politika
Foro Sozialak «adostasunak» antzeman ditu harreren auzian
Jon O. Urain
Bilera horietan «hiru adostasun» antzeman dituzte. Batetik, ETAren biktimen posizioarekiko errespetua eta, «nolabait», ongietorriek «berriro biktima» bihurtzen dituztela; bestetik, «ETAko presoen eta iheslarien senideekiko errespetua» horiei «poztasunez harrera» egiteko orduan; azkenik, hirugarren adostasun puntua da «eragile guztiek» uste dutela presoen auzia konpontzeak «ekarpena» egingo liokeela «elkarbizitza demokratikoari». Horregatik, Hernanek uste du presoen ongietorrien alorrean konponbide bat erdietsiko dela.
Ildo horretan, Hernanek gogorarazi du Foro Sozialak proposamen bat egin duela alor horretan, eta eskaintza hori «biktimekiko errespetuan» oinarrituta dagoela, ongietorriek «onartu ezin den oinaze erantsi bat» eragiten dietelako. Hala ere, gaineratu du presoen senideen oinazeak ere «aitortza bat» behar duela.
Jose Jabier Zabaleta Elosegi Baldo euskal presoa uztailaren 27an atera zen libre Zuerako (Zaragoza, Espainia) kartzelatik, eta egun berean egin zioten harrera sorterrian, Hernanin (Gipuzkoa). Ugarteri, berriz, Oñatin (Gipuzkoa) egin zioten harrera; 22 urteko zigorra bete ondoren atera zen Topasko kartzelatik (Salamanca, Espainia). Bi ongietorriak ikertzen ari da orain Espainiako Auzitegi Nazionala.
Hernanek gogorarazi du aurten 28 laguni egin dietela harrera, hamabost preso ohiri eta hamahiru iheslari ohiri, eta soilik hiruk sortu dutela polemika. Hortaz, uste du polemika hori «udako ekaitz bat» bihurtu dela. Ildo horretan, oroitarazi du Parot doktrina bertan behera uztean espetxetik irtendako presoei ez zitzaiela harrerarik egin hala «adostu» zelako, eta gaineratu du Foro Soziala irailetik aurrera saiatuko dela gaia «espazio mediatikotik» ateratzen eta «lan eremuetara» eramaten.