astekaria 2016/02/12
arrowItzuli

ekonomia

HA-JOON CHANG

«Daukagun ordena soziala justifikatzeko ideologia bihurtu da ekonomia»

Ivan Santamaria

«Daukagun ordena soziala justifikatzeko ideologia bihurtu da ekonomia»

Ekonomiari buruzko ikuspegi murriztaileekin borrokatzen da Ha-Joon Chang ekonomialaria (Seul, Hego Korea, 1963). Cambridgeko Unibertsitateko Ekonomia Fakultatean irakasten du, eta ikuspuntu heterodoxo horiek gizarteratu ditu zenbait argitalpenetan. 23 Things they don't tell you about capitalism (Kapitalismoari buruz kontatzen ez dizkizuten 23 gauza) edo Economics: The user's guide (Ekonomia: erabiltzaile gidaliburua) liburuetan ideia kritiko horiek garatu eta publiko zabal batenganaino iritsi da.

«Garrantzi handiegia du ekonomiak adituen eskuetan uzteko», diozu zeure azken liburuan. Galdu dugu erabaki ekonomikoei buruz iritzia izateko gaitasuna?

Iritzia izateko grina galdu dugu. Esan zaigu ekonomia zailegia dela eta ezin dugula ulertu. Erdi Aroan Elizak Europan egiten zuenaren antza du. Biblia itzultzea debekatuta zegoen, eta horrela soilik apaizek zuten hor zegoena ikasi eta interpretatzeko aukera. Inork ezin zien aurre egin. Jende arrunta eztabaida ekonomikotik atera dute, eta onartzen baduzu zailegia dela eta ez duzula iritzia emateko kualifikaziorik, utzi egiten diozu horretan pentsatzeari.

Zeure abiapuntua da ekonomia ez dela sekula izango zientzia bat. Zeintzuk dira ekonomia ikasketen mugak?

Ekonomia ez da zientzia, gizabanakoei buruz ari delako batez ere, eta pertsonak ez dira fisikako partikulak edo substantzia kimikoak. Erabakimena dute, ideologiak, irudimena, eta sinets dezakete euren interesen aurkakoa den zerbaitetan. Egia da norbanakoek izango duten portaerari buruzko iritzi informatu bat eman dezakeela ekonomiak; teoria arrazoizkoak daude, baina ez dira sekula fisika edo kimika bihurtuko, non beti esan dezakezun zer dagoen gaizki eta zer ondo.

Oso hedatuta dago ekonomia fisika edo kimika bezain zehatza izan daitekeen ustea. Zergatik?

XIX. mendetik aurrera fisikak ordezkatzen duen zientziak estatus berezia lortu du gizartean. Erlijioa ordezkatu du. Orain, dena zientifikoki egiten saiatzen gara. Ekonomia ez da salbuespena. XIX. mendera arte ekonomia politikoa deitzen zitzaion, onartuta ekonomia eta politika ezin zirela banatu. Alderdi morala ere aitortzen zitzaion. Eskola neoklasikoa iritsi zenean aldatzen hasi zen hori.

Zer eragin zuen ekonomia neoklasikoaren agerraldiak?

Ekonomia natur zientzien pare jartzeko asmoarekin abiatu zen. Hasteko, ekonomiari politika hitza kendu zitzaion paretik. Gauza asko egin zituzten materia zientifiko egiteko, eta hasi ziren esaten zientzia bat zela. Ez fisika bezalakoa, baina bai zientzia sozial bat irits zitekeen bezain urrutien. Bitarte honetan, zientzia den ospea eraiki du, baita matematika eta zenbakien erabilera zabal batekin ere, fisikaren antz handiagoa emateko, historiaren edo filosofiaren aldean.

Zeintzuk dira ekonomia neoklasikoa nagusitu izanaren ondorioak?

Asko daude. Ekonomia zuzen bat baino ez dagoela aldarrikatu dute, eta hori izan liteke arazo nagusia. Gutxienez, beste bederatzi eskola edo teoria daude, eta gehiago ere izan daitezke, horien arteko nahasketak aintzat hartuta. Ekonomia aztertzeko era bakarra dagoela sinetsarazi nahi izan diote jendeari. Eskola neoklasikoa gailentzeak asko mugatu du ekonomian egiten ditugun galderak eta bilatzen ditugun erantzunak.

Zeure liburuetako beste ideia interesgarri bat da erabaki ekonomikoak, gehienetan, politikoak direla. Benetan banatu litezke ekonomia eta politika?

Maila bateraino, bai. Gauzak nola ekoizten ditugun, prozesuan lortutako etekina nola banatzen dugun, eta nola trukatu edo kontsumitzen dugun aztertzen du ekonomiak. Politikaren objektua boterea da, nola sortzen edo erabiltzen den. Ezberdinak dira azalean, baina maila sakonago batean ezinezkoa da bata eta bestea banatzea. Hasteko, edozein ekonomiaren atzetik harreman politikoak daude. Sozialismoaren eta kapitalismoaren arteko ezberdintasunak dira adibiderik garbiena. Baina kapitalismoaren barruan ekonomiaren eta politikaren arteko mugak ere asko aldatu dira. Esaterako, orain dela 200 urte Brasilen erabat legezkoa zen pertsonak erosi eta saltzea. Orain dela 150 urte, legezkoa zen umeak lanerako kontratatzea, halaber.

Ekonomiaren atzetik erabaki politikoak daudela beti, azken finean.

Merkatua bera politikoki sortutako zerbait da. Merkatuaren mugak ezartzen ditu politikak, eta, hori dela eta, ez dago batere argi noiz amaitzen den ekonomia eta noiz hasten den politika.

Merkatu askearen paradigma ez da esaten zaigun bezain askea?

Nola funtzionatuko duten finkatzen duten araudiak daude merkatu guztietan. Zuk lur zati bat daukazu, baina ezin dugu nahi duzuna egin harekin. Agian, etxeorratz erraldoia jarri nahi duzu, baina errespetatu beharko duzu besteek eguzki argia jasotzeko duten eskubidea, edo errepideetarako duten sarbidea. Langileak kontratatzen dituzunean ere ezin dituzu nahierara erabili. Kanpotik edozein merkatuk askea iruditu arren, barruan makina bat araudi du, eta horiek politikoki erabakitzen dira.

Krisi honetan lider politiko asko entzun ditugu ekonomiari buruz hitz egiten «saihestezina» zela hainbat neurri gogor hartzea. Benetan ez dago alternatibarik?

Badaude alternatibak, bai horixe! Eskola guztiek ez dute interesa finantza krisietan edo makroekonomian, baina badira horretaz dihardutenak ere. Keynestarrek euren iritzia dute, eta marxistek, eta neoklasikoen barruan ere aldeak daude. Eskola horretan guztiak ez datoz bat Espainiari eta beste herrialde batzuei inposatu zaien austeritatearekin. Joseph Stiglitz eta Paul Krugman, besteak beste. Ekonomialari askoren ustez, politika horiek ikaragarriak izan dira. Noski, politika horiek bultzatzen ari direnek ez dute nahi jendeak jakitea ideia ezberdinak daudela. Behin alternatibak daudela ezagututa, jendeak zalantzan jarriko lituzke hartutako erabaki asko.

Ekonomialariak nahiko onak dira forentse lana egiten ?iraganeko krisiak azaltzen, esaterako?, baina oso txarrak dira etorkizuna iragartzeko orduan. Bat zatoz iritzi horrekin?

Ikuspuntu askoz ere kritikoagoa dut. Ez zait iruditzen ezta forentse lanetan onak direnik ere. Onak balira, krisi handi bakoitzaren ondoren egin dituzten gomendioak aldatu beharko lituzkete. Ez dute egin. Bai, 1929ko Depresio Handiaren ondoren aldaketak izan ziren, baina gauza hauek gertatzen dira oraindik ere. Saiakera neoliberalen azken 30-40 urteetan makina bat finantza krisi izan dugu, mundu osoan. Krisi guztietan, merkatu askearen aldeko ekonomialariek beti esan dute gauza bera: finantza merkatuak gehiago liberalizatu behar direla. Eta krisia datorrenean, esaten dute ez dagoela behar bezain liberalizatuta, edo kanpoko faktore batek eragin duela. Azken krisiaren ondoren beste azalpen bat espero zitekeen, baina ez.

«Teoria ekonomiko bakar batek ere ezin du dena azaldu», diozu liburuan. Nola erabil dezakegu ekonomia jendearen bizitzak hobetzeko?

Guztia teoria bakar batekin azaltzen saiatu ordez, eskola ezberdinak izatearen abantaila baliatu behar da. Begiratu teoria guztiak eta saiatu zeure arazo zehatzari egokien erantzungo diona aukeratzen.

Baina, normalean, ekonomialariek teoria bakarrari jarraitzeko joera izaten dute.

Ez da bakarrik ekonomiarekin gertatzen. Zoritxarrez, gizabanakoek joera dute ideien garbitasuna bilatzeko, pragmatikoak izan ordez. Oso arriskutsua da hori, eta arazo asko sortu ditu munduaren historian. Erlijio jazarpenak, komunismoaren purgak, merkatu askeko ekonomialariek inposatutako egiturazko doikuntza programak, eta abar. Propio hezi beharko genuke jendea garbizalekeria alboratzeko, pragmatismoa bilatzeko. Adibide bat ematen dut liburuan: Singapur.

Pragmatismoaren eredutzat jo duzu Singapur. Zergatik?

Merkatu ekonomia da Singapur, bai. Merkataritza askea praktikatzen du, eta ongietorria egiten dio atzerriko inbertsioari. Baina, aldi berean, lurzoruaren %90 gobernuaren jabetza da, eta etxebizitzaren %85 gobernuaren konpainia publiko batek hornitzen du. BPGaren %22 enpresa publikoek ekoizten dute. Beti galdetzen diet ikasleei: zein teoria ekonomikok azal dezake Singapur? Ez dago, arazo ekonomikoei erantzuteko hurbilketa pragmatiko baten adibiderik onena delako.

Krisi luze hau zientzia ekonomikoaren mugak astintzen ari da? Tresna egokiak ditugu krisi osteko mundu hau ulertzeko?

Oinarriak hor daude. Zabal ikasi behar dituzu. Eskola ezberdinetan barreiatuta daude garai ekonomiko ezohiko hau ulertzeko osagai oinarrizkoak.

Arlo ekonomikoan eztabaida indartsua egon da krisiari aurre egiteko moduari buruz, behintzat. Europan, austeritatearen aldekoak nagusitu dira. Zer gertatu da?

Gauza harrigarri bat da nola jendeak ez duen merkatu askearen teoria alde batera utzi 2008. urteko finantza krisi erraldoiaren ondoren. Bi urte lehenago, ekonomialari famatuenek esaten zuten ez zela krisi gehiagorik egongo. Robert Lucas, Ben Bernanke, Alan Greenspan eta enparauek esaten zuten bazekitela ekonomia kudeatzen. Gero krisia etorri zen. Beste edozein arlotan izan balitz, ideia zaharkituak defendatzen jarraitu nahi dituztenak botako zituzten. Zoritxarrez, botere politikoarekin oso lotuta dago ekonomia, daukagun ordena soziala justifikatzen duen ideologia bihurtu delako.

Iritzi publikoan aldaketarik sumatu duzu?

Aldaketak egon badaude. Egia da motel doala, eta esparru akademikoan ekonomialari mainstream ugarik defentsarako jarrera hartu behar izan dutela. Mundu osoan ekonomia ikasleak elkartu dira, eta materia pluralago eta errealago bat exijitu dute. Unibertsitateak erantzun behar dio horri. Publiko orokorraren iritzia nahiko aldatu da. Jende asko hasi da zalantzan jartzen merkatu askeko ekonomia, egiazkoa eta bakarra zela esan zitzaien hura. Aldatzen ari da, baina, ekonomia sistema justifikatzen duen ideologia izanik, kostatuko da.

2008ko leloa zen: kapitalismoa birfundatuko dugu. 2016an, ezer aldatu da benetan?

Oso aldaketa gutxi gertatu dira. Finantza araudia apur bat gogortu da. Horretaz gainera, ia ez da ezer egin, eta herrialde batzuetan ?Espainian eta Erresuma Batuan, esaterako? atzera egin da ongizate estatuan. Orain ikusten ditugu ondorioak. Azken asteotako finantza zurrunbiloak agerian uzten du munduko ekonomia ez dela benetan osatu krisi horretatik. Egon den susperraldi apurra beste finantza burbuila batzuk elikatuta lortu da: besteak beste, banku zentralek QE bidez dirua sartuta, bankuen erreskateak eginez eta, Erresuma Batuan, etxebizitza merkatua puztu duten pizgarriak emanez.

Ekonomiak ahaztu dituen bi alor azpimarratu dituzu. Lehenbizikoa produkzioa da.

Produkzioa da edozein ekonomiaren oinarria. Produkziorik gabe, ez gara. Zoritxarrez, teoria ekonomiko estandarretan ulermen eskasa dago horri buruz. Askoz ere gauza konplexuagoa da. Produkzioa antolatzeko, trebetasun handia behar da. Eskola neoklasikoa arduragabetu da horretaz, eta horregatik ezarri dituen politika askok herrialdeen oinarri produktiboa suntsitu dute.

Beste ahaztua lana bera da.

Berriro ere, oso garrantzitsua den zerbait. Jende gehienak esna dagoen denboraren erdia edo gehiago igarotzen du lanean. Ia erabat alboratu da lana teoria ekonomikoan. Ironia da enplegua falta denean baino ez direla gogoratzen hartaz. Hots, langabezia dagoenean. Oinarrian lana desegokitasun, kalte baten gisa hartu da. Baina lanean pentsatzen duzunean, garen pertsonak moldatzen duen zerbait da, fisikoki eta psikologikoki. Ez gara kontsumitzaile hutsak, ekonomia estandarrak dioen bezala: beste ezer baino gehiago, langileak gara.

«Protekzionismoa ona da batzuetan», aldarrikatu duzu. Zeure lankide ugarik argudiatuko lukete merkataritzaren aurkakoa zarela. Hala da?

Inola ere ez. Are gehiago, beti irtenbidea merkatu librea dela diotenak baino merkataritzazaleagoa naiz. Ona izan daitekeen protekzionismoaren azken helburua da zeure herrialdeari gehiago salerostea ahalbidetzea. Hori egin zuten Japoniak, Hego Koreak, Singapurrek, eta, duela urte asko, baita AEBek eta Erresuma Batuak ere. Industria hasiberria babestea da defendatzen dudan ideia. Zeure industriak zaindu behar dituzu, hazi eta mundu errealean lehiatzeko gai diren arte.

Zer iritzi duzu orain negoziatzen ari diren TPP edo TTIP merkataritza libreko akordioei buruz?

Nahiko ezberdinak dira. TPPn ,herrialde aberatsak eta pobreak daude. Ekonomia aberatsen eta pobreen artean merkataritza libreko akordio bat egin den ia guztietan, herrialde aberatsen mesederako izan da. AEBen eta EBren arteko akordioan, berriz, merkataritza ez da gai nagusia. Oso tarifa txikiak daude. Gobernuen boterea mugatzeari eta enpresena handitzeari buruzko negoziazioa da, azken finean. Benetako gakoa korporazioen indarra areagotzea da.

BERRIAn argitaratua (2016/02/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA