politika
WANGARI KINOTI
«Eraikuntza sozialaren parte eta puzzle izan da feminismoa»
Ander Perez Zala
ActionAid Internationaleko kide zara. Zertan aritzen zarete?
Justizia soziala ardatz duen erakunde bat gara, eta 49 herrialdetan egiten dugu lan. Finean, justizia sozialaren alde egiten dugu lan, arreta jarrita pobrezian bizi direnen giza eskubideetan. Lehentasunetako bat emakumeen eskubideak dira. Nik nazioarteko bulegoan egiten dut lan emakumeen eskubideen inguruan, nazioarteko mailan.
Panafrikartzat eta feministatzat aurkeztu duzu zeure burua.
Feminismo asko daude; uste dut hori argi dagoela, eta feminismoa erakusteko modu asko daudela. Baita eragin asko dituela ere, tartean jatorria eta identitatea. Diodanean panafrikar feminista naizela, batu egiten dut feminismoa Afrikarekiko sinesmen horrekin, Afrikako nazioekiko elkartasunarekin.
Feminismoak ekarpenak egin diezazkioke eraikuntza sozialari?
Ez hori bakarrik: eraikuntza sozialaren parte eta puzzle izan da. Mugimendu feministak mahai gaineanjarriak zituen mugimendu sozialek gaur egun lantzen dituzten auzi asko. Feministek hamarkada luzez esandako gauza asko esaten dira orain. Justizia ekonomiko eta sozialari begiratuta, hori erakunde feministen erdigunean egon da aspaldidanik.
Feminismoak hasiera-hasieratik deitu du patriarkatua bere izenez, eta auzi gisa aurkeztu du. Are, patriarkatuaren, neoliberalismoaren eta kapitalismoaren arteko lotura egin du. Hori da, gaur egun, mugimenduak egin dion ekarpenik handiena justizia sozialari.
Zein da indarkeriaren, emakumeen lanaren eta ekonomia globalaren arteko lotura?
Nazioartean hartzen diren erabaki ekonomiko batzuek eragina dute emakumeen egunerokoan. Baliabideen birbanaketari buruzkoak dira horietako batzuk. Ekonomiaren erreformaren testuinguruan, erreforma horiek murrizketa neurriak agintzen dituztenean, eragina duten lehen sektorea sektore publikoa da. Zerbitzu publikoak hondoratu egiten dira, eta lanpostuak kendu. Beti ohartarazi dugu zerbitzu publikoek nolako garrantzia duten emakumeentzat. Zerbitzu horiek erantzuten diote emakumeek jasaten duten indarkeriari, eta indarkeriatik babesten dituzte.
Beraz, horrelakoetan murrizketak dituzunean, zaurgarritasuna handitu egiten da, batez ere emakumeentzat. Gainera, emakume langileen esplotazioa da neurri makroekonomiko horien oinarria: haiei gutxi ordaintzea euren lanaren truke. Kasu askotan, tradizionalak ez diren harremanak finkatzen dira langilearen eta ugazabaren artean, eta, hortaz, gero eta zailago egiten dute lana erregulatzea. Egoera horrek modua ematen du indarkeriarako eta jazarpenerako espazioak egoteko. Gaia oso zabala da, baina horiek lirateke adibideetako batzuk.
Emakumeek badute modurik matxismoan oinarrituriko indarkeria borrokatzeko?
Mekanismo batzuk daude. Nazioarteko tresnak daude emakumeen aurkako indarkeriaz aritzen direnak. Azken urteotan, tresna horiek beste auzi sozial eta ekonomikoetatik kanpo geratu diren irudipena areagotu da, baina, gure iritziz, ezin ditugu banandu emakumeen aurkako indarkeria eta auzi ekonomiko eta sozialak. Espazio multilaterala bermatu behar dugu, egun erasopean baitago.
Hitzaldian esan duzu ezin dela generoan oinarrituriko indarkeriaz aritu patriarkatuari desafioa bota gabe.
Patriarkatua da generoan oinarrituriko indarkeriaren erroa. Diskriminazioa eta indarkeria pairatzen dutenean, emakumeak isilarazten dituen sistema bat da, emakumeen aurka biolentoa izatea ondo dela dioena. Indarkeria normalizatzen du, eta emakumeen kontrako indarkeria normalizatzen du. Badago gauza interesgarri bat patriarkatuari buruzkoa: auzi bat garaitzea edo konpontzea lortu duzula ematen duenean, patriarkatua bere burua aldatzeko gai da egoera berrietara moldatzeko. Horren jakitun dago mugimendu feminista, patriarkatua beti aldatzen ari dela eta horri aurre egin behar zaiola etengabe.
Emakume batzuk lan babestuetatik kanpo geratzen dira.
Langile informalak dira. Afrikan, esaterako, langileen %86 informalak dira; gehienak, emakumeak. Asko, gainera, toki publikoetan ari dira lanean, eta ez dituzte kontuan hartzen. Aukera handiagoak dituzte, eta arrisku handiagoa dute indarkeria jasateko, batez ere estatuaren partetik. Berez, estatuaren ardura da haiek babestea.
Baditugu adibide batzuk: kaleko saltzaileek, euren eremua segurtatzeko, sexu harremanak izan behar dituzte. Birziklatze lanetan ari direnek ere lan eta borroka handiak egin behar dituzte gizonek ez dituzten baliabideak lortzeko. Askok ez dute lanerako argindarrik, ez komunik... Eta horrek guztiak handitu egiten du indarkeria pairatzeko aukera.