astekaria 2016/02/12
arrowItzuli

gizartea

Artxiboetan geratu dira susmoak

Aitor Biain

Artxiboetan geratu dira susmoak

Alarma guztiak piztu zituen. Haur lapurtuen auziak zalaparta eta zirrara eragin zuen gizartean. Erakundeen jarduna ere baldintzatu zuen, eta denbora gutxian begirada guztiak bereganatu zituen. Kasua azaleratu eta ia bost urteren ondoren, baina, orduko burrunbaren oihartzunik ez da entzuten egun. Adituak bat datoz: gehiegizko zarata atera zen. Horren isla da egungo epaitegietako egoera. Izan ere, jarritako salaketa ia guztiak artxibatu egin dira. Zehatz esanda, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan aurkeztu ziren 335 salaketetatik 307 artxibatu dira, SOS Ume Lapurtuak elkartearen datuen arabera. «Kasu gehienetan haurra hil egin zela ziurtatu ahal izan dugu. Horregatik artxibatu dira», azpimarratu du Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak.

2011n jarritako salaketa kolektibo batek eman zuen zeresana. Frankismo garaian hasi eta ondorengo urteetan ospitaleetan haur jaioberriak lapurtu zituzten sare bat izan zela salatu zuten orduan dozenaka familiek. Estatuko fiskaltzak kasua «argitu beharra» adierazi zuen. Erakundeek, bien bitartean, «babesa» eskaini zieten kaltetuei.

Hori horrela, ikerketak abiatu zituzten fiskalek, epaileek, Ertzaintzak eta euskal erakundeek. Baina ezer ez: ez zuten frogarik aurkitu, eta ezin izan zuten sarearen hipotesia egiaztatu. Salatzaileak ez datoz bat ikerketen emaitzekin; are gehiago, ez dute aski egindakoarekin, eta «babesik gabe» sentitzen direla diote. Hori dela eta, bide berriak bilatzeko nahia adierazi dute. «Behar den lekura joango gara. Ez dugu amore emango», esan du Flor Diaz SOS Ume Lapurtuak elkarteko bozeramaileak.

«Adopzio irregularrak»

Ikerketa guztiak bat datoz: haur jaioberriak lapurtu zituen sare edota talde antolaturik ez zen izan; edo, gutxienez, ez dute hori egiaztatuko lukeen frogarik aurkitu. Hala ere, uste dute litekeena dela «adopzio irregularrak» egon izana. «Legez kontrako adopzioak izan ziren; orduko legea betetzen ez zutenak. Baina ez ziren salerosketa moduan egin, garai hartako egoera sozial eta politikoaren testuinguruan baizik», azaldu du Kalparsorok.

Iritzi berekoa da Carlos Cubero Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeko zuzendaria ere. «Beharbada historian atzera egin behar dugu kontuak behar bezala ulertu eta aztertzeko». Izan ere, Cuberok gogoratu du 2007ko Memoria Historikoaren Legean aipatzen direla diktadura garaian lapurtutako haurrak, eta uste du zerikusia izan dezaketela.

Antzekoak dira Paco Etxeberria Aranzadi elkarteko auzitegi medikuaren hitzak ere. «Orain, XXI. mendean, ez dugu onartu nahi gertatutakoa emakumeek gizarte hipokrita eta zapaltzaile batean bizitako tragediaren parte izan zela. Baina ezin da iraganeko historia idatzi orainaldiko interesekin. Hau da, ez da gauza bera haurrak lapurtzea edo haurrak saltzea».

Salatzaileek, ordea, ez dute bertsio hori sinesten. «Adopzio irregularrik ez da existitzen. Hori haiek asmatu duten zerbait da. Haur bat diruaren truke aldatzea ez da legez kanpoko adopzio bat. Adopzio bat edo legezkoa da edo ez da adopzio bat. Haurrak saldu egin ziren», argudiatu du Flor Diazek.

Anaiaren bila jarraitzen du SOS Ume Lapurtuak elkarteko eledunak. Argentinan frankismoko krimenen aurkako kereilaren barruan jarri zuen salaketak aurrera egin du, eta haren ama artatu zuen medikua inputatu du Maria Servini epaileak: atxilotze eta estradizio agindua dauka. «Baina horretan dago, ez aurrera ez atzera. Espainiak ez du ezer egingo». Oso kritiko da Diaz erakundeen jardunarekin: «Hemen ez da benetako ikerketarik egin nahi. Ez dute ezer jakin nahi».

Erakundeotako kideek, ordea, euren esku egondako guztia egin dutela diote. «Iritsi garen tokira iritsi gara», berretsi du Kalparsorok. Gauza bera uste du Etxeberriak: «Egindako ikerketak ontzat eman behar dira; ez ditugu gutxietsi behar aurretiazko usteekin bat ez datozelako».

Hala ere, Cuberok uste du erakundeek «beranduegi» erreakzionatu zutela: «Uste dut antolakuntza falta nabarmena izan zela hasieratik. Ez ginen behar bezain hotzak eta serioak izan egiten ziren eskariei erantzuteko orduan». Hain zuzen, jarrera horrek «gaiaren tamainakoa ez zen klima bat» sortu zuelakoan dago. Bat dator horretan fiskal nagusia ere: «Beharbada gizartean sortu zen zarata hura ez zen benetan gertatu zenaren adinakoa izan».

Harago doa Etxeberria. «Auzia behar bezala ez azaltzearen erantzule dira komunikabideak. Beharrezkoa ez zen alarma bat piztu zen, eta horrek sendatu ezinezko mina sortu du haurra lapurtu zietela uste zuten emakumeengan».

Hobietan, desadostasunak

Egun sarearen hipotesia baztertuta dagoen arren, uste hura zabaldu zuen gertakaririk izan zen. Hilobiak irekitzeak, esaterako, sortu zuen zeresana. Hainbat desadostasun izan baitziren adituen artean, hilobietako giza arrastoen harira.

Cuberoren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hamabi hilobi ireki dira guztira bide ofizialetik, eta horietatik bostetan ez dute giza arrastorik topatu. «Berez giza arrastoek egon behar zuten lekuan ez badugu ezer aurkitu, eta desagerrarazi zezaketen faktorerik ez badago inguruan —lurra, ura...—, gure lana da esatea ez dugula ezer aurkitu. Eta kasu batzuetan hala izan da».

Ordea, Etxeberriak uste du giza arrastoak denboraren eta inguruko faktoreen eraginez desagertu zirela, baina, hala ere, berretsi du hilkutxak ez zeudela hutsik. Hala adierazi zuen Eusko Legebiltzarrean 2013ko maiatzean eginiko adierazpenetan; haren iritziak hautsak harrotu zituen —irmo adierazi zuen haurrak lapurtzeko sarerik ez zela izan—, eta salatzaileek kritikatu egin zuten, baina auzia nabarmen baretu zen haren adierazpenen ondotik. Egun ez du iritzia aldatu Etxeberriak: «Ez da gauza bera esatea hilkutxa hutsik dagoela edo giza arrastorik aurkitu ez dela. Adierazpen guztietan gauza bera esan dut: giza arrastoak degradatu arren, beti geratzen da zerbait. Geratzen dena hondakin bat da, eta interpretatzen jakin behar da».

Sei hilobitan, bai, aurkitu zituzten giza arrastoak. DNA probak ere egin zituzten. Emaitza: bat zetozen eskaera egin zuten familiakoenekin. Aztertzen jarraitzen dute azken hobia.

«Gehiago egin daiteke»

Haur lapurtuen kasua ikertzeko hartutako neurriak bat baino gehiago izan dira. Arlo politikoari dagokionez, esaterako, ikerketa batzordeak ireki zituzten aurreko legealdian bai Eusko Legebiltzarrean —guztietan lehena izan zen—, bai Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jaurlaritzak lantalde bat jarri zuen martxan.

Gauza bera egin zuten Madrilgo Diputatuen Kongresuan ere. Espainiako gobernuak, berriz, DNA banku bat sortu zuen, eta salatzaileen erregistro bat egin. Ikerketak ikerketa, baina, senideek ez dute aski: «Elkarteak ari gara ikerketen kostuak gure gain hartzen. Eta guk ez daukagu ez mediorik ez aukerarik ere horretarako».

Hori horrela, bide berriak aurkitu nahian dabiltza. Europako Parlamentura eraman zuten auzia iazko urrian, eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian ere salaketa bat jartzeko asmoa erakutsi dute. «Ate guztiak itxi arren, behar den leku guztietara joango gara».

Adituek, baina, bestelako iritzia dute. Etxeberriak eta Kalparsorok diote kasua «ia amaierara» iritsi dela, edo «amaieratik nahiko gertu» dagoela. «Amaierara arte ikertzeak esan nahi du kasuak banan-banan aztertu behar direla. Eta hori egin da», adierazi du Aranzadiko auzitegi medikuak. Ikerketei daukaten balioa eman behar zaiela uste du, eta emaitzak mahai gainean jarri. «Denok egin dezakegu gehiago. Baina, batez ere, gauzak behar bezala azaldu behar dira».

Carlos Cuberok ere zail ikusten du aurrera egitea: «Hasieratik esan genuen oso zaila izango zela kasua argitzea. Urte asko igaro dira, eta zailtasunak ugariak dira». Ikerketak ontzat ematen baditu ere, ez du kasua itxitzat jo. «Uste dut inork ez duela esan lapurretarik egon ez zenik. Kasuak juridikoki frogatu behar dira, eta hemen ez da hala egiterik lortu».

BERRIAn argitaratua (2016/02/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA