astekaria 2019/08/16
arrowItzuli

kultura

Ogibideak erdibituta

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Ogibideak erdibituta

Hamahiru urterekin, Erdi Arora egin zuen Aitor Merino aktoreak (Donostia, 1972); nafarrek Albania konkistatu zuten garaietara, zehazki. Aitari zor dio bidaia. «Karpanta izeneko taberna zuen aitak Barañainen [Nafarroa]. Gizon lodia zen orduan, bizarduna eta ile luzeduna». Alfonso Ungria zinema zuzendariak Erdi Aroko gizonen itxurako figuranteak behar zituela hedatu zen Iruñean, Albaniaren konkista filmerako (1983). «Probetara aurkeztu zen aita, eta, zuen itxurarekin, hartu egin zuten», dio Merinok, irriz. Haurrak behar zituztela, eta aitaren bidetik egin zuten semeak eta alabak ere. «Horrela hasi ginen figurazioak egiten». Handik bi urtera, aktore izateko grinak Madrilera eraman zuen. Han dago oraindik. Ez hemengo, eta ez hango: «Ez dut asmorik Euskal Herrira itzultzeko, baina, era berean, ezinegona sortzen dit hori ozen esateak, lotura gehiago baitut Iruñearekin Madrilekin baino».

13 urterekin galdetu omen zion aitak ea Madrilen bizitzea irudikatzen ote zuen. Ezezko borobila eman zion Merinok. «Begira non nagoen orain». Zehazki, 32 urte daramatza Espainiako hiriburuan bizitzen. «Oso gaztea nintzela etorri nintzen, bai». Inoiz sorterrira itzultzeko asmorik duen galdetuta, pentsakor eta zalantzati dio afektiboki eta ideologikoki Euskal Herrira lotuta bizi dela, baina «kurioski», gaur-gaurkoz, ez duela bere burua bertan irudikatzen. «Nire oinarri profesionalak beti egon dira Madrilera lotuta; oro har, lan gutxi egin dut Euskal Herrian».

Kate luze baten lehen katebegia izan zen Albaniako konkistari buruzko filma; gero etorri baitziren Pedro Olea zuzendariaren Akelarre (1984) eta Jose Angel Rebolledoren Betirako sua (1985) filmetan egindako figurazio lanak. Euskal Herriko produkzioetan hasi zen bidea urratzen, baina handik urte gutxira hartu zuen itzulerarik izan ez duen tren txartela.

Bidaia betikotuak

TVE kateko Segunda enseñanza telesailak (1986) eraman zuen estreinakoz Espainiako hiriburura. «Arrakasta handiko telesaila izan zen. Orduan bi telebista kate besterik ez zegoen, eta egiten ziren saioak oso ezagunak ziren horregatik. Bi kapitulutan parte hartu nuen». Merinok 14 urte zituen orduan. Handik urtebetera, Cajón desastre haurrentzako telebista saioan aritzeko probetara aurkeztu zen. «La bola de cristal saioaren ordezkoa zen, eta hartu egin ninduten». Joan-etorriak trenez egiten zituen Merinok: Madril-Iruñea eta Iruñea-Madril.

Gogoan ditu lehen urratsak: «Ikastola utzi behar izan nuen, astero egin behar nuelako Madrilera. Igandeetan trena hartzen nuen Iruñean, eta ostegunera bitarte egiten genituen grabazioak. Gurasoak nirekin etortzen ziren geltokira, ni agurtzera». 16 urterekin, arte dramatikoko ikasketak egiteko matrikula egin zuen Cristina Rotaren interpretazio eskolan. Mugarria izan zen erabakia, joan-etorriak egonaldi bihurtu baitziren orduan: «Madrilera etorri nintzen bizitzera». Aktore sonatu batzuen belaunaldia izango zenarekin egin zuen topo eskolan: Juan Diego Botto, Penelope Cruz, Armando del Rio eta Pilar Castro aipatu ditu, tartean.

Laugarren ikasturtean iritsi zitzaion bultzada. Montxo Armendariz zinemagilearen Historias del Kronen filmean (1995) parte hartu zuen orduan. «Lan asko atera zitzaizkidan pelikula horren ondorioz». Zinema, antzerkia eta telebista uztartu ditu geroztik. Azken hilabeteak izan daitezke Merinoren jardueraren lagin argia: Surge Madrid jaialdiak prestatutako Efímeras antzezlanean jardun berri du, eta Movistar plataformak ekoitzi duen Todo por el juego izeneko telesailean ere aritu da. «Elikadura lana esaten diegu halakoei», dio, irriz, telesailari erreferentzia eginez.

Azkenaldiko lanen zerrenda ez da hor bukatzen: aktore lanetan aritzeaz gain, zuzendari jardunean ere murgildu baita azken boladan. Film bat du Merinok esku artean. «Gure gurasoei buruzkoa da filma», iragarri du. Ez du fikziotik ezer, baina Fantasia izena du arrebarekin batera ontzen ari den lanak. Biek etxetik gazte zirela alde egin izanak eragina izan du erabakian. «Gurasoek ausart eta eskuzabal jokatu dute beti; gure nahiak errespetatu dituzte».

Gutxitan hartu dute laurak elkartzeko tartea, eta gurutzaontzi bidaia batean bildu ziren 2015ean. Kamerarekin azaldu zen Merino, eta abiaburu hori du lanak: «Zahartzaroari maitasunez begiratu diogu. Badakigu helduaroaren ondoren zer datorren, eta ez dugu pasatzen utzi nahi». Fantasia izena zuen ontziak, eta hortik datorkio filmari izena. «Bidaia izan zen abiapuntua, baina azken urteetan gurasoen egunerokoa grabatu dut. Etxean egon naiz kamerarekin, eta oso-oso astuna izatera irits naiteke halakoetan», bota du, umorez. «Egunerokoak duen berezitasun hori hartu dut irudietan; eta, pertsona guztien bizitzan gertatzen den bezala, egoera deserosoak ere grabatu ditut».

Filmean bada ere, etxera, abiaburura itzuli da aktorea azken urteetan. Azken emaitza, baina, 2020an aurkeztuko dute: «Muntatze lanak falta zaizkigu, eta egindako grabazioen galbahea ere egin behar dugu. Nolanahi ere, gure asmoa da datorren urteko Donostiako Zinemaldian aurkeztea».

Filmen oztopoak

Esku artean duena ez da izango gidatuko duen lehen lana, Asier eta biok dokumentala zuzendu baitzuen 2013an. Arrebarekin ondu zuen ordukoa ere. Merinoren eta haren lagun Asier Arangurenen arteko adiskidetasuna hari hartuta, euskal gatazka landu zuten filmean. Gaia lantzearen ondorioz inoiz presiorik sumatu duen galdetuta, ezetz esan du, ez duela inolako aurkakotasunik nabaritu. «Nire ibilbide profesionalean ez dit eragin». Geldiunea. «Nik dakidala behintzat», zehaztu du, irriz. «Dokumentalak, berriz, boikot izugarriak izan zituen, eta oraindik ere baditu».

Joan den apirilean salatu zuen Merinok Twitterren bazterketa hori: TVEko Versión Española saioari mezu zuzena bidali zion, Asier eta biok dokumentala ematera gonbidatuz. Erantzuna ere iritsi zitzaion programatik. Honela zioen: «Ziur egon, gure esku balego, emango genukeela. Asko gustatzen zaigu Aitor eta biok». Saioaren askatasun falta eta TVE kateak ezarrita daukan «debekua» salatu zituen mezu andana bat zabaldu zen sarean. «Gauza bera gertatzen da Movistar, Netflix eta Filmin plataformetan ere», azpimarratu du.

Ezagun dira hainbat euskal aktorek jasan izan dituzten presioak eta boikotak, eta sare sozialek arriskua areagotzen dutela dio Merinok. «Nik neuk profesionalki ez dut inoiz arazorik izan. Baina esango nuke orain inoiz baino beldur handiagoa dudala. Inoiz ez ditut gorde nire iritzi politikoak, baina sare sozialekin asko aldatu da egoera». Twitter erabiltzen du gehien.

Irailaren 16an hasita, euskal presoen eskubideen alde aritutako 47 euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta abiatu duten atxikimendu kanpainarekin bat egin du aktoreak. «Nire lagun Asier [Aranguren] ere badago 47 horien artean, eta zalantzarik ez dut babestuko dudala. Publikoki ere hala adierazi dut, behin baino gehiagotan». Boikotaren fantasma, baina, presente duela dio, eta sare sozialen erabilerarekin lotu du sentipena. «Horrek ez du esan nahi beldurrez bizi naizenik, baina mehatxua hor dago».

Willy Toledo aktorea lagun handia du, eta azaldu du boikotaren muturreko ertza gertutik ezagutzen duela. «Bere ideologia ezerosoa da, eta uste dut argi esan behar dela: Willyri [Toledo] betoa jarri diote. Egin diotenarekin oso mezu indartsua bidali digute gainontzekoei ere, eta nik neuk oso gertutik bizi dut hori».

Gogoetak ereduaz

«Oro har, kultura deserosoa da boterearentzat», erantsi du segidan. «Eta hala behar du izan. Ikusten dugun guztia, produktu kultural guztiak, ideologiaz beteta daude, eta mundua ulertzeko era bat sartzen digute burmuinean». Kultura bultzatzeaz harago doan gogoetaren beharra aldarrikatu du. «Gauza ez da pelikulak eta telesailak besterik gabe egitea, egin behar direlako; zer-nolakoak egin behar diren da hausnartu beharko genukeena. Zer-nolako zinema eta zer-nolako kultura garatu nahi dugu?». Euskal Herrian talentu handia dagoela dio Merinok, «baina ezkilak jo gabe», gehitu dio. «Arrain txiki bat gara, eta itsasoa harrapakariz beteta dago».

Profesioa prekarizatuta sumatzen du. «Duela hamar urteko krisialdia aprobetxatu zuten aktoreen baldintzak okertzeko». Telebista plataformek asko aldatu dute egoera. «Telebista asko kontsumitzen da gaur egun, baina kontua da duela 30 urte ez ginela horrenbeste aktore». Lanbidea bizitzeko eran ere aldaketak izan direla iradoki du. «Guk antzeztea genuen xede, berdin telebista batean zein antzoki bateko oholtzan. Gure bizibidea maite dugu; eta ez telebistan agertzeak dakarren arrakasta. Kontatu didatenez, joera hori hartu du azkenaldian aktore lanak, eta horren bila jotzen dute askok eskolara». Langabezia tasa ere aipatu du Merinok: «Aktoreen %80tik gora daude langabezian».

Irudikatzen dena eta dena: bi-biak bereizi ditu Merinok. Umorez kontatu du Historias del Kronen filmaren testuinguruan bizi izandakoa. «Cannesko festibalean izan zen filma, baina hiru kide besterik ez zuten gonbidatu. Guk denok joan nahi genuen, zinemaldia bera oso indartsua delako, eta Sail Ofizialean lehiatzea garrantzitsua zelako guretzat». Beren kabuz egin zuten Frantziara. «Kideen logeletan sartu eta lurrean egin genuen lo; oso prekarioa zen dena. Hori bai, hurrengo egunean, denak geunden dotore jantzita, limusina baten barruan eta alfonbra gorria zapaltzen. Horrek erakusten du nola bizi garen, eta nola irudikatzen den gure bizimodua».

Ez han eta ez hemen: gorputza eta burua zatikatuta dituela bizi da Merino.

Bihar: Aiora Jaka.

BERRIAn argitaratua (2019/08/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA