astekaria 2019/08/23
arrowItzuli

gizartea

«Erreskateak» egiteko asmoz

Arantxa Iraola

«Erreskateak» egiteko asmoz

«Itsasontzia prest dago». Aita Mari ontzia uztail hasieratik Pasai Donibanen da (Gipuzkoa), konponketa batzuk behar baitzituen. Baina burututa daude lan horiek, «guztiz». Eta ontzia kudeatzen duen SMH gobernuz kanpoko erakundeak itsasoan nahi du lehenbailehen: lanean, Mediterraneo itsasoa zeharkatzen duten iheslariei laguntza ematen, haiek erreskatatzen. Eguna jarri dute: hilaren 27an atera nahi dutela jakinarazi dute asteon. Zailtasunak zailtasun. Izan ere, Open arms itsasontziak hainbat iheslari erreskatatu ostean lehorrera heltzeko asteotan izan dituen zailtasunen albisteak hor daude, baita erreskate lanak egiteagatik jaso ditzakeen isunenak ere. Eta ez da antzeko atakan zailean dagoen itsasontzi bakarra; itzal hori hor dago. Baina planari eutsi nahi diote. «Betiere, legearen barruan», adierazi du erakundeko presidente Iñigo Mijangosek.

Bigarren parte hori lortzeko trabak handiak direla onartu du erakundeko lehendakariorde Iñigo Gutierrezek: «Oso zail dago». Hain justu, ia urtebete da ontzia aurkeztu zutela; beti azaldu dute erreskate lanetarako prestatuta dagoela propio, baina inoiz ezin izan dute horrelako lanik egin: ez dute horretarako baimenik lortu. «Ordutik, Greziara osasun materiala eramateko egin genuen bidaia humanitarioa besterik ezin izan dugu egin. Suminduta gaude. Eta gero ikusten ditugu albisteak diotenak 150 lagun hil direla itota. Gure itsasontzian egon zitezkeen». Ez dira aspaldikoak Gutierrezen eta haren kideen barrenak irauli dituzten azken albisteak: uztailaren amaieran bertan, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi zuen ehundik gora pertsona hil zirela Libiako kostan.

Egoeraren larria erakusten dute halakoek, eta hara joan nahi dute: Libiako itsasertzera. Ontzia martxan jarri zutenean, helburua zen erantzutea migratzaile eta iheslarien joan-etorri etsiek azken urteotan itsasoan sortutako ezbeharrei: hondamendi hori arintzea beste helbururik ez dute, eta egun egoerarik larriena Libiako kostan dagoela diote. «500.000 iheslari inguru daude han: itsasoa zeharkatzea beste modurik ez dute leku hura uzteko». Gutierrezek azaldu du erreskatatutakoan Italiako eta Maltako portuetara eraman behar direla, ez dagoela beste hauturik: «Gertuen dauden portu seguruak horiek dira». Eta horietara eraman behar dira: «Guk estatuei legea betetzeko eskatzen diegu, eta, legearen arabera, erreskatatutako pertsonak gertuen duten portu seguruan lehorreratu behar dira». Horretarako jarri diren oztopoak ez ditu onargarritzat, eta konponbideak eskatzen ditu: «Europak protokolo mekanizatu bat ondu behar luke gobernuz kanpoko erakundeok argi izan dezagun nola jokatu. Onartezinak dira blokeo egoerak».

Espainiako Gobernua

Esan du erreskateak egiteko debekua ere ezin dela ulertu. «Nazioarteko itun guztiak bat datoz: ontzi batean jendea arriskuan badago, haiek erreskatatzeko betebeharra eta obligazioa dago; delitua da laguntzarik ez ematea».Oinarrizko printzipio horri atxikita jardun nahi dute: «Guk lortu nahi dugu baimen bat hara joateko, han nabigatzeko, eta han jendea erreskatatzeko: hori legea betetzea da, ez beste ezer». Espainiako Itsasoko Zuzendaritza Nagusiaren baimena behar dute horretarako; finean, Espainiako Gobernuarena, Sustapen Ministerioaren ardurapean baitago. «Baimena ukatzea erabaki politiko bat da, ez da erabaki tekniko bat. Areago, guk debekuaren aurka ipinitako helegitearen harira jaso berri ditugun azken erantzunetan, onartzen da ontzia prest dagoela erreskateetarako. Utz diezagutela, bada, ateratzen». Baimen hori gabe ez dute atera nahi; izan ere, ondo dakite zer ondorio izan litzakeen era horretan erreskate lanak egiteak. «Atera kontuak: guk 900.000 euroko isuna jaso dezakegu».

Gutierrezek argi utzi nahi du erakundeko kide guztiak langileak eta ikasleak direla. «Hemen denak gara boluntarioak; gure bizitzak ezin ditugu auzitan jarri, ezta elkartea bera ere». Arrangura eragiten dieten kritikak entzun behar izan dituzte egunotan, eta minduta daude horiekin. Ez dute nahi goraipamenik: «Gu ez gara heroiak; bizia itsasoan jokoan dutenak, horiek dira heroiak. Guk ez dugu horrelakorik egiten». Kritika hutsalik ere ez dute onartzen, ordea: «Mafietatik kobratzen dugula entzun eta entzun ari gara. Goazen, bada, epaile baten aurrera: demostra dezatela hori». Salbamendu lanak egin nahi dituzte, ez besterik: «Itsasoko legea sakratua da: inor ez da geratzen itsasoan. Oso erraz ari dira hainbat: 'Ito daitezela'. A, bai? Bada, honek horrela jarraitzen badu, horiek ere hortxe geratuko dira, inoiz ataka horretan badira».

BERRIAn argitaratua (2019/08/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA