astekaria 2019/08/23
arrowItzuli

iritzia

Ongi etorri, Laura

Diego Pallés Lapuente

Ongi etorri, Laura Diego Pallés Lapuente

Esan behar dinat ez naizela gai sentitzen azken hiruzpalau urteetan egin dunana egiteko. Batzuek esango diten lanerako gaitasun izugarria erakutsi dunala; laudatuko haute eta eredutzat aurkeztuko besteen aurrean. Biok ondo zakinagu, ordea, gainditu behar izan ditunan ia oztopo guztiak bihozgabe batzuen nagusikeriak baino ez direla izan, eta inork ez liekeela horiei aurre egin beharko inoiz mundu justu batean.

Ikasketa zail eta neketsu horiek amaitu eta berehala lanean hasi hintzen, horretarako atzerrira joan behar izan bahuen ere. Duela zenbait hamarkada lana azkar topatzea seinale ona zitekenan; gaur egun, aldiz, prekaritatearen gurpilean sartzearen sinonimoa dun gehienetan. Izan ditunan hamaika lanetan —guztiak hire ikasketekin lotuak, zorionez—, gutxieneko soldata edo horren azpitik kobratu dun. Kontratu gabeko langile ibili haiz batzuetan, autonomo faltsu besteetan. Baldintza horietan, benetako oporrei ere agur esan behar zaien eta nagusiaren nahierara emandako egun gutxiekin konformatu.

Jakina, gaztea haiz eta, antza, horregatik oraindik ez dun lan baldintza duinik merezi, nahiz eta hik nagusiek egiten duten lan mota bera egin, eta askoz ordu kopuru handiagoa, gainera. Dena den, esplotazio egoera berdintsuan dauden lankide beteranoek ez diten etorkizun onik iragartzen. Denok bizpalau ordu estra egin behar izan dituzue egunero berdin-berdin.

Hire nagusien esanetan, zorionekoa izan haiz bizitzeko astirik ematen ez dinaten lanak izateagatik. Janaria prestatu, erosketak egin, arropa garbitu: bazirudin horrelakoak egin behar direla ere ahaztu zaiela, zeregin horiek emazte edota neskameen eskutan aspaldi utzi baitzitiztenan. Botereak ondo zakin gizartearen talderik ahulena ezertarako astirik ez duena dela.

Nahiz eta jende asko egoera okerragoan egon, klase prekarioaren ezaugarriak denok partekatzen ditinagu. Arrakasta edo porrota geure esku daudela sintsarazi nahi ziguten eta horregatik antsietateak eta ezintasun sentimenduak jota gauden. Langabezian ere une oro curriculumak banatzen, diru laguntzak eskatzen, ikastaroak egiten eta abarretan xahutzen ditinagu denbora eta energia, erakunde publiko zein pribatuei egoera horretarik ateratzen laguntzeko erregutuz.

Ez dinagu, halere, iraganaren oroiminik, ez dinagu 40 urteko lanpostu aspergarri batean bizitza inbertitu nahi. Lanaren —eta ez enpleguaren— bitartez maite dugun hori garatzea ahalbidetuko digun gizarte bat eraiki nahi dinagu. Orain, Euskal Herrira itzultzea erabaki dun. Lagunartean elkar zaintzeko aukera izango dinagu, datorrena datorrela, baita horren guztiaren aurkako borroka politikoan aritu ere, komunitatea sortuz. Ongi etorri, Laura.

BERRIAn argitaratua (2019/08/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA