astekaria 2019/08/16
arrowItzuli

ekonomia

Beharrak eragindako hautua

Paulo Ostolaza

Beharrak eragindako hautua

Pujan Koirala nepaldarra Bartzelonara iritsi berria zen. 22 urteko gazte haren lehen enplegua zen Glovoko banatzaile lana, beste zenbait etorkinena moduan. Ez zuen paperik, eta beste bati alokatu zion lan egin ahal izateko kontua, komisio baten eta lan egiteko konpromisoaren trukean.

2019ko maiatzaren 25ean, garbiketa kamioi batek harrapatu eta hil zen gazte nepaldarra, bizikletaz zerbitzua ematen ari zela. Suari su ematea bezala izan zen, bizi-bizi baitzegoen plataforma digitaletako banatzaileen inguruko eztabaida. Protesta eta kritika zaparrada eragin zuen ezbeharrak. Bartzelonan eginiko protesten leloa argia eta zuzena zen: «Glovok hil egiten gaitu». Pujan Koirala izan zen munduan hildako hamalaugarren rider-a —horrela deitzen diete banatzaileei—.

Glovoren eta Deliverooren lan ereduari buruzko eztabaida albistegien lehen lerrora itzuli da azken asteotan, Espainian izan diren zenbait epaiketa direla medio. Enpresa horietako banatzaileek autonomo gisa ematen dute izena, eta «kolaboratzaile» deitzen diete. Beraz, ez dira enpresako langileak; edo bai: autonomo batek bere lanaren %75 baino gehiago enpresa berarentzat egiten badu, autonomo faltsua da.

Orain arte ez da irizpide argirik izan kasuok epaitzeko: Glovok zortzi epaiketa irabazi ditu, eta zazpi galdu. Banatzaileak autonomoak direla ebatzi duten epaiek diote banatzaileek ez dutela «ez jardunaldirik, ez ordutegirik», eta «beren jardunaren kontrol osoa» dutela.

Justizia auzitegi nagusi batek Glovoren aurka emandako lehenengo epaia uztailaren amaieran argitaratu zen, Asturiasen (Espainia). Epai horren arabera, «pentsaezina da banatzaileek plataformaren babesik gabe egin ahal izatea banaketa», eta aplikazioaren puntuazio sistema ere aipatu dute bertan: «Rider-a kontrolatzeko balio du; etengabe zelatatuak daude, eta rankingean lehen postuetan daudenek soilik dute eskubidea noiz eta zenbat lan egin aukeratzeko». Beraz, epaitegi horren arabera, banatzaileak ez dira «euren jardunaren jabeak».

Glovok zabalik dauka bere ereduaren aurkako lehen makroepaiketa: 326 banatzaile deituak daude deklaratzera Zaragozan (Espainia), irailaren 30erako. Deliverooren kasuan —Glovoren konpetentzia nagusia den banaketa plataforma—, behin betikoak dira epaiak dagoeneko. Ekainean, 97 rider autonomo faltsuak zirela esan zuen Valentziako epaitegi batek, eta, uztailaren 23an, 532 mandatari autonomo faltsutzat jo zituzten Madrilen. Lan Ikuskaritzak kalkulatu du Espainian 8.076 autonomo faltsu daudela plataforma digitaletan.

Badira kasuak Euskal Herrian ere. Aste honetan jarri du LAB sindikatuak Glovoren aurkako lehen salaketa Nafarroan, eta salaketa jarri duen langilearekin hitz egin du BERRIAk.

Klemen izena du —ez du abizenik eman nahi—, 53 urte ditu eta urtarrilaren 4tik dabil Glovon lanean, Iruñean, autoz. Deigarria da haren kasua, ez baitu banatzaileen ohiko profila. Honela azaldu du nola iritsi zen Glovora: «Urteak neramatzan lan prekario batetik bestera, aldi baterako laneko enpresetan eta fabriketan; hortik irten beharra nuen». Glovoren eskaintza ikusi zuen Interneten: «Mandataria behar da, ordutegi finkorik gabe, nagusirik gabe; ibilgailua eta sakelakoa sarera konektatuta edukitzea, hori bakarrik behar da», esaten zuen.

Beste zenbait enpresari moduan, hari ere idatzi zion, eta berehala jaso zuen erantzuna. Lehen bileran, bost-sei lagun bildu ziren arduradunarekin Iruñeko Glovoren bulegoan; hamabost minutuz azaldu zieten zer den Glovo, nola funtzionatzen duen. Lanean hasteko interesa bazuten, hurrengo bilerara autonomo gisa izena emanda azaldu behar zuten —Glovok berak eskaintzen die gestoria bat langileei, hilean hamahiru euroren truke—. Hala egin zuen Klemenek; bera izan zen lehen bilera hartatik jarraitu zuen bakarra. Hiru egun geroago berriz bildu, hamabost minutuko beste «formakuntza» bat jaso, zeinean langileen aplikazioa deskargatu eta funtzionamendua azaldu zioten, eta hurrengo egunean, lanera.

Gaur arte. Ez du egun batean ere atseden hartu. Halere, ez da Glovon lan gehien egiten duen langilea. Banaketa plataformak sailkapen bat du hiri bakoitzean, banatzaileei zenbait irizpideren arabera ematen edo kentzen zaizkien puntuen arabera: eskainitako orduak onartzea, asteburuetan lan egitea, erabiltzaileek jarritako puntuazioa, abiadura... Gehienez 100 puntura irits daitezke.

Lan egin nahi duten orduak aukeratzeko balio die horrek. Zenbat eta lehenago hautatu, orduan eta ordu gehiago hartzeko aukera dute. Puntuazio txikia badute, eskari gehien duten ordu gutxi batzuetan soilik egin dezakete lan. Astelehenetan eta ostegunetan izaten da aukeratzeko txanda. «Lan gehien egiten dutenak behar handia duten sektoreetako pertsonak dira, gehienak etorkinak, eta egunean batez beste hamar-hamaika ordu inguru egiten dute lan», azaldu du.

Kataluniako enpresak nagusiki ikasleei eta irabazi gehigarri batzuk nahi dituzten gazteei zuzentzen die publizitatea. Honela dio haren webguneak: «Gure zerbitzuaren malgutasunak modua ematen du banatzaileek askatasuna izan eta euren denbora librean diru sarrerak izateko».

Profil hori ez da oso ohikoa, ordea, banatzaile gehienek jardun osoko lantzat baitute Glovo. Klemenen hitzetan, «izango da Glovo irabazi gehigarriren bat lortzeko modu bezala erabiltzen duen jendea, baina ez dira gehiengoa. Ematen dizkiguten ordu guztiak aprobetxatzen saiatzen gara gehienok. Sei-zazpi ordu. Asteburuetan, zortzi edo hamar ere izan daitezke. Nik puntuazio ona dut; beraz, asteburuetan hamaika ordu lan egitera ere iritsi naiz».

Hainbeste lanordu beharragatik egiten dituela azpimarratu du Klemenek: «Asteburuek ematen dizute diru gehien. Sarritan, astean lau-bost ordutan soilik lan egin ahal duzu; beraz, ostirala iristen da, eta 100 euro soilik irabazi dituzula ikusten baduzu, zeure burua behartzen duzu asteburuan ahalik eta ordu gehien egitera».

Zerbitzuko 2,5 euro finko irabazten dituzte banatzaileek —Gasteizko rider-ek grebak egin zituzten dirusari hori euro bakarrera jaitsi dietelako—; 50 zentimo gehiago, Google Mapsek kalkulatutako ibilbide motzenaren kilometro bakoitzeko; eta jatetxe batean zain dauden minutu bakoitzeko, beste bost zentimo, seigarren minututik aurrera. Bi astetik behin kobratzen dute.

Klemenek azaldu duenez, «bi astean 350-400 euro inguru irabazten ditut; horri BEZa ere gehitzen diote; beraz, 400 lortuz gero, 480 euro ordaintzen dizkizute». Ez du hori poltsikoratzen, ordea: «Hilabetean 800-900 eurora heldu ninteke, baina horri gasolinarako 100 euro inguru kendu, baita autonomoen kuotaren beste 60 ere. Gestoria, autoaren bestelako gastuak... Garbiak 600 euro inguru irabazten ditut». Hori, egunean bost-sei ordu lan eginez asteko zazpi egunetan, gehiago asteburuetan. Opor ordaindurik eta laneko gaixo baimenik gabe. Gastuak kanporatze hori da Glovok irabaziak maximizatzeko duen modua.

Egunero lan egitera behartuta dagoela adierazi du, asteburuetan batez ere; bestela, diru eta puntu asko galtzeko arriskuan baitago. Glovoren arabera, hori langilearen hautua da, baina Klemenek argi du ez dela hala: «Nik hautatu? Noski, hala 600 euro hilean larri-larri lortzen ditudalako, irauteko adina ere ez ia».

BERRIAn argitaratua (2019/08/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA