kirola
SERGIO HERRERA
«Txipa jada aldatu dugu; prest gaude sufritzeko»
Eñaut Agirrebengoa
Denboraldi berria ate joka duzue jada. Dastatu duzue aurreko sasoiko arrakasta?
Ahalik eta gehien. Ahaztezina izan zen guztiontzat. Taldearen jokoa ikusgarria izan zen, etxean batez ere, eta emaitzak lagun izan genituen. Orain, ordea, aldaketa dator. Munduko ligarik zailenetako batean jokatu behar dugu, eta hutsetik hasiko gara. Ezin gara egon iraganean egindakoari begira.
Larunbatean ekingo diozue sasoiari, Leganesen. Zer moduz iritsiko zarete?
Taldeak oso lan ona egin du. Lesio ugari izan dugu, eta horrek dinamika apur bat eten du. Baina uste dut prestakuntza egokia izan dela. Partida batzuek balio izan digute Lehen Maila nolakoa den ikasteko. Lehia hasteko irrikan gaude.
Oro har, itxura ona eman duzue sasoi-aurrean, baina makal aritu zineten azken partidan, Realaren aurka. Zer eragin izan dezake horrek ligako estreinakoan?
Partida horrek balio izan digu ikusteko Lehen Maila hemen dagoela, eta iragan sasoian lortutako ia guztia ahaztu behar dugula. Ahalik eta lasterren jantzi behar dugu lanerako atorra. Talde garrantzitsu batzuek ere zailtasunak izaten dituzte mailari eusteko; beraz, guk, igo berriak izanik, erruz egin beharko dugu lan. Hori bai, erronkak kitzikatu egiten gaitu.
Dena nahieran atera zitzaizuen aurreko denboraldian, baina oraingoan dezentez gehiago sufritu beharko duzue. Psikologikoki prest zaudete kolpeak jaso eta etsipenari aurre egiteko?
Oso gaizki ohitu ginen iragan sasoian, baina txipa aldatu dugu jada. Prest gaude sufritzeko. Taldeko jokalari asko Lehen Mailan aurrez arituak dira, eta badakite gauzak nolakoak diren. Uste dut eskarmentu horrek asko lagunduko digula gauzak okertzen zaizkigunean. Oraindik oso goiz da, baina oso talde ona daukagu, eta berriz ere denboraldi ederra osatu dezakegula deritzot.
Butarquen hamaikako berritua zelairatuko duzue ziurrenik. Izan ere, zazpi jokalari fitxatu dituzue. Zer iritzi duzu iritsi berriez?
Kalitate eta esperientzia handiko jokalariak dira. Laguntza handia emango digute, bai zelaian,bai zelaitik kanpo. Adibidez, Chimy Avila Huescarekin jaitsi zen aurreko sasoian; beraz, egoera zailetan modu askotan lagun diezaguke. Beti da zaila talde berri batera iristea, baina uste dut iritsi berriak ongi ari direla egokitzen.
Fitxaketen artean bada bereziki harritu zaituen inor?
Bat esatearren, Darko Brasanac. Pertsona gisa harritu nau batik bat. Elitean urte asko daramatzan, baina oso apala eta gertukoa da. Bestela, ez dut ezusterik hartu. Gehienak Lehen Mailan gauza ederrak egiten ikusi ditugu. Gauzak hala, talde orekatua dugula deritzot. Eskarmentua badugu, eta gaztetasuna ere bai.
Fitxaketa gehienak erasoa indartzeko egin dira, baina defentsari ere erreparatu zaio. Atezain gisa, seguru sentitzen zara aurretik izango duzun lerroarekin?
Aurreko denboraldian oso ondo aritu ginen defentsan, eta, sasoi honi begira, oinarri ona genuen. Orain, Estupiñan eta Roncagliarekin, are hobeak izango gara. Exijentzia maila oso altua izango da denboraldi honetan, baina, nire ustez, nahikoa berme dugu atepean eta atzeko lerroan. Konfiantza itsua dut nire aurretik jokatuko duten jokalariengan.
Zein izango da taldearen helburua? Mailari edonola eustea sinatuko zenukete, edo estutasunak saihestea da asmoa?
Badakigu oso zaila izango dela mailari estutasunik gabe eustea. Hala balitz, ederki, baina errealistak gara. Asko borrokatu beharko gara, beti izaten baita gogorra igo osteko lehen urtea. Mentalitate horrekin, gehiago zukutuko dugu geure burua.
Aurreko sasoian, joko ausarta, erasokorra eta ikusgarria egin zenuten. Horri eutsiko diozue?
Jagobak [Arrasatek] filosofia garbia dauka. Erasoari ematen dio lehentasuna, betiere defentsako zereginak albo batera utzi gabe. Guztiok gaude eroso jokamolde horrekin; bai lehendik geundenok, bai iritsi direnak. Erabateko fedea dugu teknikariaren estiloan.
Haatik, Lehen Mailako taldeek askoz ere jo handiagoa dute, eta, menturaz, gehiago behartuko zaituztete atzera begiratzera?
Agian bai, baina taldeak filosofia garbi bat dauka, eta muina ez da aldatuko. Aurkarien maila ona izango da, baina guk ere kalitate handiagoa dugu orain.
Sadarrek ildo horren giltzarrietako bat izaten segituko du, ezta?
Garbi dago. Sadarrek dena eman zigun iragan denboraldian. Han jokaturiko partida gehienak irabazi genituen. Zenbaki horiek berdintzea ezinezkoa izango da, baina Sadar berriz ere gotorleku bihurtzen ahalegindu behar dugu. Iraganean gertatzen zen bezala, Iruñera etortzea erronka handia izan behar da aurkarientzat.
Zer mezu ari zaizue igortzen Arrasate?
Aldatu beharra dugula. Teknikariak anbizioa du, eta badaki nolakoa den Lehen Maila. Horregatik, guk beste koska bat igotzea nahi du. Bide onetik goaz, eta uste dut ondo arituko garela.
Eta zuri, bakarka, zer helarazi dizu?
Ez dugu hitz egin atepean egon daitekeen lehiaz. Ni gogor ari naiz lan egiten, izaniko lesio larriaren ostean konfiantza berreskuratzeko. Halakoetan, fisikoki ongi osatzen zara, baina psikologikoki gehiago kostatzen da. Ni lehiatzeko prest nago jada, entrenamendu eta norgehiagoka guztietan erakutsi bezala. Gero, teknikariak erabakiko du atepean nor jarri. Erabakia dena delakoa izanda, errespetatu egingo dut.
Iragan sasoian aulkitik ikusi behar izan zenituen partida gehienak. Nola bizi izan zenuen?
Taldea oso dinamika onean zegoen; ni osatu berria nintzen, eta Ruben oso lan txukuna ari zen egiten. Hortaz, onartu egin behar izan nuen aulkian esertzea. Ni zelaian nagoenean, ordezkoak errespetatu nazala nahi izaten dut. Hau da, taldekide izatea nahi duzu, eta ez traba. Taldekideok elkar estutu behar dugu, lo gelditu ez gaitezen, baina beti kirol legez.
Titular izateko aukera berberak dituzue orain Rubenek eta biok?
Hutsetik hasiko gara. Eguneroko jardunak eta partidetako errendimenduak zehaztuko du nork jokatuko duen eta nork ez. Rubenek sasoi bikaina osatu zuen, baina ez du postua ziurtaturik. Eta nik ez dut zertan berriz ere ordezko izan. Osasunan ezin zaitezke lokartu, denok dugun onena ematen baitugu egunero.
Estreinakoa izango duzu Lehen Mailan. Prest zaude?
Oso gogotsu nago, eta oso pozik, azpiko maila guztietatik pasatu ostean iritsi bainaiz. Gainera, min hartuta hilabete dezente pasatu eta gero, ederra da halako sari bat jasotzea. Orain, gozatzeko eta itzuli naizela erakusteko garaia da.