mundua
Ginobiliren kontraerasoa
Cecilia Valdes
Titulartasuna
1902an, orduko presidente Rocak Villa La Angosturako 9. lursaila eman zion ordainetan Paichil Antriao familiari, Txileko mendilerroaren eta Argentinaren arteko muga zehazteko lanak egiteagatik. Orduan, jabaria eskualdatzeko titulua sinatu zen, estatuaren lurrak baitziren, baina, gero, hainbat diktadura garaitan, lur horiek kendu zizkieten, prozedura baten bidez. 1976an, Videla diktadoreak sinatutako lege baten bitartez, herriei baimena eman zitzaien partikularren lurrak beretzeko. «Villa La Angostura herriak 9. lursailaren zati handi bat kendu zien», esan du Virgiliok, Paichil Antriao komunitatearen abokatu eta ordezkariak.
«Beste prozeduran, berriz, Onganiaren diktaduran [1966-1970] armadak izendatutako ikuskatzaile bat, Salamida intendentea, mendira joaten zen zenbait eskribaurekin, eta komunitateari galdetzen zion ea zer behar zuen, eta eman egiten zien; horren truke, behatz lodia agiri batean jartzera behartzen zituen, eta, hala, herritarrek beren lursailak ematea lortzen zuen». Herritarren ordez sinatzen zuen pertsona bat ere bazen tramitean, fede ematen zuena herritar horiek analfabetoak zirela. «Hau da, diktaduran, komunitateari ia guztiz kendu zioten 9. lursaila. Orain, inor bizi ez den lekuak bereganatu nahi dituzte, besteak beste Belvedere muinoa; hor daude Ginobiliren lurrak, eta, gainera, gune gorri kontsideratzen dira, eta Basoen Legeak babesten ditu».
Lur babestuak ezin dira ukitu, baina sal daitezke. «Ginobilik lurrak erosi zizkionean Salamidari, 2004an, bazekien hor maputxeak bizi zirela», nabarmendu du Virgiliok. Eta hori frogatzen saiatuko dira epaiketan. «Horren seinale, lurrak erosi eta berehala, Ginobilik epaiketa bat hasi zuen Paichil Antriao komunitatearen aurka; egiazkotasuna deklaratzeko saio bat zen, frogatzeko bere tituluak aitzakiarik gabeak zirela. Hori kontraesanezkoa da: epaiketa bat abiatu behar badu frogatzeko aitzakiarik gabeak direla, izango dute aitzakiaren bat».
Egiazkotasuna deklaratzeko saioa hastearekin bat, Ginobilik abian jarri zuen berreskuratze interdiktu bat: lurrak uzteko demanda labur moduko bat, maputxeen aurka. Orduan, maputxeek akordio bat lortu zuten Ginobilirekin: berak aurrera jarraituko zuen jabetzaren tituluaren egiazkotasuna deklaratzeko saioarekin, eta komunitateak alde egingo zuen lurretatik, berrikuntzarik ez egiteko baldintzapean; hau da, Ginobilik ez zuen egingo lurrak eraldatuko lituzkeen etxegintza proiekturik.
Kalte larriak ingurumenean
Ginobilik Lago Correntosoko fideikomisoan hitzartutakoak eraginik gabe utzi zuen komunitatearekin adostua zuena; izan ere, Lago Correntosoko ekialdeko kostaldeko urbanizazio proiektu bat egitea hitzartu zuten, Belvedere muinoaren mendebaldeko magalean, Villa La Angosturan. Ginobilik bide eman zion etxegintza proiektu horri; ez zuen bete berrikuntzarik ez egiteko akordioa, eta maputxeak lursail horietara bueltatu ziren. «Ginobilik ezkutuan eduki nahi izan zuen, baina hotel proiektu bat zeukan martxan lur haietan. Beti ukatu zuen fideikomiso hori egin izana, baina haren jabetzaren zaintzaileak lan harremana du Rossirekin —Macri Argentinako presidentearen koinatuarekin—, eta Rossik du fideikomisoaren ardura. Lago Correntosoko bizilagunarekin elkartu zen, eta fideikomisoa bidea egiten eta basoa hondatzen hasi zen».
Orduan, komunitatea traun batean bildu zen —autoritate filosofikoen bilera, taldean erabakiak hartzekoa—, eta erabaki zuten beren antzinako mandatuaren arabera jardungo zutela: lurra babestearen alde. «Eta orain horren ondorioak ordaintzen ari dira», adierazi du Virgiliok. «Ingurumenari kalte gehiago egitea ekidin zuten, eta lurrak babesteari ekin zioten. Orduan, Rossik usurpazioagatik salatu zituen, eta ingurua poliziaz bete zen. Nik prebentziozko habeas corpus bat aurkeztu nuen, hurbil baitzegoen Villa Mascardin gertatutakoa [Rafael Nahuel maputxearen hilketa], eta Polizia handik ateratzea lortu zen fiskalarekin egindako akordio bati esker. Azkenean, fiskalak ezetsi egin zuen salaketa».
Handik aste gutxira, maputxeek egoera kontrolatua zutenean, pertsona talde bat azaldu zen: jo egin zituzten maputxeak, eta ondasunak erre zizkieten. Erasoa geldiaraztea lortu zuten, baina erasotzaile batzuek ihes egin zuten, eta Ginobiliren zaintzaile Martinezen etxean babestu ziren. «Zaintzaileak ez zuen ezer esan zenbait hilabetez, maputxeak lurrak zaintzen ibili ziren bitartean. Komunitateak zaintzailearengana jo zuen, eta azalpenak eskatu zizkion. Filmaketa batzuetan ageri da esanez berak ez zekiela halako hondamendia eragingo zutela, eta, azkenean, alde egin zuen handik. Fiskaltzara joan zen, eta salaketa bat jarri zuen usurpazioagatik. Salatu zuen etxea usurpatu ziotela, baina bere borondatez joana zen. Zaintzailearen ondoren, Ginobilik kereila aurkeztu du Paichil Antriao komunitatearen aurka, eta aurrera eraman du urrian izango dugun epaiketa hori».
Epaiketa
2018ko ekainaren 13an, bi salaketa heldu zitzaizkion Adrian De Lillo fiskalari, eta biek protagonista berak zituzten. Salaketa horien harira, bi auzi jarri ziren abian: bata usurpazioagatik, eta bestea erasoagatik. Erasoaren auzian bi inputatu daude; biak Bueno Airesen bizi dira, eta kontratatuak izan ziren komunitateko kideak jotzeko. «Ginobiliren zaintzaileak zera egin zuen: maputxeak salatu zituen zurigarri gisa, berak eraso horretan esku hartu baitzuen. Guk fiskalari eskatzen diogu Ginobili inputa dezala eta iker dezala nork agindu zuen maputxeak jotzeko».
Usurpazioaren auziak hiru paper sorta ditu, eta hiru kereila jartzaile daude tartean: Converti, Bianchini eta Ginobili. «Pertsona horiek ondoko lursailak erosi zituzten, eta eskua sartu zuten maputxeek okupatua zuten leku batean. Maputxeak usurpatzaile gisa epaituak izaten ari dira, eta, egiaz, delitu horren biktima izan dira; hori frogatzen saiatuko gara epaiketan. Usurpazio delituak ez du inongo zentzurik zu bazara lurren titularra edo jabea».
Duela egun batzuk, De Lillo fiskalak baimena eskatu zion Villa La Angosturako fiskalburuari erasoaren auzian «ez parte hartzeko». Eskari hori komunitatearen adierazpen batzuen harira egin zuen: «Ez ditu betetzen guk eskatzen dizkiogun diligentziak, eta erasoaren auzian inputatzeko eskatzen diogun pertsona berberak erabiltzen ditu lekuko gisa usurpazioaren auzian. Haren objektibotasun faltaren erakusgarri diren irregulartasun horiek guztiak protesta formal batean helarazi genizkionean, pentsatu zuen moralki eragiten ziola, eta ez parte hartzea erabaki zuen; hala ere, fiskalburuak ez du oraindik ezer erabaki. Maputxeen aurkako epaiketaren auziek, ordea, bere horretan diraute»
Maputxeen komunitatearen defentsak deklaratzera deitu zuen Ginobili, baina aurkezteari uko egin dio sistematikoki. «Ginobili ez agertzea zuritzeko, haiek diote ez zegoela han dena gertatu zenean. Nire ustez, horrek ez du garrantzirik; izan ere, beste bi enpresaburuak ere ez zeuden han, eta, hala ere, aurkeztuko dira». Horri dagokionez, Neuquen probintziako Zigor Kodeko 109. artikuluak kontuan hartzen du OITren 169. Hitzarmenaren 9.2 klausula, herri indigena eta tribalei buruzkoa: haren arabera, OITren parte diren estatuak behartuta daude ohiturak errespetatzera zigor prozesuetan. «Maputxeen komunitateak ez du onartzen zerbaitengatik epaitua den pertsona bat, edo ustezko biktima, ez egotea komunitatearen aurrean haiek begietara begiratu eta galde diezaioten. Horrek haien tradizioekin du zerikusia, baina, gainera, ez dio ihes egiten gure akusazio sistemari, eta ez zaio kontrajartzen. Salatzaileak akusazioaren lekuko izaten dira kasu gehienetan».