astekaria 2019/08/16
arrowItzuli

gizartea

Lindanoa aurkitu dute Jatako eta Enekuriko basoetako arboletan

Gotzon Hermosilla

Lindanoa aurkitu dute Jatako eta Enekuriko basoetako arboletan

Ekologistak Martxan erakundekoek presazko agerraldi bat egin dute, «larritzat» jo dutelako Bizkaiko bi zabortegitan agertutako lindano laginen kasua. Behin baino gehiagotan salatu dute gaur egun itxita dauden Bizkaiko hondakindegi gehienetan lindanoa (HCH) dagoela, eta Jatako eta Enekuriko (Bizkaia) zabortegien kasua nabarmendu dute bereziki. Baina orain susmoak egiaztatzeko frogak ere aurkeztu dituzte, BERRIAk uztailaren 25ean agerian utzi zuen moduan: haiek ere lindano aztarnak aurkitu dituzte, zehazki hondakindegi horien gainean dauden basoetako zuhaitzetan.

Garai batean, inolako kontrolik gabe botatzen zuten lindanoa, pestizida egiteko prozesuan sortzen den hondakin toxiko bat, Bizkaiko lursail askotan, eta Jatako hondakindegia —Lemoizko zentral nuklearra eraiki behar zuten lekutik gertu dago— eta Enekurikoa Bilboko metropoli barrutiaren hondakindegi nagusia ez ziren salbuespen izan. Bi zabortegi horiek itxi zituzten, eta orain haien gainean basoak daude, baina estali zituztenean ez zituzten garbitu, eta ekologistek askotan adierazi dute hango zuhaitzak kutsatuta egon zitezkeela.

Jatako lursailari dagokionez, Ekologistak Martxan-ek duela bi urte aurkeztu zuen salaketa, kalkulatzen baitute han 10.000 tona lindano egon daitekeela, eta 30.000 metro koadroko eremu bat dagoela kutsaturik. Ikusita salaketak ez zuela ondoriorik ekartzen, erabaki zuten hango zuhaitzetatik eta Enekurikoetatik zur laginak ateratzea, eta lagin horiek laborategi independente batera bidaltzea, aztertzeko.

Orain eman dute azterketaren emaitzaren berri: Enekurin atzemandako zur lagin batean, 1,81 miligramo lindano aurkitu dute zur kilogramo bakoitzeko, eta beste batean, berriz, 3,64 miligramo. Larriagoak dira Jatan hartutako zuraren emaitzak: zur kilogramo bakoitzeko 3,14 eta 6,47 miligramo lindano topatu dute lagin banatan.

«Segurtasun arazoa»

Ekologistak Martxan-eko kide Javier Vazquezek ohartarazi du egoera horrek ekar lezakeen arriskuaz: «Ez da soilki ingurumen arazo bat; segurtasun eta osasun publikoaren arlokoa ere bada».

Bi izan daitezke arriskuak. Alde batetik, Vazquezek gogorarazi du sute garaia dela, eta baso horiek su hartuz gero oso ondorio larriak izan daitezkeela. Basoak su hartuko balu, lindanoa desegin egingo litzateke, eta fosgeno izeneko substantzia pozoitsu bat askatuko luke I. Mundu Gerran arma kimiko modura erabili zuten, eta pertsona ugari hil zituen. Horrek arrisku handia ekarriko lieke sua amatatzera joango liratekeenei Vazquezek salatu du erakundeek ez dutela protokolo zehatzik horrelako kasu baterako, eta, sutea oso handia balitz, baita inguruko herritarrei ere.

Bestetik, hango zuraren ohiko erabilerak beste arrisku bat lekarke. Ekologistak Martxan-ek salatu duenez, Jatan zuhaitzak mozten ari dira zura erabiltzeko asmoz, seguru asko papera egiteko edo altzarietarako. «Argi esan behar dugu hangoa ez dela zura, hondakin toxiko arriskutsua baizik, eta horrela tratatu behar dela», azaldu du Vazquezek.

Eskaera administrazioei

Ekologistak Martxan-ek gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak lindanoari buruzko legez besteko proposamen bat onartu zuela aho batez joan den martxoaren 27an, eta testu horretan, beste zenbait neurriren artean, arazoari konponbideak bilatzeko Lan Mahai bat sortzea aurreikusten zela. Orain, mahai hori abian jartzeko eta horretan gizarte eragileei tokia egiteko eskatu dute.

Urte asko igaro dira lindanoarekin egindako gehiegikeriak gertatu zirenetik, eta, seguru asko, ustezko delituak preskribaturik daude gaur egun. «Lindanoa iraganak utzi digun herentzia da, baina gu orainaren kudeaketaz ari gara», esan du Vazquezek, instituzioen ardura nabarmentzeko.

BERRIAn argitaratua (2019/08/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA