astekaria 2019/08/23
arrowItzuli

politika

SENDOA JURADO

«Jende askorentzat, presoak duintasun eta borrokaren ikur dira»

Gotzon Hermosilla

«Jende askorentzat, presoak duintasun eta borrokaren ikur dira»

Aurten ere manifestazioa egingo du AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Bilboko Aste Nagusian, abuztuaren 24an, Zabalburu plazatik. AEMko kide Sendoa Juradok (Barakaldo, Bizkaia, 1981) azaldu duenez, «borrokaren zilegitasuna» aldarrikatu nahi dute horrekin. Deialdiak bat egin du AEMren zenbait kideren kontrako jazarpena salatzearekin. Juradok dioenez, hedabide batzuk aspalditik ari dira haien mugimendua «kriminalizatzen eta karikaturizatzen».

Zer mezu eman nahi duzue aurtengo manifestazioarekin?

Aurtengo leloa da Borroka egitea zilegi da. Amnistia osoa. Ikusten dugu lehenagoko borroka batzuk apaldu edo bukatu diren arren, Euskal Herrian pixkanaka borroka berriak sortzen ari direla. Ideologikoki ezberdintasun batzuk eduki ditzakete, baina borroka komun bera dute, borroka ardatz izatea, eta, borroka dagoen bitartean, amnistiaren defentsa egon behar da. Badaude preso batzuk aurreko zikloaren ondorioz kartzelan daudenak, horietako zenbait oso zigor luzeekin, baina ikusten dugu errepresaliatu mota berriak sortzen ari direla, isunekin ez ezik kartzelara joateko ere benetako arriskuarekin. Uste dugu amnistia dela aurreko belaunaldiak eta gaurkoak eta etorkizunekoak lotzen dituen haria.

Bezperan, beste manifestazio bat egingo da, Sarek antolatua. Jende askori ulertzeko zaila begitanduko zaio presoen inguruan bi mobilizazio egotea.

Beti esan dugu giza eskubideen esparrua aipatzea ondo begitantzen zaigula baldin eta azken mezua desbideratzen ez bada. Gaur egun, soilik giza eskubideen esparruan gelditzeak eta presoen ibilbide politikotik deslotzeak errepresioari erraztasunak ematea dakar. Presoen afera despolitizatuta uler daiteke hemen ez dela gatazka politikorik egon, eta hori da etsaiak lortu nahi duena: gatazka politiko bat terrorismo arazo bilakatzea. Guretzat, ezinbestekoa da errepresaliatuen izaera politikoa nabarmentzea, militante politikoak direla, haien borroka moldearen inguruko iritzia gorabehera.

Iazko manifestazioa egin zenutenetik, zertan aldatu da abagunea?

Ikusi dugu Frantziako Estatuak urrats batzuk egin dituela presoak hurbiltzearen inguruan, emakumeak hurbiltze horretatik kanpo utzita. Estatuek errepresio maila egokitzen dute dagoen erresistentzia mailaren arabera, eta Frantziakoak hori egin du: ETA desagertuta, beharbada haien ikuspegitik sakabanaketak zentzua galtzen du, edo bere funtzioa bete duela pentsatzen dute.

Espainiako Estatuan desberdina da: preso batzuk ari dira hurbiltzen, baina beraiek jarritako baldintzen arabera, eta ez dute beste preso batzuk mugitzeko inolako borondaterik. Bakartzeak jarraitzen du, preso gaixoen afera xantaia gisa erabiltzen jarraitzen dute, errepresioak jarraitzen du, eta ez dugu uste aldaketa handirik egongo denik, erakutsi nahi dutelako estatuari aurre egiten dion edonork ondorioak pairatuko dituela.

Zuen militanteen kontrako jazarpena salatu duzue oraindik orain. Zer-nola gauzatzen da jazarpen hori?

Mugimendua sortu zenetik beretik jarraipenak egon dira. Egia da tarte lasaiago batzuk egon direla, baina azken hilabetean jarraipen horiek areagotu egin dira, baita bat-bateko kontrolak ere, eta jazarpena beste maila batera iritsi da, batzuen auto eta etxeetan sartu direlako. Dena hankaz gora utzi dute, baina ez dute ezer lapurtu. Guk mehatxu moduan ulertzen dugu hori.

Eta zer analisi politiko egiten duzue horren inguruan?

Gure mugimendua baldintzatzeko saialdia ikusten dugu hor. Ez da berria, aurreko zikloan ere ikusi dugulako. Baina guk beti jakin dugu gure jarrera militanteak ondorioak ekar zitzakeela; militante helduak gara, eta ez dugu atzera egingo.

Presoen harrerak polemika iturri izan dira azken bolada honetan. Zuek zer iritzi duzue afera horretaz?

Iraganaren bitartez, etorkizuna baldintzatzeko saialdi bat dago. Preso horiek, jende askorentzat, borrokaren, duintasunaren, eskuzabaltasunaren ikur dira, eta, ikur diren heinean, moztu egin nahi dute iraganeko eta etorkizuneko belaunaldien arteko transmisioa. Biktimen elkarte ultraeskuindar batzuk, biktimak erabiliz, saiatzen ari dira euren proiektu politikoa inposatzen, estatuaren indarkeria zuritzen eta indarkeria horri erantzuteko eskubidea ezbaian jartzen.

Irailean, 47 lagun epaituko dituzte 11/13 sumarioaren harira. Zer iritzi duzue horren inguruan?

Hasteko eta behin, eta desadostasun ideologikoen gainetik, errepresioaren aurrean elkartasuna adieraztea dagokigu. Bestalde, oraingoan preso eta errepresaliatu politikoen aldeko lana ez ezik, asistentzia ere kriminalizatu eta espetxeratu nahi dute: abokatuak, medikuak, senideak eta abar. Epaiketa ez da soilik pertsona horien aurka: lan horrek esan nahi duenaren aurkakoa ere bada. Beraz, eta haiek egiten duten irakurketarekin ados ez egonda ere, epaiketa hori irmo salatu nahi dugu.

Irailaren 14an egingo den manifestazioarekin bat egingo duzue?

Ez dugu bat egingo, arrazoi batengatik: horren inguruko agirian behin eta berri aipatzen da aurrera eramaten ari den prozesua elikatu behar dela, eta guk aspalditik esan dugu gure ustez gaur egun ez dagoela bake prozesurik, alde baten baketze prozesua baizik, eskaera guztiak alde bakar bati eginez eta estatuei gehienez ere gatazkaren ondorioen inguruko eskabide txiki batzuk eginez. Gu erreferentzia horrekin ez gaude ados, eta horregatik ez dugu manifestazioa babestuko, baina guk ez diegu inoiz esaten gure militanteei nora joan behar duten; norbaitek manifestaziora joan nahi badu, joan daiteke, noski.

BERRIAn argitaratua (2019/08/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA