astekaria 2019/08/23
arrowItzuli

mundua

EBko bost herrialdek jasoko dituzte 'Open Arms'-eko migratzaileak

Ane Hurtado Uranga

EBko bost herrialdek jasoko dituzte 'Open Arms'-eko migratzaileak

Europako Batzordeak atzo jakinarazi zuenez, Espainia, Frantzia, Alemania, Portugal eta Luxenburgo arduratuko dira Open Arms erreskateontzian Italiara iritsitako migratzaileak hartzeaz. Natasha Bertaud Europako Batzordeko bozeramailearen arabera, Errumania ere prest agertu da horretarako, baina migratzaileak ez dira hara joango, gainerako bost estatuek eskainitako lekuak «nahikoa» baitira. «[Migratzaileak] Birkokatzeko prozesuarekin hasteko prest gaude», ziurtatu zuen Bertaudek. Bruselak azaldu zuenez, herrialde horien esku egongo da bakoitzak zenbat pertsona jasoko dituen eta nola eramango dituen erabakitzea.

Open Arms-ek hemeretzi egun zeramatzan Mediterraneo itsasoan Luigi Patronaggio Agrigentoko (Sizilia) fiskalburuak ontzian gelditzen ziren 83 migratzaileak Lampedusan lehorreratzeko agindua eman zuenean, herenegun. Erabakia erreskateontzian egon eta gero hartu zuen; migratzaileak zer egoeratan zeuden ikusteko joan zen hara. Bestalde, ontzia atxikitzeko agindua eman zuen. Oscar Camps Open Arms GKE gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileak ziurtatu zuenez, «kostu hori onartzeko prest» zeuden, haren ustez «garrantzitsuena» ontzian zeuden pertsonei laguntzea baitzen. Empedocleko (Sizilia) portura eraman zuten ontzia, atzo, hala agindu baitzuen Patronaggiok.

Ontziak bi aste pasatu beharko ditu Italian, gutxienez, fiskaltzak Zigor Kodearen 328. artikulua urratu ote den ikertu behar baitu. Hau da, funtzionario publikoek «justizia, segurtasun publiko, ordena publiko, edo higiene edo osasun arrazoiengatik» ezarritako betebeharrak bete ote dituzten aztertuko du. Bestalde, Agrigentoko Fiskaltza pertsonak bahitu ote dituzten ikertzen ari da, joan den astetik, Open Arms GKEaren abokatuek hala eskatu baitzioten. Hala ere, ikerketa ez da, zehazki, inoren kontrakoa. Jaime Rodrigo de Larrucea GKEaren abokatuetako batek adierazi zuenez, ez dago Open Armsen aurkako «inolako prozesu penalik».

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordeak atzo esan zuenez, erreskateontziak«laguntza humanitarioa garraiatzeko baimena zuen, baina ez erreskateak egitekoa». Horregatik, Open Arms-ek «legea bete» beharko zuela adierazi zuen. Espainiako Gobernuak azaldu zuenez, GKEak 901.000 euroko isuna jaso dezake. «Legea ez ezagutzea ez da legea ez betetzeko aitzakia», ziurtatu zuen presidenteordeak. Honako hau erantzun zion Campsek Calvori, sare sozialetan, atzo: «Maiz, ez dakit berak hitz egiten duen, edo Salviniren txotxongiloa ote den». Matteo Salviniz ari zen, Italiako Barne ministroaz, hain zuzen ere. Hark ezarri zuen Open Arms Italian lehorreratzeko debekua. Salvinik migratzaileen banaketa prozesua «bizkortzeko» eskatu zion Madrili, atzo.

Italian ez ezik, Espainian ere eskuin muturrak Open Arms-en aurka egin du. Santiago Abascal Vox alderdiko presidenteak Open Arms GKEaren aurkako salaketa bat jarri zuen atzo, eta «pertsonekin trafikatzen duten erakunde kriminalekin elkarlanean aritzea» egotzi zion. Bestalde, erreskateontzia Espainiara iristen denean ibilgetzeko eskatu zuen, eta Open Arms-eko kapitaina atxilotzeko eskaria egin zuen.

PPk, berriz, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteari presioa egiteko baliatu du egoera. Antonio Gonzalez Terol PP alderdiaren kideak atzo adierazi zuenez, Sanchezi galdetuko diote «ea hemendik aurrera migratzaile ilegalak daramatzan edozein ontziri Espainiako kostara iristen utziko dion».

Konponbide baten zain

Open Arms-ek porturatzea lortu badu ere, Sos Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEen Ocean Viking ontziak hamahiru egun daramatza Mediterraneoan. GKEak konponbide «azkar bat» eskatu dio Europari, 356 migratzaileak «lehenbailehen» lehorreratzeko. Izan ere, Italiak ez dio erantzun ontziak porturatzeko egin zion eskaerari, eta Maltak, bestalde, adierazi dio ez dagokiola ontziaren ardura hartzea, erreskateak Maltako uretatik kanpo egin zirela argudiatuta.

Campsek babesa eskaini dio porturatzeko zain jarraitzen duen ontziari: «Orain Ocean Viking-i lagundu behar diogu. EBren identitate liberal eta demokratikoa defendatzen jarraituko dugu».

BERRIAn argitaratua (2019/08/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA