gizartea
Moraza kaleko etxea husteko soilik «segurtasun faltari» begiratu izana kritikatu dute
Arantxa Iraola
Atzoko operazioak instituzioetan aski errotuta dagoen jokatzeko modu bat erakusten duela uste dute migratzaileen eskubideen aldeko elkarteko ordezkariek. «Argi zegoen. Erakundeek okupazioaren aurpegi ilegala bakarrik nabarmentzen dute. Berdin zaie eraikin oso bat urteetan hutsik egotea, eta gizartearen sektorerik babesgabeenek etxebizitza eskasia pairatzea». Jokabide horrekin arazoaren zuztarrei ez zaiela erreparatzen uste dute, ordea. «Ez dute inolako alternatibarik proposatzen, nahiz eta badakiten gizartearen parte horrek oinarrizko beharrak asetzeko benetako zailtasunak dituela». Datu «makroekonomiko» onen ondorioz, urteotan erakundeetako diru sarrerak oparotu egin direla esan dute, eta oraindik ere arbuiagarriagoa dela egoera horretan instituzio publikoen jokaera. «Norentzat ari dira gobernatzen? Zein sektorerentzat bideratzen dituzte politika publikoak?».
Gogora ekarri dute atzoko operazioak «kale gorrian» laga dituela hainbat pertsona, eta, oro har, bizileku bat lortzeko ezintasunak dituztenen aldeko neurriak ezinbestekoak direla. «Bereziki, etxegabeen aldeko politikak bideratzeko eskatzen dugu». Horren ordez, ordea, Polizia tartean sartuta, ahulenak «kriminalizatzera» egiten dela uste dute: «Horrek arazoak korapilatu egiten ditu, eta hitzaldi publiko asko ezerezean uzten ditu». Migratzaile askoren egoera bereziki arazotsua dela ohartarazi dute. Usu askatzen zail den korapilo batean daude; atzerritarrei ezartzen zaizkien legeen ondorioz, ezin dute lan merkatuan sartu, eta aparteko zailtasunak sortzen ditu horrek. Horietan eragin behar dela pentsatzen dute. Migratzaileek etxebizitza lortzeko dituzten arazoez harago, «bertako» askok ere zailtasunak dituztela gogoratu dute, eta aintzat hartu behar dela arazoaren neurria bere osotasunean.
Txosten bat
Etxe okupatuaren inguruko kexen gaineko kezka aspalditxo zuten Donostiako Udalean, eta txosten bat eskatua zuten eraikinaren segurtasunaren eta osasungarritasunaren inguruan. Agiri hori oinarri hartuta, eraikina hustu ahal izateko ebazpen judizialaren zain egon dira tarte luze batean. Lehengo astean jaso zuten, hain justu. Pentsatzekoa da, behin ebazpena jasota, Aste Nagusia bukatu arte zain geratzea erabaki zutela udal agintariek. Goiaren arabera, txostenean eraikineko arazo agerikoak aipatzen dira, eta horiek konpontzera egingo dute orain: segurtasun eta zaintza lanak izango dira, bereziki. Hain zuzen ere, lehengo astean plangintza bat onartu zuten hartu beharreko hainbat neurrirekin: goitik behera «desinfektatuko» dute eraikina, eta garbitu egingo dute ondoren. Aurretik, «zigilatu» egingo dute eraikina, gehiago inor ez dadin sar bertan bizitzera. Eraikinak hainbat jabe ditu, horietako bat kanpoan dagoela esan dute, eta horrek korapilatu eta luzatu egin ditu hartu beharreko erabakiak.
Hil honen hasieran salatutako bortxaketaz gain, izan dira segurtasunarekin lotutako albiste gehiago Moraza kaleko etxeko okupatuan. Ekainaren hasieran, adibidez, etxean bizi ziren hainbat pertsona identifikatzera joan ziren ertzainak, eta liskarrak izan ziren ondoren; Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, sei ertzain zauritu ziren operazio horretan, eta hiru lagun atxilotu zituzten.