astekaria 2019/08/16
arrowItzuli

politika

Urrutikoetxearen egoeraz ohartarazi dute, eta «arduragabe» artatu dutela salatu

Jon O. Urain

Urrutikoetxearen egoeraz ohartarazi dute, eta «arduragabe» artatu dutela salatu

Josu Urrutikoetxea ETAko kide ohia aske uzteko eskatu du Etxerat elkarteak, «oinarrizko eskubideak bermatzen dituen mediku ingurune batean beharrezkoak dituen artak jaso ditzan». Euskal presoen senide eta lagunen elkarteak ohartarazi du Urrutikoetxearen osasun egoerak okerrera egin duela azken asteetan, eta hori kartzelako administrazioaren eta autoritate judizialaren «arduragabekeriak» eragin duela.

Axolagabe jokatu izanaren zenbait adibide aipatu ditu Etxerat-ek, ohar batean; batetik, Urrutikoetxea atxilotu ostean haren osasun txostena galdu egin zutela. Maiatzaren 16an atxilotu zuten Urrutikoetxea Sallanchesen, Frantziako Alpeetan, erietxean. Parisko La Sante kartzelara eraman zuten gero, eta bitarte horretan galdu zuten haren osasun txostena, Etxerat-ek azaldu duenez:. «Presondegiko mediku zerbitzuek aste luzeak behar izan dituzte mediku txostena berrosatzen hasteko».

Gainera, ebakuntza bat egin behar zioten Urrutikoetxeari, baina bi aldiz atzeratu dute; ospitaleko medikuek uztailaren 15ean ezarri zuten ebakuntzaren eguna, baina, Etxerat-ek azpimarratu duenez, bertan behera utzi zuten «Frantziako Justizia administrazioaren aginduz, segurtasun arazoak argudiaturik». Bi aste geroago, berriro ere ebakuntza egitekoak zirela, bertan behera utzi zuten, espetxeko osasun zerbitzuek ez zeukatelako gutxieneko sendabide protokoloa abiatuta, «ebakuntza aurretik jaso behar zukeen prebentziozko antibioterapiarekin».

Bestetik, bi infekzio ditu egun Urrutikoetxeak; estafilokokoa eta ikertzen ari diren beste bakterio bat. Atxilotu berritan, gernu zunda bat ezarri zioten, eta Etxerat-ek jakinarazi du duela bi hilabete kendu behar zioten zunda horrek eragin dizkiola infekzioak: «Maiatzaren 16az geroztik itxoiten duen ebakuntzaren ondotik baizik ez diote gernu zunda kentzen ahalko». Hori horrela, elkarteak elkartasuna adierazi die senideei, eta salatu du «onartezina» dela «espetxe agintarien eta aginte judizialen jokabidea, pertsona baten bizia arriskuan jarriz».

Ekainaren 19an, Urrutikoetxea kontrol judizialpean aske uztea erabaki zuen Parisko Dei Auzitegiko epaimahaiak, baina, presondegitik atera aitzin, DGSI Frantziako Barne Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiko agenteek atxilotu egin zuten Espainiak agindutako euroagindu bat jakinarazteko. Preso dago ordutik. Senideak joan den astean izan ziren bisitan, eta horiek ere egoera «larriaz» ohartarazi zuten.

Tratu «krudela»

Beste elkarte batzuek ere ohartarazi dute Urrutikoetxearen osasun egoeraz. Sare plataformak kritikatu du jasotzen ari den «tratua krudela eta gizagabea» dela: «Hori gutxi balitz bezala, Josuri ukatu egin diote medikuek ezarritako tratamendua eta beharrezkoa duen ebakuntza. Horrek esan nahi du kontzienteki arriskuan jartzen ari direla Josuren bizitza». Bake Bideak, berriz, «gogorki» salatu du presoaren egoera, eta eskatu «berehala» egin diezaiotela ebakuntza eta aske utz dezatela, Parisko Dei Auzitegiaren ebazpena «errespetatuta».

Alor politikoan, EH Baik eta EH Bilduk ohar bateratua plazaratu dute, nabarmenduz Urrutikoetxearen osasun egoera «egunetik egunera» okertzen ari dela: «Inork ez du erabakirik hartzen, denbora igarotzen utziz, egoera konponbide gabea bilakatzeko arriskua egonik». Bi indarren arabera, horrek agerian utzi du euskal presoek bizi duten egoera: «Sendagileen arretarik eza, mendeku politikak, legeen iruzurra, sakabanaketa eta senideei horrek erakartzen diena...». Erantsi dute egoera «orokor» horrek eta, zehazki, Urrutikoetxearenak «sufrimendua» eragiten dutela eta oinaze horri «berariaz ez ikusiarena» egiten diotela Espainiako eta Frantziako estatuek.

Hortaz, adierazi dute «sufrimendu guztiak ezabatzeko» garaia dela, «euskal presoek jasaten duten egoerari konponbide integral bat emateko».

BERRIAn argitaratua (2019/08/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA