kultura
«Ni baino askoz gehiago aldatu da mundua»
Amagoia Gurrutxaga Uranga
DUELA 50 URTE
Garai bateko gure pobrezia kulturalak bazituen bere alde onak ere. Agitaziorako askatasuna zen bat; hau da, edonork egin zezakeen edozer dena egiteko zegoelako. Eta ezer ez zegoenez, ia inork ezin zezakeen esan gaizki ari zinenik. Dena zen ongi etorria, dena eskertzen zen. Idazle izatearena burutik pasatu ere ez zitzaidan egiten orduan. Idazle izatea gauza handi bat da, izan ere. Zeruko Argia-n eta antzerkian ere banenbilen, ni naizen lotsatiarekin. Ahalegintzen ginen amua botatzen inguruan, antzerkian has zitezen, baina inork ez zuen nahi. [Gabriel] Aresti garai hartan ezagutu nuen. Asko maite nuen, eta asko-asko maite ninduen, nahiz eta nire gauza batzuk ez zitzaizkion gustatzen. Hura komunista zen. Bilboko auzo langileetan ibiltzen zen, baina ez zen bulegari soil bat, esan ohi zuen bezala. Peritu merkantila zen, eta garai haietan hori bazen zerbait. Beste edozein, lan horretan, burgestzat joko litzateke. Ni, berriz, ñoñostiar pijo bat-edo nintzen haren begietara.
Hori ahaztu da, baina denak Donostiara etortzen ziren orduan. Hau pil-pilean zegoen kulturalki. Egiten genuen dena zen oso dibertigarria. Sakrifiziorik ez, ez dut halakorik saldu nahi. Ni ez naiz euskararen alde borrokatu. Garai hartan, ordea, nobela bat idazteak zentzua zuen, ez nuelako ikusten nire estiloko pertsonaiarik hemengo literaturan. Egunero hasten delako euskararen alde idatzi nuen, baina, batez ere, euskaraz ekarpen hori egitea posible zela ikusten nuelako.
ATZERRIA
Garai hartan, eskolan-eta, nire abizena ez zuen inork esaten ondo, eta, egun batean, sekreta bat etorri eta primeran esan zidan. Kontrolatuta zaudela konturatzea... Hori da diktadura: beldurra sentitzea. Eta beldurrak mixerable bihurtzen zaitu hainbeste egoeratan... Halakoak ziren garaiak ikastera joan nintzenean. 22 urterekin edo. Eta nire bi shock-ak, Europako beste gizarte batera joan nintzenean, emakumeei lotuak dira. Lehenak, ni nerabe nintzela ezagutu nuen kontu bat gogorarazi zidan: kostako herri batean neska batek bere buruaz beste egin zuen, haurdun zegoelako, eta, handik urte batzuetara, Suitzako kantoi katoliko batera ikastera joan eta epeetan sartuz gero eta kasuaren arabera abortua baimentzen zutela ikusita, izugarri harritu nintzen.
Hori, nire lehen shock-a. Bigarrena, emakume helduak Genevan zeinen ederrak ziren ikusteak eragin zidan. Hemen, 45 urteetatik aurrera emakumeak beltzez janzten ziren, izan ere, eta han... Horregatik, atzerrian bakarrik koka zitekeen nire lehen nobela. Idatzi ahal izan nuen han nengoelako. Abortuaren gaia landua zegoen gure inguruko literaturetan -urte batzuk lehenago, esaterako, Martin Santosek Tiempo de silencio atera zuen-, baina, normalean, oso modu tragikoan heltzen zitzaion, eta hori agertzea zen nire ideia: egoera eta zirkunstantzia batzuetan hain tragikoa zen kontu bat, beste egoera eta zirkunstantzia batzuetan, berez tragedia bat ez den beste zerbait bihur daitekeela. Ez diot neure buruari meriturik eman nahi, baina nire kontestuan ez zen aurreikusgarriena nobela hala planteatzea. Ez naiz lotsatzen hor agertzen den emakumearen trataeraz. Hasieratik nuen argi neskak hori egingo zuela; arazoa bere gain hartzea eta aurrera bakarrik egitea erabakiko zuela. Zalantzak izan nituen mutila hor tartean sartu ala ez. Iruditzen zait gizonaren ahulezia, koldarkeria eta ankerkeria ere azaltzen ditudala.
LUR
Nik dakidana da Gabriel Aresti hasi zela Kriselu zigiluarekin argitaratzen, Bilbon, eta arazo ekonomikoak-edo zituela. Enrike Villarrek oso harreman ona zuen Arestirekin. Villar eta Luis Nuñez PCtik [Alderdi Komunista] pasatutakoak ziren. Horko jende batek alderdia utzi zuen Txekoslovakiako kontuak gertatu zirenean, eta abertzaletzen-edo hasi ziren. Arestik ere bazuen komunista joera hori. Ibon [Sarasola], Arantxa [Urretabizkaia] eta ni, berriz, ez ginen halakoak.
Elsa Scheelen-en tirada osoaren eta beste lanen baten truke eman nahi zitzaion Arestiri nik Bilboraino eraman ez nuen auto hori. Eta autoa ez zenez iritsi haren eskuetara -neu nintzen gidari; istripua izan genuen bidean, eta Rikardo [Arregi] laguna hil zen-, ez dakit zer egin zuten, baina zerbait bai. Baina ez zidaten esan zer. Pentsatzen dut, ni errudun ez sentiarazteko. Halaxe hasi zen Lur. Ehunka harpidedun izatera heldu zen. Hor ere garrantzitsua izan zen Villar. Kanpaina moduan, gutunak bidaltzen zituen, bidalitako 100 gutunetatik hainbestek erantzun egiten zuelako. Hala, euskararen alde zegoen jendea harpidetu egin zen. Haren etxeko azpialdean genuen egoitza.
Inor ez zen aberastu liburuak argitaratzen. Harpidedunei argitaletxeko diru kontu guztien azalpen bat bidaltzen genien; hor jendeak ez zuen ezer kobratzen. Gehienez jota ere, Enrikek diru bat jarriko zuen, baina gehiegi ez. Berdintzen genuen zorra. Villa Zutik-eko egoitzara joan, ardo bat edan eta paketeak egiten egoten ginen. Asko disfrutatu nuen. Beti ez, egia da. Halako batean, han gaudela, badator Arantxa [Urretabizkaia] testu batekin, zeinetan Arestik ukatzen zuen euskal proletargoa existitzen denik. Testu hori Kaniko eta Belxitina-ren solapan argitaratu nahi zuen Arestik. Garai hartan españolistak ginen askorentzat, eta oso gaizki zetorkigun hura. Pasarte hura kentzea zen aukera bakarra. Ni maite ninduenez, Arestiri neuk deitzeko eskatu zidaten. Hala, deitu, eta hura ezin zela argitaratu esan nion. Kentzeko esan zidan, baina nire ardurapean. Kendu genuen. Hor zerbait eten zen, ez dakit nola esan. Lur-en bukaera? Ariketa bat egin dut Arantxarekin eta Ibonekin [Sarasola]. Elkar galdetu diogu, eta ez dakigu. Hor lan asko egiten zuen Villarrek, kudeaketan eta. Uste dut aspertu egin zela. Eta guk ikusi genuen beste batzuk hasi zirela argitaratzen, eta geure bidea hartu genuen. Ez zen haserre edo krisialdi agerikorik izan.
ORAINALDIA
Ez dakit nola bizi dudan Egunero hasten delako-ren urteurrena, baina ez dit asko esaten. Neure buruari esaten diot 24 urte nituela idatzi nuenean, eta, bueno, barkatzen diot. Literaturan orainaldian nago oso. Gehiago arduratzen nau oraintxe bertan esku artean daukadanak. Egunero idazten dut. Askotan, paragrafo bakarrak goiz osoa hartzen dit. Nekatu egiten naiz. Ez da sintaxi kontua. Mende erdian literaturarekiko eta bizitzarekiko ikuspegia asko aldatu ote zaidan? Mundua aldatu da. Ikaragarri. Ni baino askoz gehiago aldatu da mundua. Topikoraino izan naiz berrizale. Gehiegi ere bai. Oraindik ere, forma asko inporta zait nobelagintzan, baina ez egituran edo forma nabarian ikusteko moduan, garai batean beste; detaileetan inporta dit formak, asko. Asko aldatu dira gauzak. Lourdes Oñederrak esan zuen unibertsitatean [Koldo] Mitxelenarekin eta biokin pertsona bezala tratatua sentitu zela, eta asko eskertu nion. Arantxa Urretabizkaiari eskertu nion bezala esan izana Lur-en sekula ez zela gutxietsia sentitu. Sedukzio jolasa ere hor egonik -beharbada, horregatik zitzaidan erakargarriagoa baita ere emakumeekin ibiltzea-, egia da emakumeak gure inguruan ez zirela gaizki tratatuak-edo sentitzen. Orain kontziente naiz gizon izatean -orduan ez nuen arazorik gizon izateko- hanka sar dezakedala eta tentuz ibili behar dudala. Orain sentitzen naiz deseroso, nolabait esatearren. Nobela bat eduki dut hor, pare bat urte edo, argitaratu gabe. Miren eta erromantizismoa du izena. Neska nerabe bat du protagonista, berriz ere. Gauza batzuk kontatzeko ikuspegi interesgarriena, oraindik ere, neskarena iruditzen zaidalako. Uste dut argitaratuko dudala.
Bihar: Emakumea protagonista nagusi, emakumea idazle.