astekaria 2019/08/16
arrowItzuli

kirola

«Urteetako lanaren saria da»

Aitor Manterola

«Urteetako lanaren saria da»

Zenbat estropada egin ote dituzte traineruan Nadeth Agirrek (Orio, Gipuzkoa, 1993) eta Leire Alcalak (Errenteria, Gipuzkoa, 1990) Euskotren liga lehen aldiz irabazi baino lehen?

Patroiak Orion egin du ibilbide osoa, eta, 2010ean trainerua uretan jarri zutenetik, hura dabil arraunlariak gidatzen, animatzen eta zukutzen. Alcalak Hibaikan ekin zion; Zumaian ere aritu zen uda batez, bi talde horien elkarlana tarteko, eta aurten ari da estreinakoz Orion. Elkarren kirol arerio izanak urteetan, eta, orain zer, eta elkarrekin hasi dira biribiltzen urte luzeetako lana: igandean aurreneko aldiz irabazi zuten Euskotren liga.

Biak oroitu dira urteetan egindako lanaz, eta jardun luze neketsu horrekin lotu dute garaipen handi hau: «Azkenean iritsi zait sari handi bat, eta urteetan egindako lanaren saritzat hartzen dut», esan du Alcalak. «Oraindik ez dut barneratu liga hau irabazi dudanik ere», gehitu du. Agirreren buruak ere atzera egin du, oroitzapenen bila: «Duela hamar urtetik orain arte egindako guztia dago garaipen honen atzean».

Alcalak aurten ezagutu ditu bertatik bertara oraingo taldekideak eta haien lan egiteko modua, eta azkar atera zaio ahotik nolako moldeko arraunlariak dituen alboan: «Lanerako oso giro ona dago, eta ikasten segitzeko gosea azaltzen dute. Beren buruari asko eskatzen diote, eta azkar egin nuen bat haiekin». Behe-behetik hasi zen duela hamar urte Orio, eta han zen Agirre. Orduko patroiak ez du zerikusirik oraingoarekin, eskarmentua pilatuz joan baita estropadaz estropada, eta taldearen ikasteko gogoari eman dio aparteko indarra: «Urtero joan gara zerbait berria ikasiz. Irabazi ez arren, beti genuen ikasteko zerbait, eta aurrera egitea zen azken batean. Urtez urte joan gara hobetuz, eta lan horren emaitza da hau dena».

Hobetu beharra eta hobetu nahia antzematen zaio Xanti Zabaletak zuzentzen duen taldeari aurten ere, nahiz eta estropada bat izan ezik beste guztiak irabazi dituen. Adibide ona jarri du Agirrek: «Azkeneko estropada aztertzen jartzen garenean, oker egindako gauza txikiena ere azaleratu egiten dugu, gero asteko jardunean huts horiek hobetzen saiatzeko». Ia estropada guztietan egoera berriren bati egin behar izan diote aurre aurten, eta denak gainditu dituzte: «Ekainetik hona hobekuntza handia egin dugu», esan du Alcalak, eta bide emankor horretan goia herenegun jo zutela dio: «Orain arteko estropadarik onena egin genuen igandean, Hondarribian. Hasierako txanpa, kanporako luzea, barrura zein ondo etorri ginen... hamarreko estropada izan zen, nire ustez».

Zarautz eta Kontxa orain

Badakite udako onenean daudela errendimenduri dagokionez, eta zer esanik ez konfiantzari erreparatzen bazaio. Baina gehiegizko konfiantza ez du urrun izaten talde irabazleak, eta Orio aurten irabazle bihurtu da. Ez lo hartzeari egin dio aipamena Alcalak: «Garai gozo hau ondo kudeatu behar dugu, eta lanean segitu, lo hartu gabe. Zarauzko Estropada aurrenekoz irabazi nahi dugu asteburuan, eta gero, jakina, Kontxako Bandera lehen aldiz, denetan handiena. Erronka handiak dauzkagu oraindik, liga irabazi dugun arren».

Agirrek ere iritzi bera dauka, eta hamar urteetan egindakoa ekarri du gogora: «Hobetzen segitzea izan da gure filosofia, eta uda honetan ere horretan gabiltza. Badugu lanik oraindik. Estropada perfektuaren bila goaz, onena eman beharko baitugu Zarauzkoa eta Kontxakoa irabazi nahi baditugu».

Ikusiko da Orio hau gai den denboraldia biribiltzeko, eta, ikusitakoak ikusita, badirudi baietz. Baina, banderekin neurtzen den garaipen horietaz aparte, bada beste bat sakonagoa, eta hori ere betirako geratuko da elkartean bertan, epe ertain eta luzerako: arraunlari guztiak ari da erabiltzen Zabaleta, eta denek irabazi dute bandera bat gutxienez. «Oso ondo ari da taldea kudeatzen Xanti [Zabaleta], eta denok gauzka esna. Guk geuk ere ez dugu asmatzen zer talde aterako duen estropada bakoitzean, asmatu nahian jolasean ibiltzen bagara ere», kontatu du Agirrek. Alcalak ere aparteko garrantzia eman dio talde barruan inor ordezko ez sentitzeari: «Arraunlarion arteko lehiakortasuna dago, sanoa, traineru barruan postua lortzeko, eta hori oso ona da». Azken batean, arraunlariak ere irabazten ari da Orio, inor bidean utzi gabe, eta horrek sekulako balioa dauka gerora begira. Izan ere, Agirrek eta beste batzuek ez zuten duela hamar urte pausoa eman azkar uzteko.

BERRIAn argitaratua (2019/08/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA