astekaria 2016/02/12
arrowItzuli

ekonomia

Abantaila adina arazo

Jon Fernandez

Abantaila adina arazo

Asko dira, ezkerrean eta eskuman, OEU oinarrizko errenta unibertsala kritikatzen dutenak. Hauek dira argudio nagusietako batzuk:

EZ DA BIDERAGARRIA

Kontrako argudio nagusietako bat ez da ez filosofikoa, ez politikoa, praktikoa baizik. Errenta unibertsalaren sistema ez da ekonomikoki bideragarria estatuarentzat, aurkarien arabera. Espainian, adibidez, Podemosek proposatu zuen Europako Parlamenturako hauteskundeetan errenta ezartzea ?Espainiako Kongresurakoetan ezabatu egin zuen proposamen hori?, eta kalkulu ekonomikoak ere egin zituen: 145.000 milioi euroko kostua izango luke. Hau da, gaur egun BPGaren %45 inguru da Espainiaren gastu publikoa, eta horrek BPGaren %60ra igoko luke gastua. Eramanezina litzateke hori, errentaren aurkarientzat. Dena dela, Frantzian, esaterako, oinarrizko errenta izan barik ere %57,50eko gastu publikoa izan zuten 2014an, eta estatua bideragarria da.

EZ DA BIDEZKOA

Unibertsala izanik, herritar orok jasoko luke oinarrizko errenta. Herritar pobreenek eta aberatsenek, beraz, diru-sarrera kopuru bera jasoko lukete administraziotik. Etikoki zalantzagarria izan daiteke aberatsenek ere, beharrizanik izan ez arren, oinarrizko errenta jasotzea.

LANA DA DENA?

Egungo gizartearen zentroa da lana. Zergatik egiten dute oinarrizko errentaren kontra neoliberalek zein marxistek? Felix Talego antropologoak Rebelion webgunean argitaratutako artikulu batean eman du erantzuna: bai Adam Smithek eta bai Karl Marxek lana jo zuten aberastasunaren sorburutzat. Beraz, lanik ezean ez dago aberastasunik. Hannah Arendt filosofo alemaniarrak honako hau idatzi zuen gaiaz The Human Condition liburuan (Gizakiaren izaera): «Lanik gabeko langileen gizarte bat sortzekotan gaude, hau da, geratzen zaien jarduera bakarra galduko lukete langileek. Argi dago ezer ezin dela txarragoa izan».

ALFERREN MAKINA

Hilean ehunka euro batzuk ziurtatuta edukita, jende askok lanik ez egiteko hautua egin dezake. 2014. urtean, esaterako, Hego Euskal Herrian 25 urtetik beherako 21.910 gazte zeuden lanik egin barik eta ikasi barik. Oinarrizko errenta izanez gero, kopurua igo egingo litzatekeela uste dute errentaren aurkakoek.

INFLAZIOA

Teorian, OEUk baldintza kaskarreko lanpostuak ezabatuko lituzke. Pertsona orok diru iturri bat bermatuta edukiko balu, pentsatzekoa da jendeak ez lukeela lanpostu prekariorik onartu beharrik izango, eta orduan enpresaburuek lan baldintza hobeak eskaini beharko lituzketela jendea kontratatu ahal izateko. Baina hori suposizio bat baino ez da: izan ere, batzuetan, enpresariari ezinezkoa litzaioke soldatak igotzea, horrek kostuak gehiegi handitzea ekarriko bailioke enpresarentzat, produktuaren prezioa igo ezean. Enpresariak irabazi tartea ez galtzeko joera horrek, beraz, prezioak igotzea ekarriko luke, hau da, inflazioa.

ENPLEGU GUTXIAGO

Aurreko argudioarekin jarraituta, enpresariak lan baldintzak hobetzeko aukerarik ez daukanean merkatuak tarterik uzten ez diolako, enplegu horiek desagertu egingo lirateke, eta, beraz, langabezia handitu egingo litzateke.

ZURRUNEGIA DA

Ziklo ekonomikoa kontuan ez lukeen errenta litzateke. Hau da, ekonomia hazkunde ekonomiko handian dagoenean ez da komeni soldatak gehiegi igotzea, burbuila handitu eta ekonomia gehiegi berotzen delako. Alderantziz, atzeraldi ekonomikaren garaian, soldatak ez murriztea komeni da, atzeraldia ez betikotzeko. Oinarrizko errenta unibertsala diru sarrera beti bera izateak ekonomia zikloetara moldatzea zailduko luke, eta ez luke lagunduko desoreka ekonomikoak saihesten.

GAINERAKO GIZARTE LAGUNTZARIK EZ

Oinarrizko errenta unibertsala ezartzeak berekin ekarriko luke egungo gainerako laguntza guztiak ezabatzea. Ezabatu egingo lirateke, esaterako, langabezia saria, umeak zaintzeko diru laguntzak, urritasunengatik jasotakoak, zaintzarako laguntzak... Horiek guztiak ordezkatuko lituzke oinarrizko errentak. Zenbait kasutan, beraz, gaur egun jasotzen dutena baino diru gutxiago jasoko lukete herritar batzuek. Hori bai, printzipioz, errenta ezartzeak ez luke inolako eraginik izango hezkuntza eta osasun publikoan.

ENPLEGU ZERBITZUETAKO TREBATZE LANIK EZ

Langabezia saria ezabatu egingo litzateke, baina ikusteko dago langabezia bulegoen zerbitzua ere ezabatuko litzatekeen. Hala balitz, langileak trebatzeko zerbitzua bertan behera geratuko litzateke, eta langilearen formakuntzarako tresna publiko bat galduko litzateke.

BERRIAn argitaratua (2016/02/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA