astekaria 2019/08/23
arrowItzuli

mundua

Beste mundu bat sortzeko plaza

Andoni Imaz

Beste mundu bat sortzeko plaza

Hogei urte ez dira alferrik igarotzen. Altermundialismoak ziklo berri bati ekin zion XX. mendearen amaieran, goia jo zuen 2000ko hamarkadaren hasieran, eta orduko lanaren emaitzak sumatzen dira kapitalismoaren aurkako egungo borroketan ere. «Beste garai batzuk ziren». Zapatismoa eratu zen Mexikon, ezkerreko ziklo bat hasi zen Latinoamerikako zenbait lurraldetan, eta globalizazioaren ikur diren goi bileren aurkako mugimendua egonkortu zen: kontragailurrak. Joseba Alvarez G7 Ez plataformako kidearen ustean, ezkerrak ez du bere garairik onena bizi nazioartean, baina duela hogei urte zabaldutako bide batzuek jarraitu dute aurrera egiten. «Politika zikloak izaten dira», Alvarezen esanetan, eta orduan hasitako zikloaren borrokarako espazio garrantzitsu bat errepikatuko da asteburuan Miarritzen (Lapurdi): G7koen goi bileraren aurkako kontragailurra.

Globalizazioaren aurkako mugimendua, edo altermundialismoa, ez zen sortu 1999. urtearen amaieran Seattlen (AEB), baina mugarri garrantzitsua izan zen ordukoa. MME Munduko Merkataritza Erakundearen ordezkariak bilera egitekoak ziren han, azaroaren 30ean, baina bertan behera geratu zen azkenean, manifestazioengatik. Protestariek MMEri egotzi zioten merkataritza askean atzera egin izana, eta adierazi zuten bilera horren asmoa estatu boteretsuenei merkataritzaren gaineko kontrol handiagoa aitortzea zela.

Bileraren bezperan abiatu zen manifestazio jendetsua: 50.000 pertsona elkartu ziren, Internet bidez egindako deialdiari erantzunez. Seattle gudu zelaia zen: hiriaren izenarekin jolastuz, Battle of Seattle deitu izan zaio egun horietan gertatutakoari. Polizia oldartu egin zitzaien manifestariei, eta bileraren inguruko guneak blokeatu zituen. Larrialdi egoera ezarri, eta gune militarizatu bat osatu zuten hirian, manifestariak bakartzeko. Ordutik aurrera, horrelakoak sortzea ohikoa izan da kontragailurretan. Denera, 500 lagun baino gehiago atxilotu zituzten.

Seattleko kontragailurra globalizazioaren aurkako mugimenduaren sortze ekintzatzat jo izan da. Orduko arrakastarengatik, mugimenduak bide oparoa egin zuen ondorengo urteetan. 2000. urtean, Pragako kontragailurrak NDF Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren arteko bilera atzeratzea lortu zuen. 2001ean, Munduko Foro Soziala sortu zen, eta lehenengo bilera egin zuten Porto Alegren (Brasil); mundu osoko 12.000 pertsona elkartu ziren. Ordutik, urtero egin izan da Munduko Foro Soziala, globalizazio kontrahegemonikoaren bidez bestelako etorkizun bat sortzeko asmoz. Ordukoa da Beste mundu bat posible da leloa.

2001. urtean, gainera, Munduko Bankuak aldatu egin zuen Bartzelonan egitekoa zen bilera: 300.000 pertsona elkartu ziren haren aurkako protestan. Hilabete geroago egin zuten inoizko kontragailur garrantzitsuenetako bat, Genovan (Italia). Han izan zen Alvarez, G8aren goi bileraren aurka protesta egin zuten 150.000 ekintzaileen artean. Poliziaren errepresio gogorra jasan zuten: carabinieri batek tirokatuta hil zen Carlo Giuliani ekintzailea.

Alvarezen ustean, garai hartan bazegoen «ezkerraren ikuspuntutik munduan irtenbide berri bat bilatzeko behar latza». Ezkerra gaur egun baino perspektiba hobearekin sumatzen zuen: «Nolabaiteko hausnarketa kolektibo global bat zegoen: ordura arteko borroka sistemak agortuta zeudela». Mende hasieran eratutako mugimendu sozialen «hauspo berri bat» sortu zen. Ezkerraren indartze edo alternatiben bilatze garai garrantzitsu horretan egin zen Genovan G8koen goi bilera eta haren aurkako kontragailurra.

Lehen hildakoa

«Sortzen ari zen ezker eta esperantza berri horren aurrean, kontraeraso bat izan zen, kapitalaren aldetik». Genovan egin zuten, Italian; gizarte mugimenduek indar handia zuten han. «Izugarrizko jendetza ginen, eta izugarrizko oztopoak jarri zizkiguten: lau kilometroko hesi bat egin zuten hiru kontainer bata bestearen gainean jarrita, barruan bakartu nahi izan gintuzten».

Internet bidezko hedabide alternatiboak sortzen ari ziren garai hartan. 2001ekoa da Wikipedia bera. Genovako kontragailurra garrantzi handiko unea izan zen haientzat, Alvarezen ustean: «Espazio komunikatibo alternatiboa batzen zuen gune oso bat sortu zen, gero poliziak, eraso egin, eta goitik behera txikitu zuena. Munduan sekulako oihartzuna zabaltzen zuen motor bat zen».

Orokorrean, traba handiak jarri zizkien Italiak kontragailurrean parte hartu zutenei: «Saiatu ziren sakelakoak itzaltzen gune osoan, jendea ez zedin koordinatu; mugak itxi zituzten toki guztietan, Italiara ezin zen inondik sartu; saiatu ziren Italiaren barne mugimendua ere ekiditen; eta, halere, ezkerraren izugarrizko erakustaldi bat izan zen». Poliziak, ordea, gogor erantzun zuen. «Erakutsi zuen ez zegoela prest ezertarako». Errepresio bortitza izan zen, eta gazte bat hil zuten tiroz. «Bakarra izan zen, eta inork ez daki oso ondo zergatik izan zen bakarra; benetako sarraskia izan zen».

2000ko hamarkadaren hasierako globalizazioaren aurkako mugimenduak apurtu egin zuen globalizazio harmonikoaren ideiarekin, eta zilegitasuna kendu zien G8, G20, MME, Munduko Bankua, NDF eta halako kapitalismoaren ikurrei. Altermundialismoak nazioarteko elkartasuna antolatu zuen, eta Seattlen eta Genovan, besteak beste, langileen eta gazteen mobilizazio eta bateratze handiak lortu zituen.

Ondorengo urteetan, baina, hauspoa galdu zuen mugimenduak. Kaleko presioak ez zituen hasierako emaitzak lortzen, eta goi bileraz goi bilera antolatzeko estrategiari ez zioten bide luzerik ikusi mugimenduaren zenbait aitzindarik. Batzuek altermundialismoari eraginkortasunik eza leporatu izan diote; besteek G20ak G8aren aurrean indarra hartu izana lorpentzat jotzen dute.

2008ko krisiak areagotu egin zuen erakundeenganako konfiantza falta, eta kapitalismoaren aurkako mugimenduak tokian tokiko borrokak izan zituen: 2011n, esaterako, M-15 mugimendua sortu zen Espainian, eta Occupy Wall Street New Yorken.

Dena dela, duela bi urte, kalean nazioarteko indar erakustaldia egin zuen altermundialismoak, Hanburgoko (Alemania) kontragailurrean. G20koen goi bileraren aurkakoa izan zen, azken urteotako jendetsuena: kapitalismoa errotik jarri zuen zalantzan berriz, krisiaren osteko garaian, eta Europaren bihotzetik.

'Ongi etorriak infernura'

Mugimenduaren hasierako kontragailur handien oihartzuna izan zuen Hanburgokoak. Ongi etorriak infernura izan zen haren leloa. Manifestaziorik jendetsuenetan 12.000 pertsona zenbatu zituen Alemaniako Poliziak. Han izan zen Xabier Lasa mugimendu internazionalistako kidea. Haren ustean, kontragailurra ez da soilik hiruzpalau egunean egiten den protesta bat, prozesu oso bat baizik: «Askotan, gailur bat dela ikusten da: agintariak paseoan datoz hiru egunean, badoaz, eta denak berdin jarraitzen du. Ez da horrela».

«Hainbat borroka borroka bakarraren barruan kokatzeko gaitasunak» harritu zuen gehien Lasa. Haren ustean, zilegi diren eta ez diren borroken arteko bereizketa egiten da askotan, erabilitako moldeen arabera, eta Hanburgoko kontragailurrean lortu zen horri buelta ematea: «Denak etsai beraren aurka ari gara borrokan, bakoitza bere moldeekin, baina inork bestearena zalantzan jarri gabe». Manifestazio asko egin ziren, era askotakoak; protesta irudimentsuak izan ziren nagusi.

Hanburgoko herritarrak ere protagonista izan ziren egun horietan. St. Pauli langile auzoak «guztiz G20aren aurkako posizioetan» zeuden, eta elkartasuna adierazi zieten haren aurkako ekintzaileei: hango futbol taldeak kanpatzeko tokia utzi zien kanpotik joandakoei, eta elizek ere lorategiak utzi zizkieten. Gainera, abokatuak eta medikuak prest zeuden, edozer gertatuta ere. Guztira 200 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten, eta horiekiko elkartasunean ere lan handia egin zuten, Lasaren hitzetan: «Elkartasuna jarriko nuke erdigunean, eta zaintza lana ere bai, askotan ahaztu egiten den hori guztia».

Lasaren ustean, horrelako goi bilerak «puntu nabarmendu bat dira Mendebaldeko herrialdeen egituratzean». Iruditzen zaio «sistema kapitalista heteropatriarkal honek» ordezkatzen duen guztia ordezkatzen dutela goi bilerek, eta horien kontra egitea bilerek ordezkatzen duten horren guztiaren kontra egitea dela. Miarritzeko goi bilerari dagokionez, «Euskal Herriak bizi dituen zapalkuntzen adibide garbia da zazpi agintariak setiatutako Miarritze batean elkartzea» haren ustean, eta elkartasunerako deia egiten du, datozenetarako: «Aurten guri tokatu zaigu, baina datozen urteetan beste batzuei tokatuko zaie, eta, gure herrian bezala, besteetan ere lanean jarraitu behar da agintariek sortu nahi duten mundua eraldatzeko».

BERRIAn argitaratua (2019/08/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA