gizartea
Erdizko harrobiaren proiektua gelditu nahi du Sustrai Erakuntzak
Iñaki Martinez Azpiroz
Nafarroako Gobernuak uztailaren 5ean —sanferminak hasi baino egun bat lehenago— ireki zuen proiektu horren eraginak aztertzeko epea, eta hilabete baten buruan itxi. Proiektuak ingurumenean duen eragina azaltzen duen txostena tarte horretan idatzi zuten, Sustrai Erakuntzak salatu duenez: «Kontsulta oporretan irekitzea jarrera deitoragarria da, herritarrei eta mugimendu sozialei halako proiektuen ondorio suntsitzaileak ezagutzeko trabak jartzen dizkielako». Era berean, fundazioak nabarmendu du txostenean jasotako ingurumen analisia «oso azalekoa» dela, eta meategiak ekosisteman izan ditzakeen kalteak ezkutatzen dituela.
Izan ere, Sustrai Erakuntzaren ohartarazpena bere ikerketa baten ondorioen harira dator. Fundazioak azaldu duenez, harrobiko hautsek eta agregakinek Baztango abeltzainen bazkalekurik garrantzitsuenetako batzuk kutsa ditzakete, eta bertako eredu sozioekonomikoari eragin. «Ezinezkoa da proposatutako harrobiaren eta artzaintzaren arteko elkarbizitza», ohartarazi du fundazioak. Horrela, bada, Sustrai Erakuntzako kide Martin Zelaiak adierazi du lanean jarriko direla proiektua geldiarazteko, eta prest daudela horretarako auzitegietara jotzeko.
Magna enpresa ez da berria Baztan inguruan. Erdizko naturagunean ere meategi bat egiteko proiektua aurkeztu zuen 2003an, baina 2008an bertan behera geratu zen, besteak beste, herritarren protesten eraginez Baztango Udala aurka azaldu baitzen. Magnak, halere, meategi bat du jada, Baztanekin muga egiten duten Esteribar haraneko Zubiri herrian; zabaltze prozesuan dago. Aldiz, auzitegiek geldiarazi egin zuten 2011. urtean Erro haraneko Zilbetin abiarazi nahi zuen meategia, arrazoia emanez horren kontra egin zuen SEO/BirdLife elkarte ekologistari. Zelaiaren ustez, Zilbetiko kasua aurrekari garrantzitsua da Erdizko proiektua ere geldiarazten saiatzeko.
Baztango Udala kexu
Orain arte, Nafarroako Gobernuak tramitatu du meategi berriaren prozesua. Proiektuak Baztango lurrei zuzenean eragiten die: bai lur komunak direnei, baita Esteribarko udalerrian Baztanen jabetza diren lurrei ere. Horregatik, Joseba Otondo Baztango alkateak gogor kritikatu du ingurumenaren eragin txostena Baztango Udaletik pasatu gabe tramitatu izana: «Gure etorkizuna aldatu dezakeen proiektu bat da, eta Nafarroako Gobernuak ez du tokiko administrazioarekin hitz egin; antzerki demokratikoa da», salatu du Otondok BERRIAri eginiko adierazpenetan.
Bestalde, berriz eratu da Erdiz Bizirik plataforma, harrobiaren garapen ereduaren kontrakoa, eta jakinarazi dute mobilizazioak hasi dituztela.