astekaria 2019/08/30
arrowItzuli

politika

Herri txikiak berpizteko, elkarlana

Edurne Begiristain

Herri txikiak berpizteko, elkarlana

Kezka batetik abiatuta elkartu dira: Arabako herri txikiak gero eta hustuago daude, elkarren arteko loturak «hilzorian», eta biztanleria pixkanaka zahartzen ari da. Arabako herri txikietako hainbat gaztek asanblada bat eratu dute aspaldian duten «hutsunea» betetzeko. Herri txikietako biztanleen galerari aurre egiteko eta horietako gazteriaren beharrei irtenbidea emateko batu dira. Finean, Arabako herri txikiak «berpizteko» antolatu dira. Horixe da Herri Txikiak Bat izenarekin eratu duten asanbladaren xede nagusia, Andrea Argote kideak BERRIAri azaldu dioenez.

Duela urte erdi inguru erein zuten asanbladaren lehen hazia. Arabako herrien egoeraren eta horietako gazteriaren etorkizunaren gainean zituzten kezkez hitz egiteko lehen bilera egin zuten Buradon Gatzaga, Argantzun, Bernedo, Urizaharra eta Zanbranako hainbat gaztek, eta orduan erabaki zuten taldea martxan jartzea. Aurreneko bilera horretan, herri txikietako «gabeziei» aurre egitea funtsezkotzat jo zuten, Argotek azaldu duenez: «Argi genuen Arabako herri txikien arteko lotura bat beharrezkoa zela, gazteon arteko batasuna eta elkar ezagutza behar genituela, eta, noski, euskara sustatu behar genuela».

Hasierako talde hari segituan batu zitzaizkion Trebiñuko, Korresko eta Markinezko gazteak. Guztira, zortzi herrik bat egin dute asanbladarekin, baina askoz gehiago izatea nahi dute. Hala, euren aldarrikapenekin bat egitera dei egin diete Arabako beste herri txikietako gazteei.

Lautik hiru, hiriburuan

Asanblada eratu duten gazteek ongi dakite zein nekeza den Arabako herri txikietan bizitzea: herrien laurdenek hogei biztanle baino gutxiago dituzte, eta etengabea da biztanleen galera. Badakite kezkagarria dela oso Arabako herri txiki askoren egoera biztanleriaren bilakaerari dagokienez.

Azken hamar urteetan, biztanle kopurua murriztu egin da herri txiki gehienetan, eta hainbat herritako panorama muturrekoa da. Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak emandako azken datuek erakusten dute hainbat herrik egiturazko arazoak dituztela biztanleriari eusteko: Haranak biztanleen %26,4 galdu ditu hamar urtean, Bernedok %13,1, Villabuenak %5,7, Urizaharrak %5,2, Lagranek %16,8 eta Lapoblacionek %22,2. Kopuru horiek erakusten dute herri askotatik gazteak joan egin direla, eta gainbehera demografikoa kezkagarria dela.

Euskal Herriko biztanleriaren %80tik gora hiriburu eta eremu urbanoetan bizi da, eta Araba da, alde horretatik, lurraldeen artean hiriaren eta landaren arteko desorekarik argiena duena: biztanleen %75 hiriburuan bizi da, lurraldearen %8,5ean. Alegia, lau arabarretik hiru hiriburuan bizi dira. Gasteizen biltzen dira zerbitzu eta jarduera ekonomiko nagusiak, eta horrek hiriburuaren eta gainontzeko eskualdeen arteko desorekak areagotu ditu. Arazo horrekin ere kezkatuta daudela dio Argotek: «Herri txikietan zerbitzu publikoak eskasak dira, eta herritar asko hiriburura joaten dira bizitzera. Enplegua lortzea ere arazo bilakatu da, eta lan aukerak gero eta urriagoak dira landa eremuan».

Horiek hala, herri txikietan gazteek apenas aurkitzen dituzten aukerak aisaldiaz gozatzeko. Gabezia horretaz ere hausnartu dute asanbladan batu direnek. «Aisialdi eredu ezberdin batera ohitu gara, eta, horren bila, hiriburura jotzen dugu, herrian ez baitugu ia aukerarik topatzen».

Gazteria herrietara erakartzeko eta bertan gera dadin animatzeko lan egiteko prest daude Herri Txikiak Bat taldekoak. Egun dagoen «hutsunea» bete nahi dute: «Gure hitza entzutea eta herrian hartzen diren erabakietan esku hartzeko aukera izatea nahi dugu». Herrietan euskara sustatzeko konpromisoa ere hartu dute asanbladakoek.

Aldarrikapen eguna

Datorren urriaren 12an euren aldarrikapenak ezagutarazteko ekinaldia ezarri dute. Egun horretan, herri txikien eguna ospatuko dute Argantzunen, egun osoz. Hego Euskal Herrian Hispanitatearen Eguna ospatzen da urriaren 12an, eta, beraz, sinbolikoa da oso jaia ospatzeko aukeratutako eguna. Arabako herri txikien egoera ezagutarazteaz gain, Hispanitateari aurre egiteko festa izatea ere nahi dute. Hala azaldu dute euren burua ezagutarazteko kaleratutako oharrean: «Espainiako Estatuak bere inperioaren gorakada ospatzen duen egunean, gure herri txikien eguna antolatuko dugu». Egun osoko egitaraua prestatzen ari dira: besteak beste, triki-poteoa, herri bazkaria, herrien arteko olinpiadak eta pintxo solidarioa izango dira. Argantzungo Udalaren laguntza izango dute jaia antolatzeko.

Urtero, Arabako herri txiki batean antolatu nahi dute jaia, eta, horretarako, gazte gehiagoren engaiamendua eta parte hartzea behar dute. «Kateak jarraipen bat izan nahi badu, gazte gehiagoren konpromisoa, lana, gogoa eta maitasuna behar ditugu», nabarmendu du Argotek.

BERRIAn argitaratua (2019/08/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA