gizartea
Murrizketak, debekuak eta auto pilaketak ekarriko ditu G7ak
Olatz Esteban Ezkati
Leku jakin bat izango da konplexuena: Biriatuko (Lapurdi) muga. Egunean 30.000 auto inguru pasatzen dira bertatik abuztuko azken asteburuan, oporretatik bueltan. Aurten, G7koen bilerarekin bat eginez, kontrolak indartu egingo dira, eta konplikazioak aurreikusten dituzte. Frantziako Poliziak bideratuko ditu Biriatuko kontrolak, eta hor ez ezik, beste pasabide batzuetan ere ezarriko ditu murizketak: esaterako, Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko zubian eta Dantxarinean.
Segurtasun neurriak bideratzeko, hainbat erakunde elkarlanean arituko dira; tartean, Eusko Jaurlaritza: Segurtasun Sailak plan berezi bat ezarriko du egun horietarako, eta trafikoan jarriko dute arreta berezia. Josu Zubiaga Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak argi du mezua: «Inork ez dezala autorik erabili beharrezkoa ez bada». Ez dute muga ixteko asmorik, baina Zubiagak azaldu du gerta daitekeela: «Iparraldean gauzak gertatzen badira, baliteke agintari frantsesek muga ixteko erabakia hartzea». Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak esan du «prest» daudela edozer jazotzen dela ere erantzun bat emateko, eta gertatzen denaren arabera egingo dutela lan.
Beste bide batzuk, prest
Asteburu horretan ohikoa da 14 kilometro inguruko auto pilaketak izatea Biriatun, baina, egoera zailduko balitz ere, desbideratzeak prestaturik dituztela jakinarazi du Josu Bujanda Ertzaintzako buruak. Autoak Etzegaratetik eta Bizkaitik desbideratuko lituzkete, eta kamioiak, berriz, Aragoitik edo Kataluniatik. Kamioi astunek, 7,5 tonatik gorakoek, debekaturik izango dute 24an eta 25ean Biriatu eta Saint Geours de Maremne (Okzitania) artean ibiltzea. Larunbatean,07:00etatik 20:00etara iraungo du debekuak; igandean, 00:00 eta 08:00 bitarte. Astelehenean, berriz, 11:00etatik 18:00etara debekaturik izango dute ibiltzea hemeretzi tonatik gorako kamioiek eta karga leherkorra daramatenek.
Segurtasun Sailak informazio kanpaina bat abiatu du herritarrak jakinaren gainean jartzeko, eta muga ez pasatzea gomendatzeko. Horretarako, hainbat seinale jarri ditu autobideetan, eta eskuorriak banatu. Informazio kanpaina bitan banatu dute: bata, bertan ibiliko den jendearentzat, eta, bestea, Afrikatik eta Portugaldik Europa iparralderantz doazenentzat. Espainiako Trafiko Zuzendaritzarekin koordinatu direla azaldu du Zubiagak, ahal den heinean hegoaldetik datozen autoak Algecirastik (Espainia) Junquerara (Herrialde Katalanak) bideratzeko. Muga itxiko balitz, bertan pilatutako autoak Zaragozara bideratzeko aukera ere egongo litzateke. Lehentasuna harrapatuta geratu direnei laguntza ematea izango dela ziurtatu du sailburuordeak.
Gailurra 24tik 26ra izango bada ere, aurreko egunetan kontragailurra egingo dute Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi). Hori dela eta, prebentziorako plana martxan jarriko dute hilaren 19tik aurrera; beraz, ohi baino arazo gehiago izango dira egun horietan ere. Operazio horrek zailtasunak eragingo dizkie lanerako egunero joan-etorriak egin behar dituztenei, eta haiek izango dira «kaltetu nagusiak», Zubiagaren ustez .
Arazoak saihesteko, kontragailurrera joan nahi dutenei gomendatu diete garraio publikoa erabil dezaten, Irunera eta Hendaiara iritsiko baita. Egun horietan, gainera, autobus zerbitzuak jarriko dituzte Urruñan (Lapurdi) egongo den kanpalekutik hitzaldiak egingo diren tokietara joateko. Larunbatean, G7koen aurkako plataformak manifestazioa egingo du bi herri horien artean. Horri begira, sailburuak esan du «babes eta segurtasun neurri nahikoak» hartuko dituztela, dena «normaltasunez» joan dadin. Egun hori izan daiteke korapilatsuenetako bat.