bizigiro
Festa, aldarrien eskutik
Amaia Igartua Aristondo
Konpartsa bakoitzak bere ildo nagusia du, eta hura islatzen saiatzen dira euren dekorazioetan. Alabaina, borrokak nahastu egiten dira hainbatetan. Hala, LGTBI bandera ikus daiteke Pinpilinpauxatik kanpo ere, eta jada feminismoa ez da soilik Mamikiren kontua; aldarrikapen komun bilakatu da Areatzan. Baina gai atenporalek ez ezik, egunerokoek ere hartu dituzte txosnetako panelak: G7koen bilera hizpide izan dute pare batek; besteak beste, Mekauen konpartsa internazionalistak.
«Txosna hiru eremu ezberdinetan banatuta dago», azaldu du IƱigo Borda Mekauengo konpartsakideak. Zona nagusia aprobetxatu dute, barra gainean dagoena, Miarritzeko gailurra gaitzesteko. Troikako kideak lapikora bota dituzte, eta inguruan «kapitalismoaren aurkako borroka batzuk» islatzen dituzten pertsonak ageri dira, dantzan.
Mekauenek G7koen Miarritzeko bilera arbuiatu du apaiketarekin. Aritz Loiola / FOKU
Hirugarren eremuak feminismoa du hizpide. Urte batzuetatik hona, konpartsako emakumeak arduratzen dira panel horren apainketaz, eta, normalean, «erasoak salatzeko» baliatzen dutela zehaztu du Vania San Martin kideak: «Aurten, Autodefentsa Feminista Asanbladaren Aste Nagusirako leloa erabiltzea erabaki dugu: Kontuz, feministok jaietan!; mundu guztiari esateko hemen gaudela». Txosnak batasuna eduki dezan, dekorazio orokorrarekin lotura duten gaiak hautatzen dituzte.
Urteurren koloretsuak
Iazko Aste Nagusia urtebetetzeena izan zen, askok ospatu baitzuten 40. urteurrena. Hala ere, aurten ere badago zenbaki borobil horretara heldu denik: Mamiki. Aurten, jardunaldi feministak antolatuko ditu Bizkaiko Emakumeen Asanbladak. Horien leloaz baliatu dira urteurreneko dekorazioa erabakitzeko. «Salda Badago», aldarrikatzen dute jardunaldiek, eta Mamikiko irudia den emakumeari egokitu zaio hori prestatzea. Erabiliko dituen osagaiak aldamenean ditu: «Mamikik beti defendatu izan duen guztia», Clara Gines kideak argitu duenez. Hots, besteak beste, abortu aske eta doakoa, elikadura burujabetza eta paperak guztientzat. «Ez delako soilik emakumeon kontua, hori oinarrizkoa izan arren; inguratzen gaituen guztia ere bada».
Txomin Barullok Kubako Iraultzaren 60. urteurrena gogoratu du. Aritz Loiola / FOKU
Txosnaren beste gune batean, hamarkada hauetako denbora lerroa margotu dute. 1979an, Mamikiko andreak galdera bat egiten du, atsekabetuta: «Emakumeak, jaietan, non gaude?». Ginesek argitu du lehen Aste Nagusia, 1978koa, antolatzeko batzordean emakume bakarra egon zela, eta hartara datorrela itauna. 2019an, binetako protagonistak «Zutik beti» oihukatzen du, lesbianen borroka irudikatzen duen labrys-a gerrikoan zintzilik daramala. «Lesbianismoa aldarrikatzen dugu Mamikiko elementu oinarrizkoetako bat bezala».
Algara konpartsak ere urteak bete ditu aurten. Ez dira, konpartsa feministaren kasuan bezala, lau hamarraldi izan, baina jada mende laurdeneko bidea egina dute euskaltzaleek. Hori ospatzeko, bineta erraldoia jarri dute txosnaren sarreran. Egiten dituzten aldarrien artean, besteak beste, Bilbo Hiria irratiarentzako lizentzia dago.
Dekorazioa delitu bihurtuta
Urte batzuetan, Poliziak ere eskua sartu izan du txosnen dekorazioan. Aurten, Txori Barrote izan dute jomuga, konpartsak presoen argazkiak jarri zituelako barraren gaineko panelean. Argazkiok kendu zizkieten, eta, hutsunea betetzeko, presoen siluetak jarri dituzte, adierazpen askatasuna hitzak osatzen. Ez da halakorik gertatzen den lehen aldia.
Hontzak konpartsak Elizakoen sexu abusuak izan ditu hizpide. Aritz Loiola / FOKU.
Duela bi urte, Hontzak konpartsaren apaingarriak ere kendu zituzten segurtasun indarrek, salaketa bat tarteko. Erlijioa izan zuen jomuga konpartsak hango hartan, eta aurten ere gai bera hautatu du. Apezpiku bat irudikatu dute, arrantzan, «utzi haurrei niregana etortzen» esaldiaren gainean. Deustuko Salestarren kamiseta bat ere eseki dute txosnan.