astekaria 2019/08/16
arrowItzuli

kultura

Aukera bila emandako pausoak

Aitor Biain

Aukera bila emandako pausoak

Txikitatik du musikarekiko eta kantuarekiko zaletasuna Arantza Ezenarro sopranoak (Donostia, 1980). Baina ez daki noiz, nola eta zergatik hartu zuen afizioa ofizio bilakatzeko erabakia. «Eboluzio bat» izan dela dio: «Ez nuke jakingo une zehatz bat esaten; nirea eboluzio bat izan da». Alegia, hautuaren atzean ez dagoela une jakinik, ez eta arrazoi zehatzik ere. Aitzitik, pixkanaka mamituz joan den ibilbidea izan dela uste du; gauza batek bestea ekarri duela, katean, gaur eguneraino. San Ignacio Eskolanian hasi zen kantuan, baina 14 urte zituen bere aurreneko kantu ikastaroa jaso zuenean. Javier Santancanaren eskutik izan zen, Donostiako Musikabi akademian. «Ordu hartan ez nuen nire ahotsaz bizitzea pentsatu ere egiten, soilik zer zen ikusi eta probatu nahi nuen». Eta hala, eboluzio baten gisan, Donostiak Madril ekarri zuen aurrena, Madrilek Salzburgo (Austria) ondoren, eta Salzburgok Munich (Alemania) azkenik, ia ohartu ere egin gabe. Hantxe dago oraindik, hurrengo geltokia zein izango zain.

Aukerek eraman zuten Alemaniara, hain zuzen ere; hemen, urriak baino urriagoak ziren abeslari gazte batentzat. 2006. urtea zen, eta goi mailako kantu ikasketak amaitu berri zituen, atzerrira joateko erabakia hartu zuen. «Kantuko goi mailako ikasketak amaitzen ari nintzela, kanpora atera nahi nuela konturatu nintzen; beste leku batzuetan nola lan egiten zuten ikusi nahi nuen». Madrilgo Kantuko Goi Eskolan egin zituen opera ikasketak, Carmen Rodriguez Aragonen eta Fernando Turinaren gidaritzapean. Aipamen bereziekin amaitu zituen ikasketak Ezenarrok.

Beka bati esker Salzburgora egindako bidaian eskuratu zuen Alemaniarako txartela, ordea. «Edith Wiens irakaslea ezagutu nuen han. Hura izan zen Munichen elkarrekin lan egiten jarraitzera gonbidatu ninduena». Haren eskutik hasi zen bidea egiten abeslaria Alemanian. Municheko Hochschule fur Musik und Theater eskolan operako eta kontzertuko kantagintzan master bat egin zuen aurrena. Baina berehala ekin zion agertokietara igo eta abesteari. «Masterreko ikasketak amaitu bezain laster, antzoki batean hasi nintzen lanean, abeslari finko moduan, eta ordutik ez naiz geratu».

Musika klasikoaren lan munduko ateak ireki dizkio Alemaniak Ezenarrori, beste kantari askori egin moduan. Izan ere, abeslari lirikoen lur desiratua da Europa erdialdea, Alemania bereziki. Antzoki asko daude, eta izen handikoak: Berlin, Munich, Hanburgo, Dresden... «Kantariak behar dituzten eta izar handiei ordaindu ezin dieten antzoki asko daude; eta, beraz, oso aukera interesgarria da kantari gazteentzat». Baina ez soilik hiri handietan: hiri ez horren handietan ere ugariak dira, eta, horietan ere, antzoki bakoitzak bere abeslari zerrenda propioa dauka: «Imajinatu, hiri txikiak opera antzokiekin, orkestrarekin, abesbatzarekin, kantari finkoekin... Espainian baino aukera gehiago dagoela esan daiteke, eta, oro har, Europako gainerako herrialdeetan baino gehiago ere bai». Bada, aukera non, etorkizuna han.

Damurik ez erabakian

Alemanian lan egiteak, lehen aukera emateaz gain, errepertorioa «perfekzionatzeko» aukera ere eman diola azpimarratu du abeslariak: bai operari dagokionez, bai eta lied edo Alemaniako XIX. mendeko kantu lirikoari dagokionez ere. Izan ere, konpositore ugari ditu, eta, italieraz gain, alemana da opera arloko «hizkuntzarik garrantzitsuena», Ezenarroren hitzetan. «Antzoki batean abeslari finko moduan hasteak errepertorio interesgarri bat ikasteko aukera ematen dizu, eta, gainera, agertoki batean probatzeko aukera ere bai». Horrez gain, arlo ugaritako aditu askorekin lan egiteko aukera ere eskaintzen du han izateak. Ezenarrok nabarmendu du opera garaikidearen «erreferente» bilakatu dela Alemania horri esker: «Azken urteetan operaren inguruan eratu diren mugimendu artistiko asko han sortu dira».

Baina aukeren tamaina berekoa da lehia ere: «Konpetentzia handia dago». Eta, beraz, arriskuak ere izan ditzake: «Bere alde negatiboa ere badauka, noski, urtean bost opera aurkeztea nekagarria izan daitekeelako, eta arriskutsua ere bai, teknika ona izan ezean», ohartarazi du. «Baina lan oso interesgarria da».

Eta ez du damurik hartutako erabakiaz; gustura da han, nahiz eta etxekoengandik hurbil egon nahiko lukeen. Abeslari ibilbide profesional bat ontzea lortu du Alemanian, baina ez hori bakarrik: bikotekidea han ezagutu zuen, eta egun, lau urte eta erdi dituen semea ere badu. «Mundu honetan, ibilbide profesionala bizitza ibilbide bat da hein handi batean. Hautuak dira, eta koherente eta arduratsu izan behar dugu erabakiekin». Eta erantsi du, batez ere, «bihotzez» hartutako erabakietan jarri behar dela arreta; hala egin baitzuen berak ere: «Nik musikarekiko eta kantuarekiko nuen maitasunaren arabera egin nuen hautua, kontziente bainintzen abesteak egiten ninduela zoriontsu».

Etxekoen eta ingurukoen babesa izan zuela azpimarratu du abeslariak. «Maite nauten guztiek ulertu dute, babestu naute eta babesten jarraitzen naute». Galerak baino gehiago baitira irabaziak, Ezenarroren arabera. «Kantuaren munduarekin harremanetan izatea da nire bizitza, eta okerragoa litzateke horri muzin egitea familia eta lagunak gehiago ikusi ahal izatearen aitzakiarekin». Urtean behin egiten du gutxienez bisita Euskal Herrira.

Ibilbide oparoa

Operako abeslari moduan, Municheko Prinzregentheater antzokian egin zituen aurreneko urratsak Ezenarrok. 2008an izan zen, eta, orduz geroztik, haren ibilbideak goraka egin du, etenik gabe. 2008. eta 2010. urte bitartean, Ulmeko antzokian aritu zen, eta obra entzutetsu ugari interpretatu zituen orduan, rol garrantzitsuak jokatuz gainera: besteak beste, Mozarten Figaroren ezteiak; Haydnen Ilargiko mundua; Verdiren Maskara dantzaldi bat; edota Straussen Saguzarra obretan hartu zuen parte. 2011. urtean, berriz, Dresdengo Semperoper antzoki ezagunean aritu zen lehen aldiz. Orduan ere, musika klasikoaren artistarik ezagunenak izan zituen bidelagun. Eta bide beretik jarraitu du gerora ere, obra ezagunak interpretatzen: Don Giovani, Adelia, Baroi ijitoa...

Oraintxe, Ilargiko mundua operarekin ari da hara eta hona. Horrez gain, kontzertu bat prestatzen dabil Madrilgo Musikaren Auditorium Nazionalerako. Operan eta kontzertuan, bietan moldatzen baita ongi abeslaria, eta, aitortu duenez, zaila egiten zaio bata edo bestea aukeratzea. Bide biak jorratzen jarraitu nahiko luke bizi duen bolada gozoa baliatuta: «Zintzoki diot, uste dut inoizko momenturik onenean nagoela, bai teknikari dagokionez, bai errepertorioari dagokionez, bai eta irekitasunari eta heldutasunari dagokionez ere», adierazi du. Hala jarraitu nahiko luke: «Ahalik eta gehiena iraun dezan saiatuko naiz».

Alemanian dauka oinarrizko lan eremua. Hildesheim hirian bizi da egun, Saxonia Beherean, Hannover hiritik ordu erdira. Baina Europan zehar ere aritzen da emanaldiak egiten. «Gaur egun, funtsean, deitzen diguten lekuetara joaten gara: lan egiten dugu, eta berriz gure etxera itzultzen gara». Hain zuzen, Euskal Herrian ere abestu du Ezenarrok. Hainbatetan parte hartu batu Donostiako Musika Hamabostaldian, esaterako. Iaz izan zen azkeneko aldiz: «Harreman handia daukat Musika Hamabostaldiarekin, eta deitzen didaten aldiro parte hartzeko prest nago».

Abeslariak adierazi du maitatua sentitzen dela Euskal Herriko agertokietara igotzen den aldiro; Donostian, batez ere, bere jaioterrian: «Hainbeste maite dudan eta horrenbeste eman didan hiriari zerbait itzultzeko aukera moduko bat da han abestea». Hala ere, zehaztu du «ardura» puntu bat izan ohi duela halakoetan, «hirikoa bertakoa izatea ez baita aitzakia Musika Hamabostaldia bezalako ekitaldi garrantzitsu batean parte hartzeko, adibidez».

Itzulera, ezin baztertu

Baina bada aldea Alemaniako publikoarekin alderatuz gero. Ezenarrok nabarmendu duenez, musikarekiko «pasio desberdina» dute han. Batetik, baliabide gehiago dituztela zehaztu du, «edo gutxienez, gehiago inbertitzen dute, eta hobeto banatzen dituzte baliabide horiek». Horrez gain, bi eragile garrantzitsu azpimarratu ditu: hezkuntza eta publikoa. «Alemanian ikusle gehiago zenbatzen dira operan futbolean baino, denboraldi batean». Antzokiak bete egiten dira emanaldi guztietan, adierazi duenez: «Rol garrantzitsua du musikak herritarren kulturan».

Zaila ikusten du irudi hori Euskal Herrian errepikatzea, baina ez du baztertzen Alemaniatik itzuli eta bertatik lan egiten jarraitzea. «Beti izango dut zalantza hori: Alemaniatik deitzen jarraituko ninduketen edo ez, adibidez. Baina egoera horretan egon arte jakingo ez dugun zerbait da. Eta pluralean diot, erabaki horrek familia osoari eragingo liokeelako».

Ezenarrok azpimarratu du gauza asko albo batera utzi behar izan zituela operako abeslari izateko: gauza txikiak bere horretan, baina esanahi handikoak, funtsean. «Baina nire bizitza pertsonala ez dut inolaz ere alboratu. Nire arloan lan egiten duen pertsona bat ezagutzeko zortea izan dut, eta harekin familia bat eratzekoa».

Bihar: Alain Urrutia.

BERRIAn argitaratua (2019/08/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA