek sail horiei zerbitzua emateko lehiatu behar zuten elkarren artean. Ordea, Lehiaren Euskal Agintaritzaren arabera, ez zen lehiarik egon.

Zigortutako enpresak lehen fasea gainditu zuten bakarrak ziren. Hori baliatuta, ikastetxe sailak elkarren artean banatzeko sistema bat abiarazi zuten. Eskaintza publikoaren bigarren fasean eskaintzak «adosten» zituzten, eskola sorten zerbitzuak elkarren artean banatzeko: «Ikastetxe sail berean jantokiko zerbitzua ematea ahalbidetu zien, eta, adostasun horri esker, prezio garestitua ezarri zuten».

Lehiaren Euskal Agintaritzak «oso larritzat» jo du jokabide hori. Lan eskaintza publikoetan egindako «aldaketa sofistikatuei» esker, enpresek «aparteko» irabaziak izan zituzten, interes orokorraren kalterako. Gaineratu du euskal gizartean eragin «oso handia» izan duela jokabide horrek; batetik, gizartearen atal handi batean eragiten duelako, eta, bestetik, Jaurlaritzak finantzatutako zerbitzua delako. Hain zuzen ere, zerbitzua bi modutan ordaintzen du administrazioak: enpresei zuzenean ordainduta, eta ikasleei emandako jantokirako laguntzen bidez.

Atzo jakinarazitako ebazpena 2013ko urrian jarritako salaketa baten emaitza da: Aibak enpresak «merkatuaren legez kontrako banaketa» leporatu zien zenbait enpresari.

Isunari helegitea

Lehiaren Euskal Agintaritzaren ebazpenak zenbait enpresaren erantzun azkarra izan du. Ausolan taldeko hiru enpresek —Auzo Lagun, Magui Sukalde Zentrala eta Goñi Sukalde Zentralak— argudiatu dute legea «erabat» errespetatu dutela; horregatik, isunaren aurkako helegitea aurkeztuko dute. «Inoiz ez dugu egin lehiaren kontrakotzat edo horren murriztailetzat jo daitekeen ekintzarik». Areago, gaineratu dute ez dutela jakin beste enpresek halakorik egin dutenik.

Haien zerbitzuak Eusko Jaurlaritzak kontratatzen dituztela oroitarazi dute; horrenbestez, administrazioaren «homologazio, tutoretza eta prozesu publiko zorrotzak» gainditu behar dituztela erantsi dute. «Eskaini ditugun prezioak merkatuaren errealitatera egokitu dira». Horregatik, atzo jakinarazitako isunak enpresen eta «sukaldaritzaren sektore osoaren» ospeari «kalte konponezina» egin diola azaldu dute hiru enpresek.

Azkenik, argudiatu dute lehiakide zuzen batek egin zuela 18 milioiren isuna ekarri duen salaketa. Aibak enpresak salaketan baliatutako datuak «egiaztatu gabekoak» direla adierazi dute: «Salaketaren oinarrian dauden datuak ezin dira egiaztatu». Are gehiago, hiru enpresek kritikatu dute Aibak-ek auzitegian lortu nahi izatea eskaintza publikoetan lortu ez duena.

Lanean jarrai dezakete

Eusko Jaurlaritzak lehentasun bat finkatu du Lehiaren Euskal Agintaritzaren ebazpena ikusita: ondorioak ez daitezela jantokietara heldu. Josu Erkoreka Jaurlaritzaren eledunak azaldu du zigortutako enpresek aukera dutela lanean jarraitzeko; araudiak ez die hori egitea ukatzen, eta lan egiteko gaitasuna mantentzen dute. Hortaz, lanean segitzeko aukera izango dutela iragarri du, baldin eta zigorraren zenbatekoak haien jarduera eragozten ez badie.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak «larritzat» jo du gertatutakoa. Nolanahi ere, nabarmendu du enpresen jokabideak ez duela familiengan eraginik izan. Hots, sendiek aurrez zehaztutako kuota bat ordaindu izan dute urte horietan guztietan; enpresekin hitzartutako prezioarekin zerikusirik ez zuen kuota, sailburuak azaldutakoaren arabera.

Bestetik, Uriartek gaineratu du iaz egokitu zituztela catering zerbitzuak kontratatzeko irizpideak, «berme handiagoak» izateko. Aldaketa horrek, 7 milioi euro aurrezteko bidea eman duela azaldu du, «zerbitzuan eragin gabe». Ikertutako epean, Hezkuntza Sailak 854 milioi euro bideratu zituen eskola jangeletako zerbitzura.

BERRIAn argitaratua (2016/02/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA