iritzia
Erabakiak
Saioa Alkaiza Guallar
«Ez-dakit jendea» terminoarekin bataiatu gintuen Kattalin Minerrek Nola heldu naiz ni honaino liburuan. «Zer egin nahi duzu?» galdetuta, «Ez dakit» erantzuten duen jende klase hori, «Zer hartuko duzu?» esanda, «Berdin dit» dioena. Jende tipo hori. Badakizue. Dena dela, estrategiak garatu ditut egunerokotasunaren dudei aurre egiteko: tabernan, ia beti gauza bera eskatzen dut; izozki dendan nirekin dagoenak hartzen duen zapore bera eskatzen dut, inbidiarik ez pasatzeko; filmak hautatzeko, Interneteko puntuazioari egiten diot kasu.
«Noraezean ibili ondoren erabaki zuen amore ematea» idatzi zuen Lander Garrok Kontrarioa-n. Batzuetan, jasangarriak izango zaizkidan egoera horien aldeko amore emate txikiak dira erabakiak: koherentzia ideologikoari egindako traiziotxoak; koherentzia bezain eraikiak diren erraiei emandako lizentzia. Alegia, saiatzen naizela hautuak erabakitik izan dezan harakiritik baino gehiago. Bitartean, Pako Aristiren Erabakia olerkiak utzitako tatuajea daramat azaleko zalantzan, tatuatuak daramatzat erabakiak eta erabakien ezbaiak: «Erabaki bat/ eta hiru umeren aita/ inoiz maiteko ez duzun pisuan. […] Erabaki bat/ eta Himalaian hilotz,/izotzaren irribarre basatia/ zure aurpegi zurian. […] Erabaki bat/ eta beste ez-erabaki baten/ higadurak erreko dizkizu erraiak».
Batzuetan, dena dela, alferrik da erabakitzea, eta kitto, eta horrela uzten dut, gauzak gertatu egiten baitira; adibidez, zutabeetan nire buruari buruz hitz egingo ez nuela erabaki nuen, baina hemen nago.