politika
Kontragailurra auzolanean
Ekhi Erremundegi Beloki
Arazoak ez ziren falta izan, hala ere. Caneta portuko egitaraua antolatzen aritu direnek salatu dutenez, atzo goizean BAC unitateetako poliziak agertu ziren gunetik gertu, «probokatzera». Haien hitzetan, gillotina bat irudikatzen zuen pankarta bat kendu zuten BACekoek, baina Hendaiako Herriko Etxekoek joateko eskatu zieten; udaltzaingoaren eta BACekoen artean eztabaida izan zela kontatu dute. «Herriko etxeak Caneta gunea utzi digu, baina inguruko adierazpen oro oztopatzen ari da Polizia», azaldu du Geraldek, kontragailurrean parte hartzen ari den militante batek. Topaketa Intergalaktikoan parte hartzen ari diren beste anitzek bezala, ez du bere abizena eman nahi. Hedabideekin harreman mesfidatia dute anitzek, iraganean izandako esperientzia txarren ondorioz. BERRIArekin mintzatzea onartu duten gehienek beren izena baizik ez dute eman; beste batzuek ezizen bat asmatu dute.
Pankartak egiten aritu ziren bertaratutako batzuk. Guillaume Fauveau
Bretainiatik etorri dira Maylis eta Yann-Ber. «Munduko estatu boteretsuenak G7koena bezalako goi bilera batean elkartzen direnean, ezkerreko ideiak izanik, logikoa da hona etortzea kontragailurrean parte hartzera», azaldu du Maylisek. Azken bi urteetan BBGn antolatu dituzten Topaketa Intergalaktikoetan egon izan da Yann-Ber: «Borroka anitzetan ari den jendearekin loturak egin genituen; ideia komunak ditugu; biziki aberasgarria zen. G7koena Miarritzen izanik, aurten hemen antolatzea erabaki dute. Guretzat, euskal militanteekin elkartzeko parada ere bada». Elkartasuna ere aipatu du Flashek: «Azken urteetan euskaldun anitz etorri da BBGra; inportantea da gu ere hona etortzea».
Iker eta Jabi Euskal Herrikoak dira. «Garrantzitsua iruditzen zaigu ideia antikapitalistak eta desazkundearen aldekoak dituztenen artean sareak eraikitzea; horregatik etorri gara kontragailurrean parte hartzera. Pentsatzen dugu egun hauetan antolatuko diren tailer eta ekintza guzietan harreman horiek sortuko ditugula».
Sei pertsonako taldea dute kantinan, egunero 500 bazkari eta 250 afari prestatzeko. Guillaume Fauveau.
Ambazada
Aireportuaren kontrako militantea da Gerald, Naoneden (Nantes). 2009tik izan diren borroka anitzetan parte hartu du. «Aspalditik dut harremana Euskal Herriko militanteekin, eta, BBGra horietako anitz etorri izan direnez, naturalki, gure artean mintzatzen hasi ginen, eta Ambazadaren proiektua sortu zen. Gu bereziki interesatu gintuen, Naoneden ginelako -ez ginen zadistak-, eta iruditzen zitzaigulako kanpoko jendearekin harremanak falta zirela». Gune bat sortu zuten, Ambazada, nazioarteko ordezkaritzak bertan aterpetu ahal izateko eta konferentziak, eztabaidak eta prestakuntzak antolatu ahal izateko gela handi batean. Azken bi urteetan Aste Intergalaktikoa antolatu izan dute bertan BBGri lotutako gaien inguruan: «Aurten G7koen goi bilera izanik, eta euskal militanteak beti gogotsu aritu izan direnez gure borroka sostengatzen, hona etorri gara Aste Intergalaktikoa egitera».
Topaketa Intergalaktikoaren harrera gunea. Kolektibo anitzen dokumentuak aurkitu daitezke bertan. Guillaume Fauveau
Intergalaktiko hitzak 1996an Chiapasen antolatu zituzten kontinente arteko topaketei egiten die erreferentzia: «Gureak askoz ere xumeagoak dira», dio Geraldek. Hiru gai nagusi jorratuko dituzte egun hauetan: hizkuntzak, borrokak eta feminismoak. G7koen kontrako mobilizazioarekin, ingurune ugaritatik etorritako jendea elkartzeko aukera ematen zuela azaldu du, «eztabaidak aberasteko, mintzatzeko, gogoetatzeko, eta, zergatik ez, proiektuak pentsatzeko».
'Schmruts' kantina
Notre-Dames-Des-Landesko BBGtik ekarri dituzte ostatua eta kantina. Ostatuarekin gastuak estaltzeko diru pixka bat biltzea espero dute; kantina prezio librean da. «Bakoitzak ahal duena ematen du», azaldu du Françoisek. Egurra lantzen duten BBGko lagun batzuek estruktura bat eraiki dute, Ambazada sinbolizatzen duena. Oraingoz kanpalekuan muntatu dute, eta gaur, Caneta portura eramateko asmoa dute, oinez.
Atzo, eguerdi alderako, batzarrean bilduak ziren Topaketa Intergalaktikoan parte hartzen ari direnak, eginkizun ezberdinak zerrendatu eta denen artean lana banatzeko. Auzolanean antolatu dute dena; edonork eman dezake esku kolpe bat lan batean edo bestean lagunduz. 12:00etan irekitzen dute gunea egunero, kantu poteo batekin, eta arratsaldean hitzaldiak eta tailerrak antolatu dituzte.
Topaketa Intergalaktikoaren inguruan dagoen pankarta bat. Guillaume Fauveau
Arratsean, errepresioaren kontrako Europako mugimenduak biltzeko xedea duen We Rise Up 2020 plataformaren eta Euskal Herriko kolektiboen arteko topaketa egin zuten, Jaka Horien kontrako errepresioaz hitzaldia egin zuten eta Eleak-Librekoek herri harresi tailer bat eman zuten. «Makroepaiketen aurrean garatu zen bortizkeriarik gabeko erresistentzia da herri harresiena», azaldu zuen Joseba Alvarezek. Atzo, nola eta zer baldintzatan erabili azaldu zuten. Ikusteko dago egunotan karrikan erabiliko duten.