kultura
Bizitza oin puntetan
Ainhoa Sarasola
Sorterrian eman zituen lehen dantza pausoak, 4 urterekin, Elvira Ubierna irakaslearekin. «Hondarribiko akademia bakarra zen garai hartan. Ez dakit zenbat metro edukiko zituen gelak, baina oso txikia zen, egurrezko lurrarekin; han hasi nintzen». 14 urtera arte aritu zen han, Madrilera joateko erabakia iritsi zen arte. «Gurasoentzat niretzat baino zailagoa izan zen seguru aski; nik oso garbi nuen, baina gurasoentzat erabaki handia zen halako apustu bat egitea». 16 urterekin, dantzari profesionala zen jada. Bost urtez Victor Ullate konpainian aritu ostean, 21 urterekin Suitzara joan zen, Zuricheko balletak erdi-bakarlari rola betetzeko hartu baitzuen.
Hiru urte egin zituen han Mendizabalek, baina zuzendariarekin gustura ez zegoela-eta, Alemaniara joatea erabaki zuen, Leipzigeko balletera; urtebetera konpainiako lehen dantzaria zen. Baina bere bidaian ez zen hura azken helmuga; artean ez bazekien ere, Londres zuen hurrengo geltokia. Ezohikoa izan zuen Royal Balletera iristeko modua, «oso berezia», irriz oroitzen duenez. Leipzigen lau urte bete ostean, zuzendaria aldatu behar zutela, eta haren ordez garaikidea egiten zuen koreografo bat jarriko zutela jakin zuen Mendizabalek. «Ni dantzari klasikoa naiz, garaikidea egiten dut, baina klasikoaren barnean, eta ez nuen halako aldaketa bat nahi nire errepertorioan. Eta argi nuen banindoala konpainiatik». Orduan, hara lanera joandako beste koreografo batek galdetu zion ea Royal Balleten sartzeko probarik egin ote zuen. «Ezetz esan nion, hara ez zelako kanpotik inor sartzen; normalean eskolatik joaten dira karrera egitera, edo munduko izarrik hoberenak hartzen dituzte, baina bestela...». Halere, Mendizabalen bideo bat eraman zuen koreografoak Londresera, eta, astebetera, konpainiako zuzendariaren deia jaso zuen dantzariak, proba bat egitera joateko eskatuz. «Hurrengo astean joan nintzen, klase bat egin nuen beraiekin, eta lehen bakarlari kontratua eskaini zidan». Bederatzi urte joan dira, baina irri egiten du oraindik oroitzen denean. «Gogoratzen naiz antzokitik atera nintzenean hiriari begiratu eta pentsatu nuela: 'Bueno, ba, hona nator bizitzera, ze honi ezin zaio ezetzik esan!'».
Ordu luzez entseguetan
Munduko lau konpainiarik onenen artean dago Royal Ballet, Parisko operakoarekin, Mariinsky antzokikoarekin eta American Ballet Theatrerekin batera. Lantaldearen «profesionaltasuna» goraipatu du Mendizabalek, eta bertan aritzea «pribilegioa» dela dio. Baita ardura ere. Antzokiko oholtzara igo zen lehen aldian, aurrez han aritutako dantzariekin gogoratzeak eman zion ardura horren neurria. «Hori segituan sumatu nuen. Hona datorren publikoa exijentea da, zuk erantzutea espero du; sumatzen da presioa, ez da beste antzokiak bezalakoa. Gainera, mundu guztiko balleteko prentsa dago Royallek zer egiten duen begira; oso agerian zaude, eta ardura handia da».
Urteetako eskarmentuak irakatsi dio presioa eramaten. Oholtzak ez ezik, baita urtez urte egunero-egunero egindako lanak. Gaur egun ere, dantzari eskaintzen baitizkio eguneko zortzi ordu gutxienez. 10:00 aldera beroketak egiten hasi, 10:30etik 12:00etara klasea, eta 12:00etatik 18:30era entseguak izaten ditu, konpainia prestatzen ari den ikuskizunenak. «Normalean lau programa entseatzen aritzen gara aldi berean». Ikuskizuna duten egunetan, lehenago bukatzen dute entsegua, prestatu, eta 19:30etik 23:00etara agertokian aritzeko. Igandeetan hartzen du atseden. «Eskerrak», dio barrez. «Badago jendea uste duena iristen garela gauean, ikuskizuna egin, eta, gainerakoan, egun osoa libre izaten dugula [barrez]. Baina ez, egun osoa ematen dugu entseatzen».
Urtean 11 programa inguru egiten ditu konpainiak, eta horietatik lau normalean lan berriak izaten dira. Obraren nahiz jokatzen duen rolaren araberakoa izaten da prestalana. Baita hari bere kolorea emateko duen malgutasuna ere. «Adibidez, Beltxargen aintzira egiten baduzu, eta taldeko bat baldin bazara, homogeneotasuna lortu nahi da. Baina, aldiz, printzesetako bat egiten baduzu, edo, batez ere, lehen dantzaria bazara, baduzu pixka bat jokatzeko aukera, baduzu zure aldea ateratzerik. Nik taldean jada ez dut dantzatzen, eta, hortaz, normalean egiten ditudan roletan badut askatasun bat, baina balletaren araberakoa izaten da».
Maite du bere lanaren alde hori, eta zortekoa sentitzen da, ematen dizkioten rolengatik. «Normalean, rol dramatiko gehienak ematen dizkidate, izaera indartsukoak edo dramatikoki indartsuak». Zehatzago azaldu du: «Gaizto rolak, printzesarenak normalean ez [barrez], edo prostitutarenak bestela». Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian balletean, esaterako, Bihotzetako Erreginaren rolean aritu zen, eta Loti ederra obran Carabosse sorginarena egingo du aurten. Eta halakoak ditu gustukoen. «Oso dibertigarriak izaten dira, saltsa asko dute. Antzezle dohainak dituzten dantzariak behar dituzu horietarako, eta hori da nire alde indartsua. Egia esan, printzesarena baino, nahiago sorginarena egin [barrez]».
Emozioak oholtzan askatuz
Duela bederatzi urte, Mendizabalek ez zuen buruan hiri handi batera bizitzera joateko aukera. Baina gustura dago orain Londresen. Bere auzoan egiten du bizitza batez ere, eta, beste hiri handi batzuetan bizi izan denean bezala, alde onik ere aurkitu dio horri. «Hemen bakoitzak nahi duena egiten du; nork bere bizitza du, eta anonimotasuna duzu, eta asko estimatzen dudan zerbait da».
Alde ezkorragorik ere izan du hain gaztetatik batera eta bestera ibiltzeak. Aldi zailetan sentitutako bakardadea aipatzen du berak. «Baina nik zortea izan dut alde horretatik ere, zeren fisikoki egon ez arren, familia beti eduki dut hor». Lesioak izaten dira bere lanbidean aldirik gogorrenetakoak, baina zortekoa sentitzen da horretan ere, ez baitu askorik izan. 2014an, baina, jasan zuen bat, eta 11 hilabete eman zituen dantzatu gabe. Horri ere bilatu zion alde ona; «oso urte gogorra» izan arren, asko ikasi zuela dio, eta dantzari karrerak «gogortu» egiten duela. «Tira, [halakoek] azkenean laguntzen dute, oso independente bihurtzen zara; nik, gertatzen dena gertatzen dela ere, gauzak aurrera eramaten ditut, eta hori nire lanagatik ere bada».
Bizitzako esperientzia guztiek oholtza gainetik emozioak transmititzen laguntzen dutela uste du, eta oholtzak emozioak askatzen ere bai. «Nire teoria da bizi ere egin behar dela, gero oholtzan ere gauzak bizi ahal izateko. Eta dantza, niretzat, bada emozioak kanalizatzeko modu bat; pasatutako une gogorrak edo onak rol desberdinen bidez atera ditzakezu, eta hori oso polita da».
Itzuleraz gogoetan
Joan den hilean, jaioterrira itzuli zen Mendizabal, pieza laburrez osatutako ikuskizun batekin. «Ilusio handia egiten dit hemen dantzatzeak; etxekoak, lagunak... eta agian bestela dantza ikustera joango ez litzatekeen jendea etortzen da, eta, niretzat, oso garrantzitsua da, balleteko betiko publikoari ez ezik, beste jende bati ere egiten duguna erakustea». Egun gutxi batzuetako bisita baino ez zen izan -«beti bezala, saltoka», zioen orduan, irriz-, eta laster zen Londresen atzera. Royal Balleten, dantzari ez ezik, irakasle ere badabil hango eskolan, eta zain zituen klaseak, besteak beste.
Atzerrian egindako ibilbidetik Euskal Herriko dantza munduaren egoerari begiratuta, gabezia batzuk ikusten ditu Mendizabalek. Europako hainbat herrialdetan, Alemanian kasurako, hiri txikiek ere beren dantza konpainia eta antzokia dituztela azaldu du, eta haiei lotutako eskoletatik bideratzen dituztela dantzariak horietara. Hemen, ordea, halakorik ez, eta dantza klasikoan bederen bide profesionala egin nahi duten gazteek atzerrira jo beharra dute gaur egun ere, Mendizabalen ustez. «Badakit dantza garaikiderako badaudela gauza gehiago, baina klasikoari begira ez dago irteera handirik. Ez bazara halako eskola batera joaten, gero oso zaila da konpainietan sartzea, eta, horregatik, jende askoren aukera da eskola afiliatu batera kanpora joatea. Gainera, gero eta leku gutxiago daude konpainia klasikoetan. Bai, hemen zaila dago gauza».
Programazioan ere ikusten du gabeziarik. Dantza klasikoko kalitatezko ikuskizunak garestiak izaten direla, eta, horregatik, Euskal Herrian ez dela askorik programatzen uste du. «Ondorioz, ez duzu ohitura bat sortzen. Konpainia batekin programazio bat egiten baduzu urte osoan, jendea hasiko da konpainia eta dantzariak ezagutzen, eta eskaintza ezberdinak ikusten eta jarraitzen. Ohitura bat sortzen duzu». Royal Balletek, publiko gaztea erakartzeko, entsegu irekiak egin edo sarrerak merkeago jarri ohi dituela azaldu du, eta Biarritzeko balletak ere lan hori egiten duela txalotu. «Baina azkenean dena inbertsio kontua da, norbaitek apustu hori egitea».
«Etxera beti gustura» itzultzen dela dio, baina ez du argi betirako noiz itzuliko den. Ez baitaki profesionalki zer aukera izango dituen. «Anekdota bat kontatuko dut. Duela gutxi Donostian lan poltsa bat atera zen dantza eskolarako, eta ezin izan dut parte hartu, ez dudalako titulurik». Frantzian, adibidez, bere ibilbide profesionala aurkeztuta titulua eskuratuko luke. «Baina, hemen, karrera ez da aintzat hartzen, eta ez dut kalifikatzen». Royal Balleten irakasle izan daitekeela, baina Donostiako eskolan ez, beraz. «Orduan konturatzen zara arazo bat dagoela». Londresen geratuko da oraingoz; ikusteko dago etorkizunean bere urratsek nora eramango duten.