bizigiro
PEPI BERASATEGI ALKALDE
«Sari askok baino gehiago balio du besarkada bero batek!»
Miel A. Elustondo
egoten ohi dira zozoen elean
Jean Martin Hiribarren
2015eko abenduan Rene Cassin saria jasotzen izan zinen Gasteizen, Lehendakaritzan. Bi urte ez zenituen aita fusilatu zizuetenean...
Hogeita bat hilabete nituen. Zortzi urterekin egin nuen komunioa, eta, ordurako, galdetua nuen aitaz, baina gogoratzen naiz komunio egunean ume guztiak «Aita!, Aita! Aita!», han ari zirela, eta galdetu egin nuen nik: «Hemen zein da nire aita?», eta amak: «Zure aita hilda dago». Anaia etorri zen, Felipe, haserre gorrian, eta esan zuen: «Gure aita ez dago hilda, gure aita guardia zibilek hil zuten, Francok aginduta!». Gogoratzen naiz horixe esan zuela anaiak. Berak bost zituen aita hil zutenean. Orain dela bi urte hil zen Felipe...
Antiguan jaio zinen, bertan bizi zineten...
Benta-berrin, baina aita kendu zigutenean, amonarenera joan ginen, Andrestegira, Antiguatik aparte xamar. Ezkutatuta dago lekua. Benta-berritik hara, lehenengo Cervezas El Leon fabrika zegoen. Aurrerago, Konporta baserria. Handik alde bateko bidea hartu eta Julianategi zegoen. Beste aldera, Andrestegi, gure etxea. Baserri asko zeuden han: Murutegi, Txapaldegi, Borda, Beiazpi, Artola, Artola-txiki, Beriogain, Azkenportu, Tolare... Orain ez dakit Tolare besterik ba ote dagoen...
Jaunartze eguna baino lehen ere galdezka hasita zeunden...
Esate baterako, eskolan ezin zen ezer hitz egin. «Aita non da?», «Zure aita hilda dago». Manolori [Sesma, Antiguako bizilaguna] etxean, aita pulmoniak jota hil zela esaten zioten. Ez zen horrela! Garrotez hil zuten! Baina horrela hitz egiten zen orduan! Gogoratzen naiz Felipe nire anaiari esaten ziotela eskolan: «Zer nahi duzue gorriok? Sorginek jango zaituztete zuek!». Horrelakoak! Maisua ere tartean zen, eta, egun batean, amak eskolara joan behar izan zuen maisuari esatera: «Nire semea ez da hona etortzen aitaren kontuak esatera. Etortzen da estudiatzera. Beraz, kontu horiek moztu!». Eta orduantxe! Anaiak, berriz, ez zuen Falangekorik kantatzen, eta zigortu egiten zuten: «Berdin da, hementxe egongo naiz zigortuta, baina ez dut kantatuko!», esaten zuen Felipek.
Zortzi urte bete baino lehen ere galdezka hasita zeunden zu...
Txikia zarenean ez zara jabetzen, baina gogoratzen naiz lagunekin joan hona edo hara, eta atea ixten zigutela guri, anaiari eta bioi. Lagunak sartzen ziren, baina gu ez. Etxera joan, zer egiten ziguten esan, eta: «Hola eta hola egin digute». Eta: «Ez duzue besteren etxera joan beharrik!».
Hori amak esaten zizuen.
Ez, ama ez genuen ikusi ere egiten. Amonak eta izebak esaten ziguten hori. Amaren partekoak... Historia hasten da aita harrapatu zutela urriaren 29an. Zen osteguna, eta anaia eskolan zebilen, baina jai zuen arratsalde hartan. Felipe eta biok hartu eta amona bisitatzera joan zen ama, Andrestegira. Etorri ginenean Benta-berrira, Matia kalea zen orduan, amak aldameneko Isabel topatu zuen... Amak beti esaten zuen: «Ez ahaztu Isabelena!». Hark esan zion: «Joxepa! Joxepa! Disgustu handia eman behar dizut, disgustu handia! Poli [Hipolito, Pepiren aita] kartzelara eraman dute, Ondarretara! Umeak utzi hemen nirekin, eta joan zaitez zu hara!». Dagoen tokian dagoela zeruan, eskerrak ematen dizkiot Isabeli hemendik. Andre hori egin zen gure kargu! Ama Ondarretako kartzelara joan zen, etorri zen, eta baietz, hantxe zeukatela. Afaria eta manta eskatu zizkiola. Berriz joan behar zen, eta Isabelek orduan: «Ekar itzazu umeak hona eta afaria eman eta dena egingo diet nik». Ama Ondarretako kartzelatik bueltan etorri zenerako, gu afalduta eta garbituta geunden, oherako. Horrelaxe kontatuta dakit nik.
Ama egunero Ondarretako kartzelara joan-etorrian ibili zen harrezkero...
Bai... Amak esaten zuen kartzelakoek garrasi handiak egiten zituztela: «Emakumeok! Hazi itzazue gure umeak! Norberarenak eta besterenak! Hazi!»... Azaroaren 7an bazkaria eramatera joan zenean, amari eta beste andre batzuei esan zieten beren gizonak etxera bidali zituztela. Ezetz, bada, ez zela egia. «Ez baduzue hemendik alde egiten ostikoka bidaliko zaituztegu!», esan zieten guardiek. Alde egin behar! Eta nora joan? Etxera! Baina gizonik ez... Ez zen gehiago azaldu... Aita hil zutenean, amaginarrebaren etxera joan zen gure ama, baina hark ez zion esan gu miserikordiara sartzeko besterik. Gure amaren erantzuna: «Esku hauek lanerako ditudan artean nire seme-alabak ez dira hara joango!». «Hara!, ez zaizu gustatu esandakoa». Eta gure amak: «Estimatzen dizut detailea»... Amak kontatzen zuen.
«Ez ahaztu Isabelena!». Hori ere kontatzen zuen amak.
Bai, hori ere bai. Ez dakit Isabelen deiturarik. Amaren aldamenekoa zen. Mesede handia egin zion. Ama kartzelara joaten zenean gure aitari jatekoa ematera, esaten zion: «Joxepa, presaka al zoaz? Utzi umeak hemen, nik emango diet jaten». Eta aita fusilatu eta gero ere, ama beti korrika eta presaka ibiltzen zen alde batera eta bestera... Egun batean, tranbian zihoala, topo egin zuen Maria Luisa Lizarriturrirekin. Eta hitz egin omen zuten, eta esan omen zion andre hark: «Alargun baten atzetik nabil. Bi umerekin utzi dute. Ez dakit den Konportakoa, edo Andrestegikoa». Eta gure amak: «Ni neu alargun utzi naute. Andrestegikoa naiz». «Nahi al zenuke gure etxera etorri lanera?», emakume hark... Gure amari zeruko ateak ireki zitzaizkion! «Bai, ez dut lanik, eta ondo etorriko zait». Eta Maria Luisa hark bere etxera eraman zuen gure ama, Julianategira, nondik sartu eta irten ikusteko. Etxe zaharra zen Julianategi, baina oso etxe ona lanerako. Hurrengo egunean bertan joan zen lanera gure ama. Eta, orduan, Andrestegira joan ginen denok, amona Luisaren etxera. Esan omen zion amonak: «Etorri honaxe bizitzera. Zuk lanera joan behar duzu. Zure umeak hemen haziko dira».
Bertatik bertara Andrestegi eta Julianategi...
Bai, baina ez genuen hala ere amarik ikusten. Goizean goiz irteten zen, eta gauean berandu arte ez zen etortzen hura. Eta eguerdian ez zen bazkaltzera etxera etortzen. Gainera, astean behin beste etxe batera ere joaten zen, Altunaren etxera, Matia kalean. Eta besteren batera joaten ote zen ez dakit... Azkeneko orduan, etxera etortzen zenean, bere ahizpa -gure izeba Jexuxa-, gabardinak josten aritzen zen, eta berarekin egoten zen josten.
Latza...
Eta fraide hark zer egin zuen?!
Karmeldar oinutsaren historia...
Aitaren anaia zen hura. Hark gure amari esan zion: «Inoiz ez duzue jakingo non dagoen lurperatuta nire anaia!». Purrustaka, aitaren anaia fraide hura. Hori aditu eta orduantxe egin zituen gure amak aitaren aldeko familiarekikoak.
Hernanin fusilatu zutela jakin zenuten.
Bai. Bazen pareta handi bat, izenekin. Eta odol orbanak ere bazeuden. Baina pareta hura ezkutatu egin dute. Ondarretan ere oker handiak egin zituzten, baina aita Hernanin fusilatu zuten. Ondarretako kartzelatik atera zutenez gero, ez genuen ezer jakin.
Aita betiko falta.
Eta tristura ere, betiko. Lehengusuak ikusten nituen beren gurasoekin, eta nik aitarik ez. Lagunak banituen, baina ez zuten entenditzen aita falta zitzaidala. Gero, besterik ere gertatu zen. Gerra denboran osaba Asturiasen geneukan. Eritu, eta etxera ekarri zuten. Lau urte nituen, eta lau urterekin, osaba zaintzen egondu nintzen. Amaren anaia zen, Eulojio Etxeberria. Ezindua zegoen gerritik behera, baina egundoko indarra zeukan besoetan. Guardia zibilak etxera etortzen zitzaizkion. Binaka etortzen ziren, ea hantxe irauten zuen. «Zuk ez ihes egitea espero dugu», esaten zioten, eta osabak: «Nahiago nuke ihes egiteko moduan izango banintz!». Aurre egiten zien guardia haiei. Hantxe nengoen ni, neure begiez ikusi nuen. Behin edo behin, osaba eta biok euskaraz, eta guardia zibilek: «Hemen kristianoz hitz egin!». Betiko geratu zitzaizkidan hitz horiek. Eta osabak, haserre: «Kristianoz? Arraiook! Aita hil diozue, eta, gainera, kristianoz! Alde hortik!». Horixe esan zien osabak... Ezindua zegoen, baina besoak mugitzeko gauza zen, eta esaten zidan: «Pepi, ekarri nauzu eskopeta. Bertatik egingo dut ehizean». Amorratua zen.
Zu, artean umea, osaba zaintzen. Ama, batean eta bestean lanean...
Ikusi ere ez genuen egiten. Behin, anaiari esan nion: «Ama ikusten al duzu batere?», eta Felipe anaiak: «Ama ikusi? Ez. Zuk hainbestexe!». Ama beti lanean, kanpoan. Gero, amona ere gaixotu egin zen, eta ni, eskola bukatu nuenean, etxeko lanetan hasi nintzen. Eta amona ere zeinek zaindu zuen?
Zuk zeuk.
Bai, bada! Etxean laguntzen hasi nintzen, izebarekin batera. Eta Felipe ere hantxe, lanean, Andrestegin, baratzan eta ahal zen bezala. Gero, lanbidea ikasten hasi zen, argiketari, eta halaxe atera zuen bizimodua... Oso gogorra izandu da dena, oso tristea da aita gabe bizitzea, oso gogorra, eta tristura hori ez da joaten. Eta ez dakigu non dagoen, horixe jakin nahiko genuke, baina inork ez digu esaten. Fusilatu egin zuten, baina «desagertua» zela esaten ziguten. Lizarriturrin lan egiten zuen aitak, langile komitekoa zen edo zerbait ere, eta bertako baten batek denuntzia jarri eta eraman zuten gure aita... Baina gauza asko ez dakizkit. Amak ez zuen kontatzen! Ez zuen ezer kontatzen. Eta ez da nire kasua bakarrik. Egoera berean gauden denok berdin esaten dugu. Galarazita zegoen dena, ezin ezer esan! Etxean zerbait esan eta: «Ixxxx!». Eta nik: «Baina, amona, zer da?». «Ezin da hitz egin», erantzuna. Kalean lagunen artean eta, berdin: isiltasuna. Oso gogorra. Non ezagutu da hori, ordea? Ondo gogoratzen naiz. Tira, anaia Felipe ez zen isiltzen! Kar, kar...
Inoiz esan izan duzunez, inork ez dizue barkaziorik eskatu.
Egia da eta. Inork ez. Eta, gainera, barkazioa eskatuta ere, ezin da barkatu. Nirea joango da, baina gure ama gaixoa? Ezin da barkatu! Gasteizen Rene Cassin saria eman zidaten, eta Gipuzkoako diputazioak domina eman zigun guztioi, errekonozimendua, ez du asko laguntzen, baina, behintzat, gogoratzen direla esan nahi du, zer edo zer da, arnasa hartzen laguntzen du. Niri, behintzat, laguntzen dit.
Nik neurea esango dut... Baina, esate baterako, Gasteizkoa bukatu zenean, han egon ginen gero, jendearekin hizketan, eta halako batean Tasio Erkizia etorri zitzaidan besarkada ematera. Eta hura besarkada! Ez zait behin ere ahaztuko. Eta, beste batean, Donostian, beste ekitaldi bat izan zen, eta, orduan, Txan Magoa etorri zitzaidan. Eta haren besarkada! Sari askok baino gehiago balio du besarkada batek...