astekaria 2019/08/23
arrowItzuli

ekonomia

2020an errentak %0,25 igotzearen aurka, Bilbo bete dute pentsiodunek

Lander Muñagorri Garmendia

2020an errentak %0,25 igotzearen aurka, Bilbo bete dute pentsiodunek

Hemeretzi hilabete eta 85 mobilizazio. Zenbaki horiek laburtu dezakete pentsiodunen mugimenduek azken urte eta erdian egin duten protestaren tamaina. Atzo beste behin ere kalera irten ziren, Bilboko Aste Nagusiko astelehenarekin bat eginez, eta gainezka egin zuen mobilizazioak. Protestaren tamaina irudikatzeko, baliagarria izan liteke kontuan hartzea manifestazio burua Plaza Biribilera iritsi zenean Plaza Eliptikotik abiatu gabe zeudela manifestariak. Milaka pertsonak bat egin zuten pentsio duinak eskatzeko aldarrikapenarekin. Hego Euskal Herriko plataformetakoak joan ziren mobilizaziora, eta baita Asturias, Errioxa eta Kantabriako pentsiodunak ere. Horiekin batera, festetako 28 konpartsetatik hemeretzik ere bat egin zuten manifestazioarekin. Jaiak eta aldarrikapenak, beraz, bat egin zuten Bilboko kaleetan.

Pentsiodunen mugimenduaren mobilizazioetan ohikoak bihurtu diren oihuak ozen entzun ziren. «Pentsiodunak, aurrera!», «gobernatzen duenak gobernatuta, pentsioak defendatu!», eta «pentsio duinak, denontzat» gisako aldarrikapenak behin eta berriro errepikatu zituzten. Eta 85 bider atera duten pankartan dioen moduan, pentsioen balizko %0,25eko igoera baztertu zuten.

Jon Fano mugimenduko bozeramailea kezkatuta azaldu zen Espainiako Gobernua eratzeko egun dagoen blokeo egoerarengatik. Irailaren 23ra arteko epea dago presidentea inbestitzeko, eta, egun hori gaindituz gero, urte amaierara arte behin-behineko gobernu batekin iristeko aukera dagoela nabarmendu zuen. Hau da, urtea amaitzerako 2020ko aurrekonturik ez luke izango gobernuak, eta, horren eraginez, urtarrilaren 1ean pentsioak %0,25 besterik ez lirateke handituko, legeak finkatzen duen gutxieneko kopurua. «Ez dugu horrelakorik nahi, eta agintarien utzikeria salatu nahi dugu». Izan ere, borondatea baldin badago, pentsiodunen eskaerak betetzen has daitezkeela azaldu zuen Fanok: «KPIaren araberako igoerak errenta guztiei ezarri ahal zaizkio, esaterako».

Bigarren inbestidura saioa gainditu ahal izateko bilera sorta egiten ari da Pedro Sanchez egunotan, eta aste honetan Bilbora etortzekoa da Andoni Ortuzar EAJko buruarekin batzeko. Pentsiodunek gutun formal bat bidali diote Sanchezi eurekin batu dadin, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. «Mugimendu sozial bat gara, eta gobernuak eta alderdi politikoak gurekin batu beharko lukete», esan zuen Andrea Uña mugimenduko beste bozeramaileetako batek. «Arazoa borondate politikoarekin konpon daiteke, baina ez dute halakorik nahi; horregatik gaude kalean».

Pentsiodunek Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere dei egin zieten, arazoari irtenbidea emateko. Fanok azaldu zuenez, ordea, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin batzeko eskaerari ez diote erantzun, eta Nafarroako Gobernuari epe luzeagoa eman nahi diote, eratu berria delako.

Mobilizazioak udazkenean

Abuztuko geldialdiaren ostean, pentsiodunen mobilizazioak berriz abiatuko dira irailean Hego Euskal Herriko herrietan eta hirietan. Areago, Fanok aurreratu zuen beste manifestazio «jendetsu bat» egingo dutela: urriaren 1ean adineko pertsonen eguna ospatuko dute, eta mugimenduak mobilizazio baterako deia egingo du irailaren 30erako. Horrekin batera, azaroaren erdi alderako beste protesta bat egiteko antolatzen ari dira, eta dagoeneko sindikatu eta eragile sozialen babesa jasotzen ari dira. Horregatik, ikasturte berrian pentsioen gaiak mahai gainean jarraituko duela dirudi.

BERRIAn argitaratua (2019/08/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA