astekaria 2016/02/12
arrowItzuli

bizigiro

Bilobak, zorion iturri

Nagore Etxeberria

Bilobak, zorion iturri

Hiru orduz behin negar hotsarekin esnatzea zer den ahaztua dute Enrique Villareal Drogas musikariak eta Toti Martinez de Lezea eta J.M. Olaizola Txiliku idazleek. Begi bat zabalik eta bestea bilduta lo egitea aspaldiko kontuak dira haientzat. Aspaldi izan ziren guraso, baina, hala ere, ez dituzte ahaztu urte batzuk atzera ikasitakoak, eta gustura hartu dituzte haurraren negar hotsak eta irri kutsakorrak berriro ere etxean.

Bost hilabete baino ez ditu Oinatz Auretek, Drogasen bigarren bilobak; 3 urte eta erdi, lehenak, Ugaitz Auretek. Eta Oinatzen jaiotza Ugaitzenak bezainbesteko ilusioa egin dio musikariari. Aspaldian buruan zuen proiektua kaleratzeko «aitzakia» izan da Ugaitzen eta Oinatzen jaiotza: Hegan egiteko zapatilak liburua. Hitz-jokoz, poesiaz eta testu laburrez baliaturik, aitona izateak sortu dizkion bizipenak jaso ditu ilustrazioz beteriko liburuan. «Aspalditik nahi nuen haurrentzako liburu bat egin, eta biloben jaiotza bultzadatxoa izan da. Denok dugu edo izan behar genuke haur bat gure baitan, eta harro sentitu beharko genuke horregatik, gainera. Azken batean, haur hori ateratzea izan da nire asmoa».

Biloben etorrerarengatik, ordea, ez ditu bazterrera utzi abian dituen lanak eta proiektuak. Aitona denetik, baina, bizitza «asko» aldatu zaiola onartu du: «Hainbeste aldatu zait bizitza, bilobak ikusten ez ditudan eguna galdutako eguntzat daukat. Alferrik galdutako egunak dira bilobarik gabe igarotakoak». Duen lana tarteko, asko mugitzen da hara eta hona, eta maiz egun asko igaro behar izaten ditu bilobak ikusi gabe. Egun hauetan, esaterako, Madrilen da Villareal, martxan dituen hamaika proiektutako bat promozionatzen. Hara joan aurretik, «nola hala tartetxo bat topatzen ahalegindu nintzen, igande iluntzera arte bilobak ikusi gabe egotea denbora asko baita», aitortu du.

J.M. Olaizola Txiliku-k ere «oso sarri» ikusten du Martin Olaizola Urzelai, 9 hilabeteko biloba: «Oso gertu bizi gara, berrehun metro eskasera, eta maiz egiten digute bisita. Etortzen ez diren egunean, faltan sumatzen dugu. Aspaldian ikusi ez dudan sentsazioa izaten dut maiz; izan ere, aspaldi dela esateko denbora gutxi igaro behar da», dio, irriz, Txilikuk.

Toti Martinez de Lezeari, berriz, «oso luze» egiten zaio Nur Albarazi biloba ikusi gabe igaro beharreko denbora tartea. Aurrez aurre Gabonetan ikusi zuen azkenengoz, eta udako oporrak arte itxaron beharko du 16 urteko biloba ikusteko. Lana dela eta, Txinan bizi dira, eta 7 urte baino ez zituela Larrabetzutik (Bizkaia) munduaren beste aldera joan zitzaion, «tamalez». «Gure alboko etxean bizi ziren, eta egunero egoten ginen elkarrekin. Txinara joan zirenean, beraz, hutsune handia sumatu nuen. Oso triste jarri nintzen», aitortu du Martinez de Lezeak.

Teknologia berriak tristura eta min hori arintzen lagundu zioten. «Orain, ez horren maiz, baina hasieran, egunero-egunero hitz egiten nuen Nurrekin, Skype bidez. Zer egiten zuen kontatzen zidan, eta nik ere hemengo berri ematen nion. Ipuinak ere irakurtzen nizkion, nire lanen berri ematen nion, eta Nur bildumari buruzko iritziak eskatzen nizkion», oroitu du.

Bilobei eskainitakoak

Izan ere, Nur Txinara joan zenean hasi zen Nur gaztetxoaren abenturak idazten. «Alabak maiz eskatu zidan Nurrentzako liburu bat idazteko, eta, azkenean, animatu egin nintzen», aitortu du. Idazlearen hasierako asmoa bilobarentzako liburu bakarra idaztea bazen ere, hamabigarrena idazten ari da gaur egun: «Ez nuen uste Nur bildumak halako harrera eta arrakasta izango zuenik gaztetxoen artean. Hori zoragarria da!», esan du.

Bilobarentzat idatzi ditu bildumako lanak. «Eguneroko moduko bat da Nur bilduma. Zahartzen denean, amamak zer idatzi zion irakurriko du Nurrek, eta bere familiaz oroituko da, bere lagunez, bere herriaz... Azken batean, oroigarri bat izan dezan idatzi dut bilduma hori».

Martin txikia da oraindik, eta Txilikuk ez dio oraindik ezer eskaini. Aitona ipuin sortzailea izanik, ordea, ez duela lotarako ipuinik faltako ziurtatu du, «nolabaiteko abantaila izan beharko du aitona idazle izateak, ezta?», dio, irriz. Koskortu bitartean, beti aldean daraman koadernotxoan joango omen da ideiak idazten.

Haur eta gaztetxoentzat makina bat istorio sortutakoa da Txiliku, eta bide beretik jarraituko duela ziur dago: «Gaixotasun kutsakor baten modukoa da idaztea. Behin idaztearen gaixotasunak harrapatzen bazaitu, oso zaila da hortik sendatzea». Garai batean, ikasleak eta seme-alabak izaten ziren bere ipuinetarako inspirazio iturri, eta Martinek ere «biktima» izateko arrisku handia duela onartu du idazleak, umoretsu.

Oraingoz, ez du aldaketa handirik sumatu bere bizitzan Zarauzko (Gipuzkoa) idazleak: «Ordutegiak direla eta ez direla, gehiago lagundu beharko dugu aurrerago, baina, oraingoz, ezer gutxi eragin du bilobaren etorrerak nire eguneroko errutinan». Baina ez du gehiegi kezkatzen geroak: «Aitona lanak betebeharrekoak dira, berezkoak eta ukaezinak. Beraz, pozik hartuko ditut egin beharreko lanak».

Martinek ez du urtebete oraindik, eta «komunikatzeko zailtasunak» ematen ditu horrek. Baina jakin badaki denbora azkar igaroko dela eta laster hasiko dela lehen pausoak ematen eta lehen hitzak esaten. Ziztu batean pasatzen baita denbora. Eta hori ongi daki Larrabetzuko idazleak. Oraindik ondo gogoan du Nur txikia jaio zeneko eguna: «Senarra eta biok sei bat ume izan nahi genituen, baina bi baino ez genituen izan: Edurne eta Aritz. Nur jaioko zela jakitean, beraz, pozez txoratzen jaso genuen albistea». Eta jaio zen eguna «zoragarria» izan zela oroitu du: «Zein polita zen Nur, zein ederra!».

Ordutik hamasei urte igaro dira ja, «hamasei urte!», azpimarratu du, harrituta. Martinez de Lezeak denbora gustura geldituko lukeela aitortu du: «Hain azkar igaro da denbora; azkarregi».

Drogas ere ohartzen da denboraren abiadaz. «Denbora oso azkar doa. Badakit orain ikusten ditudan gauza asko laster ahaztuko ditudala, beraz, haurrak nola hazten doazen ikustean, oraina baloratzen ikasi dut. Oraina bizi nahi dut, iragana ahaztu egingo dudalako». Hala, argi du ahalik eta denborarik gehiena igaro nahi duela bilobekin. «Niretzat oso garrantzitsua da egunero Txantreatik Arrotxapeara [Iruñea] haurrekin egiten dudan paseotxoa. Haurrak iristean zer-nolako harrera egiten dizuten, agur esatean... Berez, oso gauza sinpleak dira, baina oso une bereziak eta garrantzitsuak dira horiek guztiak niretzat».

Oinatz oso txikia da oraindik, baina Ugaitz zein Oinatzekin gauzak egiten saiatzen da Villareal: «Haiekin ahal dudan guztia egiten dut: jolastu, abestu... Ugaitzekin lurretik bueltan ibiltzen naiz, lau hankan, zaldiarena egiten, hezurrek gehiago ezin dudala esaten didaten arte. Kantuan ere maiz aritzen gara. Garajera jaitsi eta bateria jotzen ibiltzen gara. Kantuak inprobisatzen ditut. Batzuetan ez dira oso abesti txukunak irteten, baina berdin du, entzule bakarra Ugaitz denez...», barre egin du. Etxeko paretak ere margoz beteak dituztela aitortu du musikariak.

Ez da berdina

Eta egiten dutena egiten dutela, txikiek nola erantzuten duten ikustea gustatzen zaio Drogasi: «Nik egin, esan edo abesten dudanean nola erreakzionatzen duten ikustea polita da oso. Nirekin batera gauzak egitea, nirekin irri egitea, nirekin haserretzea... Niretzako gauza handia da».

Bederatzi hilabete ditu Martinek, eta, beraz, oraindik lotura handiagoa duela gurasoekin azaldu du Txilikuk, baina denborarekin bien artean konplizitate puntu hori sortzea eta harremana estutzea espero du: «Elkarren artean sekretutxoak gordetzeko asmoa dut».

Izan ere, guraso izatea eta aitona-amona izatea oso bestelakoa dela uste du Txilikuk. «Aitonak ere baditu bere ardurak, baina erantzukizuna ez da guraso zarenean bezalakoa. Ardura ez da horren estua. Nire emazteak dion moduan, guk gure seme-alabak hezi genituen, eta, orain, bilobak gaizki haziko ditugu», gaineratu du, irriz, Txilikuk.

Gauza bera egiteko asmoa du Drogasek: «Seme-alabak ongi hezteko beharra eta erantzukizuna sentitzen duzu. Haurrak argibiderik gabe datoz, eta zure ardura da guztia erakustea. Egia da bilobak ere gidarik edo argibiderik gabe datozela, baina gozamen bat da: zerorrek ematen dizkiezulako argibideak, gehiegi kezkatu gabe. Gaizki haztea aitona-amonen kontua da; gurasoak daude haurrak ongi hezteko».

Unean unekoa gozatuz igarotzen dituzte egunak Txilikuk, Drogasek eta Martinez de Lezeak. Egunari minutuak lapurtuz, bilobekin egoteko denbora irabazte aldera. Aitona eta amona kargua ohore handiz hartu dute hirurek, aitona-amonen lanak bururaino betetzeko asmo osoz.

BERRIAn argitaratua (2016/02/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA