astekaria 2019/08/23
arrowItzuli

politika

Gobernu egitura handiagoa

Joxerra Senar

Gobernu egitura handiagoa

Garai berri, administrazio berri. Administrazioa makineria erraldoia da, baina funtzionarioek arraunei eragiteko lemazain gehiago izango dituzte aginduetara Nafarroan. Maria Txibiteren gobernuak Uxue Barkosenak baino egitura handiagoa diseinatu du. Hasteko, begien bistakoa da departamentu gehiago izango dituela; zehazki, lau gehiago. Berez, inoiz departamentu gehien izango duen gobernua izango da Txibiterena. Baina, halaber, horien azpitik egituratzen diren zuzendaritza nagusiak, idazkaritzak eta organo autonomoak ere handitu egingo dira.

Adibidez, Barkosenak 22 zuzendari nagusi zituen, eta Txibiterenak 33 izango ditu. Horietako gehienak (26) jada izendatu dituzte egunotan, baina oraindik zazpi falta dira. Goi kargudun kopurua handitu bada ere, horrek ez du esan nahi UPNren garaietan egitura handiagoak ezagutu ez dituela Nafarroak. Adibidez, Miguel Sanzen azken legealdian (2007-2011) 38 zuzendari nagusi zituen gobernuak, eta Yolanda Barcinak PSNrekin gobernu koalizioa osatu zuenean, 33 zuzendari nagusi zituen, oraingoaren moduan. Hain zuzen ere, koalizio gobernu hark lehen neurri gisa nabarmendu nahi izan zuen egitura murriztea lortu zutela eta herritarrentzat aurrezpena lortu.

Ordu hartan, Barcinak eta Roberto Jimenezek gerrikoa estutu izanagatik harro agertu baziren ere, datuek erakusten dute egitura txikieneko gobernua Barkosena izan dela. Ezin esan liteke eraginkortasunari begira gaizki funtzionatu duela, alderantziz baizik. Barcinaren garaiko gobernuarekin alderatuz gero bederen, planifikazioari eta kudeaketari dagokionez hobeto funtzionatu du.

Orain, berriz, krisi garaiko argudioak agortu direla ematen du, eta gobernu berriak bestelako arrazoiei heldu die egituraren handitzea justifikatzeko. Aurreztea jada ez da lehentasuna; hiztegitik desagertu da kontzeptua.

Gobernuaren arrazoiak

Inbestidurako hitzaldian Maria Txibite lehendakariak erabilitako diskurtsoaren ildotik, Javier Remirez bozeramaileak arrazoitu du «Nafarroako gizarteak dituen erronka handiei erantzuteko gobernu egitura egokitu» duela. Erronka horien artean daude migrazio politikak, berdintasuna, klima aldaketa eta ingurumenaren zaintza, ekonomia zirkularra eta lurralde kohesioa. Hala, Ramirezen aburuz, horregatik sortu dituzte departamentu berriak: hala nola Migrazio Politikak eta Justizia; Lurralde Kohesioa; Lurralde Antolamendua, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoak; eta Unibertsitateak, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala. «Hori guztia gizarte osoari itzuliko zaio garapenaren, aurrerapenaren eta gizarte kohesioaren bitartez. Inbertsioetan eta baliabide publikoen kudeaketan eraginkor jokatuko dugu», nabarmendu du Remirezek.

Bestela pentsatzen du EH Bilduk. Gobernu egitura jakin eta berehala, salatu zuen antolamendua «erabat neurriz kanpokoa» dela. «Nafarroako gizarteak ez du merezi halako gastu eta neurrigabekeriarik jasatea», kritikatu zuen prentsa oharrean. Gobernuko eledunak adierazitakoaren kontra, gobernua osatzeko negoziazioetan alderdien artean boterea banatzeko asmoei erantzun die egituraren handitzeak. «Botere beharrari soilik erantzuten dio». Horregatik, berehala parlamentuan galderak egingo dizkio gobernuari horrek guztiak izango duen gastua neurtzeko: «Justifikaezinak diren diru xahutzeak eragotz ditzala eta gobernu antolaketa herritarren beharrei erantzutera egokitu dadila».

Izan ere, gobernuak oraindik ez du argitu zenbateko kostua izango duen goi egitura horrek, eta, aurrekoarekin alderatuta, zenbateko igoera esan nahiko duen. Parlamentuan egindako galderetan, EH Bilduk hori azaltzeko eskatu dio gobernuari. Galdetu dio ere ea aurtengo aurrekontuetatik nondik aterako duen dirua igoera hori finantzatzeko.

Akordio programatikoan jasota dagoenez, departamentuetako egiturak aztertuko dituzte «funtzioen bikoizketak saihesteko». Halaber, administrazio publikoaren lege berri bat landu nahi dute, administrazioaren egitura aztertzeko eta karguak hautatzeko sistema berritzeko.

BERRIAn argitaratua (2019/08/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA