astekaria 2019/08/23
arrowItzuli

bizigiro

BEA SEVER

«Gizarte mugimenduak ezin ditugu alde batera utzi»

Amaia Igartua Aristondo

«Gizarte mugimenduak ezin ditugu alde batera utzi»

Suziria 10:00etan bota, eguneko agenda ikusteko bileratxoa egin, eta, hortik aurrera, «hemendik-hara», iluntzera arte. Horiek dira Bea Severren (Londres, 1973) eginbeharrekoak Aste Nagusian. Aurten «gaurik ez» duen arren, egunez ekintza asko ezagutzen ari da.

Zergatik uste duzu pregoilari aukeratu zaituztela aurten?

Ezustean harrapatu ninduen, egia esan. Batez ere geroago jakinda aho batez bozkatu zela, alderdi guztiek eta konpartsek gure alde egin zutela. Uste dut aurten gure errealitatea ikusgarri egin dela, eta gure mezua indartzeko ados jarri direla.

Aste Nagusia aldatu egin da?

Gizartea asko aldatu da oso denbora gutxian. Chrysallis Euskal Herria sortu genuenean, duela lau urte, gure gaia guztiz ezezaguna zen. Urte hauetan egin dugun ibilbidea itzela izan da. Alde batetik, komunikabideen babesa eduki dugu; hori oso garrantzitsua izan da guretzat. Beste alde batetik, gizarteak oso ondo hartu du gaia. Horretaz gain, pentsatu nahi dut guk ere, elkarte gisa, ondo egin dugula lan. Kontuan izan behar da adin txikikoen transexualitateari buruz 2013an hitz egin zela lehendabizikoz [Espainiako] estatuko komunikabide batean. Aurretik ikusezina zen.

Nola aldatzen da Aste Nagusia pregoilari izanda?

Ez dauka zerikusirik. Aurten, guretzat ez dago gaurik, atseden hartu behar dugulako, baina egunean zehar gauza ezberdin pila bat ezagutzen ari gara. Oso aberasgarria eta polita izaten ari da. Niretzat bereziki, azken bi urteetan nebaren tabernan egon naizelako lanean; pentsa zelako aldaketa. Bereziena da jendearen maitasuna asko igartzen dugula. Argazkiak ateratzen dituzte gurekin, eta animoak ematen dizkigute. Hori da politena.

Kolektiboa ordezkatzen ari zara, nolabait. Horrek presioa areagotzen du?

Hasieran, bai. Pregoia irakurri aurretik nahiko presio sentitzen nuen, ez elkarteak presio egiten zidalako, baizik eta erantzukizuna nabaritzen nuelako. Ez nuen dramarik egin nahi, baizik eta gure aldarrikapena modu positiboan esan gizarteari. 120 familia baino gehiago ditut atzean, eta batzuk Nafarroatik, Gipuzkoatik eta Arabatik etorri ziren, txupinazoa ikustera eta pregoia entzutera. Pregoia gustatu zitzaiela ikusita, lasaitu nintzen.

Orain arte, nola baloratuko zenituzke jaiak?

Ematen du ez dela eraso larririk egon, eta hori zen nire beldurra, Gasteizen eta Donostian gertatutakoa ikusita. Alde horretatik, pozik nago. Naizen elkarteko bozeramaile gisa ere bai. Sekulako giroa dago. Pregoia gustatu ez zaienak ez zaizkit gerturatu esateko, baina batzuek komentatu didate halako iritzirik ere entzun dutela, albokoak kexaka ari zirela. Horrek ere nolabait poztu nau: inor ez zirikatzeak esan nahiko zukeen ez nuela ondo egin.

Egon zaren ekitaldietatik zein nabarmenduko zenuke?

Niretzat hunkigarriena izan da larunbatean pregoia baino lehen Zazpikaleetatik egin genuen kalejira: konpartsa guztiak gure atzetik, jende guztia animatzen... hor negarrez hasi nintzen. Gero, suziria bota ostean, txosnak irekitzera joan ginenean, hor berriro egin nuen negar. Itzela izan zen. Uste dut nire bizitzako unerik hunkigarrienak izan direla, barka nazatela nire semeek. Ez dut inoiz ahaztuko.

Eta egongo direnetatik?

Igandean, Aste Nagusia amaitzeko, Marijaia erre behar dugu. Txalupan berarekin joango gara txupinera eta biok; hiru joan eta bi baino ez gara itzuliko. Seguru nago momentu horretan ere berriro hunkituko naizela.

Duela bi urte, Nati Ovelleiro izan zen pregoilaria, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kidea; baina, oro har, halako elkarteetako ordezkariak salbuespena izan zarete. Joera egonkortuko dela uste duzu?

Ez dakit. Kritikak ere irakurri izan ditut, gizartearen sektore batek nahiago duelako pertsonaia pertsona baino. Denen artean jakingo dute oreka bilatzen. Azken finean, aukeratzen den pregoilariak hiriaren espiritua islatzen du. Ondo dago Bilboko izena munduan zehar zabaltzen duten pertsona ospetsuei eskerrak ematea, baina ezin ditugu gizarte mugimenduak alde batera utzi.

BERRIAn argitaratua (2019/08/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA