astekaria 2019/08/16
arrowItzuli

gizartea

«Horrela ez dago jai egiterik»

Maider Galardi F. Agirre

«Horrela ez dago jai egiterik»

Kolorez betea behar zuen Donostiako kaiak atzo. Piraten egun handia zen, urte osoan jaien antolakuntzan lanean ari diren kofradiena. Goizean kalejira, eta eguerdian herri bazkaria. Bakoitzak bere koloretako jaka soinean jantzi, eta jai giroan egingo zuten kantu eta topa, festa eredu alternatiboen alde. Hala egingo zuten, azken orduetan 11 sexu erasoren berri izan ez balute. Hori zen asmoa, baina presazko bilera batean erabaki zuten Piratek atzoko egitaraua bertan behera uztea, festetan parte hartzen dutenen «%50en segurtasuna eta askatasuna bermatu ezin» dela ebatzita: «Horrela ez dago jai egiterik».

Hortaz, oso bestelako itxura zuen Donostiako kaiak eguerdian. Gunera sartu aurretik, Portaletako arkuetan ikus zitekeen sexu erasoak salatzeko arratsalderako deitutako manifestazioa iragartzen zuen kartela. Koloretako jakarik ez, eta txosnak oihal beltzez estalita. Jende mordoa bildu zen, ordea, Piratek egindako deialdira, eta arratsalde hasierarako dozenaka lagun zeuden pankartak egiteko prest. Armatuta gaude eta aurrean izango gaituzue, zioen Flamenka sarreran jarritako afixak. Emakume piratok autodefentsa feminista, beste batek. 11 sexu eraso 24 ordutan, ari zen idazten neska gazte kuadrilla bat. Izan ere, atzo goizeko prentsaurrekoan gunean izandako sei erasoen berri eman bazuten ere, arratsalderako bildu zituzten Donostiako Emakumeen Etxeak eta udalak jasotako beste zenbait salaketa ere.

Haserrea, ezinegona eta nekea nabari ziren giroan. Bilera bat txoko batean, beste neska kuadrilla bat bilduta kaiko beste gune batean, emakumeak pankartak jartzen nonahi... Jai batzorde batek edo udal batek aurrez inoiz hartu gabeko erabakia hartu zuten Piratek atzo, eta xehetasunak adostea ezinbestekoa zen.

Goizetik ari zen Maider Fernandez Kale Poza kofradiako kidea lanean, eta Piratek egitaraua bertan behera uzteko egindako batzarrean parte hartu zuen: «Bazen garaia horrelako zerbait egiteko, jendeak kontzientzia hartzeko. Egitaraua bertan behera uzteaz gain, hausnartu beharko genuke gaiaren inguruan».

Uxue Zaldua, berriz, ez da Piraten antolaketako kidea, nahiz eta donostiarra den. Edonola ere, egoerak «gainezka» egin diola aitortu zuen. Horregatik erabaki zuen atzo pankartak egiteko deialdira hurbiltzea: «Albistea jakinda, ezin nintzen etxean gelditu. Piraten erabakia ona da: ez badakigu parrandan ateratzen, ezin dugu parrandarik egin».

Erabaki «ausarta»

Donostiako festak bukatzeko lau egun gelditzen dira oraindik, eta bai Fernandezek eta bai Zalduak, biek ikusten dute arriskua Piratek hartutako erabakia «soilik sinbolikotzat» uler dadin. «Bihar ere egoera bera izango da. Piratek erabakitzen badute festarekin segitzea, jarraituko dugu, baina aurten ez dugu gorputzaldi txar hau kenduko festak bukatu ostean ere», adierazi du Zalduak. «Nabari da tentsioa giroan», gehitu du Fernandezek. «Denok gaude urduri». Piratek hartutako erabakia, ordea «ausarta» dela uste dute biek, eta ohartarazi dute Piraten puntu morera, Donostiako Udaltzaingora eta Emakumeen Etxera heldutako salaketak direla soilik jakinarazitako sexu erasoak: «Ez dago benetan jakiterik halako zenbat izan diren».

Hain justu, Piratek Donostiako Udalaren jarrera gaitzetsi, eta salatu zuten Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Osakidetzak ez dituztela egoki artatu erasoak jasan dituzten andreak. Gogora ekarri dute, gainera, polizia etxeetan prebentzio mezuak daudela, auziaren fokua «erasotzaileengan ez, biktimengan» jarriz: «Emakumeengan jartzen dute ardura osoa. Erakundeen ustez, gu gara aske ibili ezin garenak, erasotzaileak beharrean». «Ez gara etxean geratuko», nabarmendu zuten atzo goizean egindako prentsaurrekoan, baina, azken orduetako egoera ikusita, «gunea ixtea beharrezko» jo zuten Piratek: «Indarrak hartu behar ditugu, eta festek hartu behar duten norabidearen inguruan hausnartu».

Baina Piratek ez ezik, Donostiako Parte Zaharreko Ikatz kaleko tabernek ere egin zuten presazko bilera atzo. Azken unean erabaki zuten Piraten deialdia sostengatzea, eta manifestazioak iraun bitartean tabernak ixtea. Gainera, gauerdian, ordubetez tabernak itxi zituzten, eta gauak iraun biatartean, bozgorailuetan orduro sexu erasoen aurkako mezuak jartzea adostu zuten.

Elena Guinea da Ikatz kaleko Aurresku tabernako jabeetako bat. Piratek emandako pausoaren ostean, tabernariek «gaia nola kudeatu» pentsatu behar dutela adierazi zuen: «Hau egiten den lehen aldia denez, tabernariok informatu, formatu eta erantzun irmoa eman behar dugu». Aitortu du, bere taberna ustez «espazio segurua» izan arren, maiz izaten direla «kutsu matxistako» jarrerak. Horretarako, jaietako protokoloaz gain, tabernan propioa dute, eta bozgorailu bat erabiltzen dute erasotzaileei adierazteko ezin dutela gune horretan egon.

Egoerak «gaindituta»

Tabernak itxita eta Flamenkako gunea hustuta, Bulebarrera egin zuten ordura arte lanean aritutakoek, manifestaziora. «Jai pirata feministen alde», «Gora jai giro feminista» eta antzekoak oihukatu zituzten han bildutako ehunka lagunek, udaletxe inguruan aurrena, eta Parte Zaharrean ondoren.

Bertakoak ez ezik, beste herri batzuetako hainbat lagun bildu ziren protestan. Horietako bat, Maddi Jauregi legorretarra (Gipuzkoa): «Ezer pasatu ez balitz bezala egin izan dugu orain arte. Protesta egin eta aurrera jarraitu. Ez zegoen etenik festan. Garrantzitsua da normaltasun horretatik irtetea, eta pausu handia da Piratek eman dutena». Egitaraua bertan behera geratzearen erabakia hartu izana aurrerapausoa dela esan zuen, baina, oro har jai ereduen inguruko hausnarketa bat behar dela uste du.

«Gogoetarako tartea» hartzeko, eta «nahikoa» dela adierazteko hartu zuten erabakia, atzo, Piratek. Hala esan zuten martxa amaierako hitzartzean: «Hasieran bi bortxaketaren berri izan genuen, eta, orain, badugu, behintzat, 11 erasoren berri. Egoerak gainditu egin gaitu».

Salatutako erasoetatik sei Flamenkan izateak «gogoeta» merezi duela ohartarazi zuten, «ingurukoak ere izan daitezkeelako erasotzaile». Bestalde, udalari eskatu diote dagokion ardura hartzeko: «Guk jarraituko dugu emakumeak artatzen, baina udalak baliabide gehiago jarri behar ditu». 24 ordutan jasotako salaketei egun beteko erantzuna eman zieten atzo. Gauerdirarte aritu ziren protestan; eserialdia egin zuten lehenik Flamenka gunean, eta beste eragile batzuek eltze jotzea egin zuten gero. Festa bertan behera utzi arren, aldarrikapenak jarrai zezan.

BERRIAn argitaratua (2019/08/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA