astekaria 2019/08/30
arrowItzuli

gizartea

Euskaraz haragoko arazoak

Iñaki Martinez Azpiroz Mikel P. Ansa

Euskaraz haragoko arazoak

Ez dago soberako plazarik Iruñeko Udalaren haur eskoletako eskaintza orokorrean. Hala frogatzen dute maiatzeko haur eskoletako aurrematrikulazioan bildutako datuek. Hizkuntza eredu guztietan, eskainitako lekuen gehiengo handia bete da: %85,9 euskarazko ereduan, %90,4 gaztelaniazkoan, eta %87,6 gaztelania eta ingelesa uztartzen dituen ereduan. Iruñeko haur eskoletako datuen arabera, beraz, ez dago ezberdintasun nabarmenik hizkuntza ereduen artean. Abuztuaren 19an, Enrique Maia Iruñeko alkateak esan zuen euskarazko ereduaren eskaintza puztuta zegoela, eta iragarri zuen hurrengo ikasturtean aldatzeko urratsak hasiko dituela. Datuek erakusten dute, ordea, hizkuntza ez dela haur eskolen okupazioa baldintzatzen duen aldagai erabakigarri eta bakarra. Nafarroako Gobernuak 2017an egindako inkesta baten arabera, herritarren %82k uste dute familiaren bizilekutik edo laneko lekutik gertu egotea dela haur eskola aukeratzerakoan gehien baloratzen den ezaugarria.



Udalak ez du aurtengo matrikulazio datu xehaturik eman. Esan du 0 eta 3 urte arteko 900 haur inguruk hasi dutela ikasturtea haur eskoletan, baina ez du esplikatu zein eredutan eta nola. Azken datu xehatuak aurrematrikulazioarenak dira. Horien arabera, eskola gehienetan eskaria handiagoa izan da eskaintza baino. Matrikula egin zuten hamar familiatik lau lekurik gabe gelditu dira. Bost eskolatan, libre geratu diren lekuak nabarmentzen dira. Txantrea auzoan daude eskola horietatik hiru; bakoitzak hizkuntza eredu bat du, eta hiruretan izan dira lekuak libre. Eskaintza auzo batzuetan pilatuegi dagoela erakusten du horrek. Bestetik, haur eskolek eskainitako 50 bat leku bete gabe gelditu dira.

Egun osoko lekurik ez

Beste datu esanguratsu bat bada: eskari handiagoa izan dute egun osoko zaintza ematen duten eskolek, egun erdikoa eskaintzen dutenek baino. Arrotxapea auzoko Goiz Eder eskolan, adibidez, egun osoko lekuak bete egin dira, eta egun erdikoetan, aldiz, hamabi leku geratu dira libre. Alde horretatik, nabarmena da eskaintzaren eta eskariaren arteko zuloetako bat non dagoen Iruñeko Udalaren haur eskoletan: aurrematrikulazio datuetan, egun osoko zerbitzua eskatu zutenen %43,2k ez dute lortu haurrarentzat lekurik; egun erdiko zerbitzua eskatu zutenetatik, %5,1 izan dira lekurik gabe gelditu direnak. Datu horrek erakusten du familiek egun osoko zerbitzua eskatzen dutela, eta hori ez datorrela bat haur eskola askoren eskaintzarekin. Egun erdiko lekuen %24 gelditu dira bete gabe eskoletan.

Hizkuntza ereduari buruzkoaz besteko erronkarik badu udalak, beraz. Euskarazko lekuen %14,1 gelditu dira bete gabe, gaztelaniazko lekuen %9,6, eta mistokoen %11. Eskarietan ordea, badira aldeak, gaztelaniazko lekuen eskaria handiagoa baita, eta zailagoa baita hor leku bat lortzea. Euskarazko zerbitzua eskatu zuten familien laurdenak geratu dira lekurik gabe; aldiz, gaztelaniazko zerbitzua eskatu zutenen erdiak gelditu dira umea eskolara eramateko lekurik gabe; zerbitzua ingelesez eta gaztelaniaz, eredu mistoan eskatu dutenetatik, %38 gelditu dira lekurik gabe. Maiak berak, joan den astean iragarri zuenean haur eskoletako ereduak berrikusiko dituela, aurreratu zuen faltan botatzen dituela eredu misto gehiago, adibidez euskara eta gaztelania edo euskara eta ingelesa eskainiko dutenak. Ikasturteari hasiera emateko ere, Hello eskoletako bat aukeratu zuen.

Eskaintza txikiagoa zenean

Iruñeko haur eskolek hiru hamarkada baino gehiago daramatzate lanean. Ireki zituztenean, erreferentzia izan ziren, baina aldaketa gutxi izan dituzte urte askoan. Hizkuntza ereduen eskaintzari erreparatuz, euskarazko eskaintza %10ekoa izan zen hasieratik; 2015ean, berdin zirauen. «30 urtez ez ziren handitu euskarazko lekuak, nahiz eta Iruñean euskaldunak ugaritu», azaldu du Maider Belokik; EH Bilduko zinegotzia da Iruñean, eta aurreko udal gobernuko Hezkuntza zinegotzia izan zen. Gainera, euskarazko eskaintza guztia bi eskolatan zegoen bildua; biak Txantrean zeuden.

2016an, udalak beste bi haur eskoletan ezarri zuen euskarazko eredua, eta eskaintza %27ra igo zuen. Belokiren arabera, euskaraz eskola gehiago ezartzearen arrazoia ez zen soilik eskaintza handitzea; hiriko eremuen artean hizkuntzen oreka bat ere bilatu nahi zuten. Txantrea iparraldeko auzoa da; hegoaldean, beraz, ez zegoen euskarazko lekurik: «Hamarkada hauetan, ehunka familiak bidaia egin behar izan dute egunero euren haurrek euskaraz ikas zezaten», salatu du Belokik.

Iruñeko Udalak lau haur eskola ditu euskaraz: Txantrean bakarra dago orain, beste bat Arrotxapean, bat Donibanen eta bat Arrosadian. Azken bi horiekin, Iruñeko Udalak euskarazko eredua zabaldu zuen hiriko erdialdera eta hegoaldera. Bestalde, gaztelania hutsekoak edo gaztelania eta ingelesa nahasten dituztenak zazpi eskola dira. Nafarroako Gobernuak beste bost haur eskola kudeatzen ditu; horietatik bik dute euskarazko eskaintza.

2016an, haur eskoletan aldaketak egitea ez ezik, ikerketa soziologiko bat eskatu zuen Iruñeko Udalak. Maider Belokiren esanetan, benetako eskaintza zein zen jakin nahi zuten: «Aldaketen oinarrian datu objektiboak egon behar dira beti». Patxi Leuza Geroa Baiko zinegotziaren iritziz, ikerketa hori garrantzitsua zen, aurreko gobernuek ez baitzuten datu errealik jakin nahi izan: «Enrique Maiaren iritzia euskararekiko duen obsesiotik eratorria da, datuek beste zerbait islatzen baitute; haren argumentuek ez dute oinarri zientifikorik».

Oposizioak, hala ere, gogor jo zuen aurreko legealdian Joseba Asironen gobernuak haur eskoletan aplikatutako hizkuntza politiken kontra. Maite Esporrin PSNko ordezkariak nahiago du iritzirik ez eman gaur egungo eskaintzari buruz, baina etorkizunera begirako ikerketa sakon bat eskatu du: «Eskaintzak benetako eskariari erantzun behar dio, eta, horretarako, etorkizuna islatuko duten datu estatistikoak behar ditugu». Esporrinen iritziz, eskaintzaz aparte, egindako oker handiena aldaketa egin zen moduan dago: «Eredu berria azkarregi ezarri nahi izan zen; horretarako, hezkuntza zikloa hasia zuten haur batzuei beren eskoletan jarraitzea ukatu zieten aurrematrikularako hamabost egun falta zirenean». Orokorrean, baina, positibotzat jo du aurreko gobernuak haur eskoletan egindako lana.

Patxi Leuzaren iritziz, aurreko agintaldiko lana eredugarria izan zen: «Estatu osoan erreferente bilakatu den plan pedagogiko berri bat eratu genuen, familiekin batera». Gainera, zortzi eskolatan segurtasun gabeziak zeudela jabetu zen gobernua, eta bi milioitik gorako berritze lanak jarri zituzten martxan. Leuzak uste du horrek islatzen duela non zeuden haur eskolen beharrak: «Maiak euskara erabili nahi du berriz ere gurasoen arteko liskarra sortzeko eta beraiek haur eskoletan izandako utzikeria ezkutatzeko».

Berrikuntzak, PSNren esku

Zernahi gisaz, aldaketa esanguratsuak egin nahi baditu, Maiak PSNren laguntza beharko du udaleko osoko bilkuran. Geroa Baik eta EH Bilduk kezka erakutsi dute, sozialistek ez baitute publikoki argi utzi zer jarrera duten gai honen inguruan. Oraingoz, muga bat jarri dute sozialistek, Esporrinen arabera: «Haur eskolen eskaintzak ez die arrazoi ideologikoei erantzun behar; eskaintza benetako eskarira egokitu beharra dago». Navarra Sumak, bestalde, uko egin dio erreportaje honetarako BERRIArekin hitz egiteari.

BERRIAn argitaratua (2019/08/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA