astekaria 2016/02/12
arrowItzuli

ekonomia

PERTSONA BAT, SOLDATA BAT

Jon Fernandez

PERTSONA BAT, SOLDATA BAT

Goizero esnatu eta lanerako jaiki beharrean izarapean buelta eman eta ohean geratuta ere, 800 euroko soldata ziurtatua izan dezakete finlandiarrek urte gutxi barru. Egitasmoaren aurkariek uste dute alferkeriaren apologia dela finlandiar izate hutsagatik estatuak 18 urtetik gorako herritar guztiei gutxieneko diru sarrera bat bermatzeko proposamena. Woody Allenek zuzendutako lehen filmaren izenburua datorkie burura, Take the Money and Run (Hartu dirua eta ospa), errenta unibertsala ezarriz gero jendeak lana bilatzeari uko egingo diolakoan. Proposamenaren aldekoek, berriz, diote lan munduko baldintzak ere hobetuko liratekeela, ongizatea sendotzeaz gain. Eztabaida puri-purian dago.

Hiru alderdiko zentro-eskuineko koalizio gobernuak proposatu du, eta 2016ko azaroan aurkeztuko du plana zehaztasun guztiekin. Oraindik, beraz, garatu beharreko proiektua da, eta ez dago neurri zehatzen gaineko informazio handirik. Are gehiago, nazioarteko hedabideek gaiaz publikatu dituzten artikuluek kalapita sortu dute Europa iparraldeko herrialdean, eta hango Gizarte Segurantzak (Kela) azalpenak eman behar izan ditu, esanez proiektua soilik hastapenetan den azterketa bat dela. Ia dena dagoela oraindik zehazteko, alegia.

Gizarte Segurantza bera ari da plana ontzen, eta, haren inkesten arabera, herritarren %69 ados daude errenta unibertsala ezartzearekin. «Niretzat, oinarrizko errenta unibertsalak esan nahi du gizarte segurantzako sistema sinplifikatzea», argitu du Juha Sipila lehen ministroak. Izan ere, gobernuaren asmoa litzateke behin oinarrizko errenta indarrean denean bestelako diru laguntza guztiak ezabatzea: umeen zaintzagatik edo urritasunengatik jasotzen dituzten laguntza publikoak eta langabezia saria, besteak beste. Horrez gain, diru laguntzen burokrazia ezabatu nahi du —oinarrizko errenta baldintzarik gabeko laguntza denez, ez dago hura eskatu beharrik, ez berrikusi beharrik—, eta enplegua sustatu. Dena dela, ez litzateke inolako aldaketarik egingo osasuna edo hezkuntza bezalako zerbitzu publikoetan.

Errenta unibertsala, beraz, kaltegarria izan daiteke egun bestelako diru laguntzak jasotzen dituztenentzat, hilean diru gutxiago kobratuko luketelako. Helsinkiren oinarrizko errenta unibertsala litzateke, baldintzarik gabea, eta, beraz, hilero 800 euro kobratuko lituzke herritar aberats batek zein pobre batek. Gainera, diru laguntza indibiduala da, ez familiarena: etxe batean bizi den bikote batek hilean 1.600 euroko diru sarrera izango luke, baina bi seme-alabarekin bizi den ama batek soilik 800 euro izango lituzke hiru lagun mantentzeko.

Gaur egungo enpleguaren prekarizazioa konpontzeko errenta unibertsala tresna aparta dela uste du Jordi Arcarons-ek, Bartzelonako Unibertsitateko ekonomia katedradunak. Gipuzkoan oinarrizko errenta unibertsala ezartzea bideragarria ote zen aztertu zuen Arcaronsek 2014an, eta azaldu du konpon daitezkeela banakako oinarrizko errentak sor ditzakeen injustizia kasu bakanak: «Kasu horietan, etxebizitzako oinarrizko errenta sistema erabil daiteke, nolabait oinarrizko errenta indibidualaren muga batzuk gainditzeko».

PFEZ bakarra: %40,5

Gipuzkoan errenta unibertsalaren antzeko sistema bat jartzea bideragarria litzatekeela frogatutzat jo zuen Arcaronsek joan den urtean foru aldundiarekin batera aurkeztutako azterketan. Adineko bakoitzarentzat hilean 658,5 euroko errenta proposatu zuen, eta 131,7 euro adingabe bakoitzarentzat. Errenta baldintzarik gabea eta banakakoa izango litzateke. Guztira, 4.857 milioi euro behar lirateke Gipuzkoan sistema ezartzeko: 1.518 milioi euro etorriko lirateke orain gipuzkoarrek jasotzen dituzten diruzko prestazio txikiagoetatik —pentsioak, laguntzak eta antzekoak—, eta gainerakoa errenta zergan (PFEZ) tasa bakarra ezarrita lortuko litzateke (%40,52).

Aberatsenek ere jasoko lukete oinarrizko errenta, baina egiatan ez lirateke onuradun garbiak izango, zergetan ordainduko bailukete. UBko katedradunaren arabera, zerga igoera eta oinarrizko errentaren ezarpena onuragarria izango lirateke gipuzkoarren %75entzat. Zer gertatuko litzateke, baina, pentsioekin? Arcaronsek proposatzen du oinarrizko errentak bere gain hartzea pentsioaren zatirik handiena; horrela, estatuak dirua aurreztuko luke pentsioetan. «Esaterako, 1.000 euro dagokion pentsiodunak 700 euro inguru jasoko lituzke oinarrizko errentatik, eta beste 300 estatuaren poltsikotik».

Laguntza baldintzadunak ezabatu eta errenta baldintza gabea ezartzearen aldekoa da Cive Perez ere, Renta Básica Universal. La peor de las soluciones (a excepcián de todas las demás) (Clave Intelectual) obraren egilea. «Gaur egungo laguntzak ez dira iristen behar dituen jendearengana, sistemaren kudeaketa eta politika eraginkortasun faltagatik. Bestela, pobreziaren arazoa konponduta egongo litzateke». Tranpako laguntzak direla azaldu du. «Lanik egiten ez baduzu kobratzen duzu subsidioa, bestela ez; beraz, bihar aldi baterako lan bat sortzen bazaizu, ez zoaz, edo beltzean egongo duzu. Laguntzak berak perbertsioa dauka barnean. Oinarrizko errentarekin, ez dago arrisku hori: lanera zoaz ala ez».

Nagikeriaren teoriari ez

Herritar oro pobrezia mailatik behera ez geratzea bermatzeaz gain, lan baldintzak hobetzeko balio dezake, Perezek dioenez. Errenta unibertsalak langilea enpresariarekin negoziatzeko indartzen duela azaldu du, «gutxieneko duintasun bat» ematen diola beharginari. «Baina gizarte kapitalista batean bizi gara, eta oinarrizko errentak ez du hori aldatuko. Kapitalismoak pizgarri ugari ditu kontsumorako; beraz, jendeak lan egingo luke. Oinarrizko errentarekin ezin duzu motor bat erosi». Nagikeriaren teoria baztertu dute bi adituek.

Arcarons konbentzituta dago langileak indar handiagoa izango lukeela enpresa handietan baldintzak negoziatu ahal izateko. «Ez dago zalantzarik oinarrizko errentak balio duela lan prekarioak eta inork egin nahi ez dituenak nolabait hobetzeko». Arriskua sor daiteke lan txarrenak atzerritarrek betetzekoa, herritartasunik ez duten neurrian ez dutelako oinarrizko errentarik, eta lanerako behar gordinagoa izango luketelako. Orain ere antzeko zerbait gertatzen dela dio Arcaronsek, eta azken batean etorkinek ere lortuko luketela herritartasuna eta oinarrizko errenta.

Proposamenaren aurkariek nabarmendu izan dute etorkinak erakarriko lituzkeela errentaren sistemak. Civeren ustez, ordea, ez litzateke horrela izango. «Errefuxiatu ugari ari gara ikusten Europako itsas bazterretara iristen, eta hemen ez dago oinarrizko errentarik. Zerbaiten bila baino gehiago, ihesi datoz». Bada, hain zuzen, Finlandiako Gobernuak proposatu berri du errefuxiatuek doan lan egin beharko luketela.

Ez da kasualitatea Finlandiak orain egin izana oinarrizko errentaren proposamena. Hiru urteko atzeraldi ekonomikoaren ostean, azken 15 urteetako langabezia tasarik handiena dauka, %9,53. Hilean 800 euro ziurtatuz gero, gobernuak espero du jendeak enplegu partzialak egiteko joera handiagoa izango lukeela. Gobernuak, gainera, dirua aurreztuko luke. Finlandiak 5,4 milioi biztanle ditu, eta horietatik 4,9 milioi inguru dira pertsona helduak. Bakoitzak 800 euro jaso beharko lituzkeenez, urtean 46.700 milioi euro gastatuko lituzke estatuak, baina, aldi berean, 49.000 milioi euro aurreztuko lituzke, gainerako laguntzak eta tramite burokratikoak ezabatuta, Bloombergek egindako kalkuluen arabera.

Eredu aldaketa islatzen du

Helburu nagusia pobreziari eta desberdintasunari aurrea egitea bada ere, Arcaronsek esplikatu du aldi berean «gizartearen baldintza materialak berrantolatzeko ahalegin bat» ere badela. «Ikusi dute egungo egoeran langabezia handiak ez duela konponbiderik: herrialdeetan ez da egongo hain hazkunde erritmo handirik hain langabezia handiak ezabatzeko». Alemania jarri du adibide, hiru-lau ordu lan eginda 400-500 euroko soldata duten minilanena. «Eredu hori nagusituko da, jadanik ezin dugulako zortzi edo hamar orduko enplegurik sortu. Oinarrizko errentak lagunduko du horrek funtziona dezan, eta, aldi berean, kontsumoa eror ez dadin».

Krisi ekonomikoak pobrezia eta desberdintasun sozialak nabarmendu dituen azken urteetan, gizarte mugimenduetan indarra hartu du errenta unibertsalaren kontzeptuak, eta, oro har, botereko eliteek baztertu egin dute. Baina arrazoi ezberdinengatik, ideologikoki bi muturrak erakartzeko gai izan da eredua: ezkerreko alderdiek proposatu izan duten bezala, Richard Nixon eta Milton Friedman liberalek ere proposatu izan zuten.

«Europako ezkerrak ez du inoiz defendatu errenta unibertsala, arrazoi batengatik: lanean oinarrituta dagoen sustrai marxista duelako», Perezen esanetan. Marxek Alemaniako sozialdemokraten 1875eko Gothako programari egindako kritika gogora ekarri beharra azpimarratu du: «Alderdiek lana eta lana nahi zuten, baina Marxek esaten zuen kontuz ibiltzeko lanarekin, lana merkantzia bihurtzen denean eta batzuk direnean lanaren jabeak, besteen baimenarekin baino ezin dela lana egin». Horixe gertatzen da gaur ere, Perezen ustez. «Ez dezagun pentsa oinarrizko errentak eragin iraultzaileak izango lituzkeenik, baina, helburu nagusia pobrezia ezabatzea bada ere, aldaketa batzuk eragingo lituzke lan merkatuan».

BERRIAn argitaratua (2016/02/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA