astekaria 2019/08/09
arrowItzuli

kirola

Ezagutzen du loriarako bidea

Ainara Arratibel Gascon

Ezagutzen du loriarako bidea

Hilaren 11n hiru urte beteko dira Maialen Chourraut piraguista olinpoan sartu zenetik (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1983). Rioko jokoetan urrezko domina lepotik eskegi zuen. «Bizi izandakoa oso intentsoa izan zen, bai kirol mailan, baita pertsonalki ere. Dena den, oso urruti ikusten dut orain egun hura. Gehiago gogoratzen dut horra iristeko egindako lan guztia, jokoen atzetik lau urteko lan nekez eta isila baitago, eta hori ez da ikusten».

Orain, datorren urtean Tokion Olinpora eramango duen bidea ari da egiten. Maiatzean hasi zen lan horretan, Europako Txapelketan, eta, guztira, bost aukera ditu bide hori ahalik eta zuzenena eta laburrena izatea ahalbidetuko dion puntuak biltzeko. Saiorik garrantzitsuena irailaren 24 eta 29 artean izango du, Seu d'Urgellen jokatuko den Munduko Txapelketan. Hor lortuko duen emaitzak zuzenean eman diezaioke Tokiorako sailkapena, eta berriro ere dominengatik borrokatzeko aukera. Loria lortzekoa, hain zuzen. «Ametsa da beste domina bat lortzea, eta horren bila joango gara. Han egonez gero, ez diogu ezeri uko egingo».

Aurreko olinpiar zikloan ama izan berria zen Chourraut, baina sekulako apustua eginez balentria lortu zuen. Oraingo honetan, uren mugimenduak eta, ateek bainoago, beste gertaera batzuek baldintzatu dute haren jarduna: lesioek, ontzira egokitzeko zailtasunek eta aitaren heriotzak. Baina abila da Chourraut horiek gainditzen, eta oraingoan ere lortu du.

Lehen ezustea lesioekin izan zuen. Rion domina irabazi zuenetik 2018 hasiera arte, apenas lehiatu izan zen. Jarrerari lotutako zorabioak izan zituen. Oso gaizki pasatu zuen, ezin baitzen behar bezala entrenatu, beldur zen kanalean sartu eta zorabioak izango zituen. Autoa eta bizikleta ere ez zituen hartzen. Segidan, hainbat infekzio izan zituen, eta, gero, saihets batean mina izaten hasi zen. Probak egin, eta ikusi zuten apurtua zuela, ziurrenik, izandako katarroetan egindako eztularengatik. «Horrek guztiak prestakuntza guztia atzeratu zidan». Hala, iaz ez zuen oporrik hartu; eta, aurtengo neguan, aurretik zuen lehiarako joera eta indar psikologikoa berreskuratzeko, denboraldi-aurrea Seu d'Urgelletik urrun egin zuten. Patxi Etxaniz entrenatzaile eta bikotekidearekin, eta Ane alabarekin batera Australiara joan ziren. Lehen aldia zen halako zerbait egiten zuela.

Han, entrenamendu gogorrak egin zituen, eta, pixkanaka, lesioak izan aurrean bezala sentitzen hasi zen. «Orain, eroso eta gustura sentitzen naiz uretan. Hori da inportanteena. Ez naiz sekula izan lau urtez goi-goian egon den piraguista bat, eta orain ere behetik gora noala uste dut». Baina nahiago du sentipenak ez alderatzea Rioko jokoen aurretik izan zituenekin. «Lau urtean gauza asko pasatzen dira, eta horrek aldatu egiten zaitu».

Bestalde, Rioko jokoen ostean, aldatu egin zuten bere kategorian lehiatzeko ontziek izan behar dituzten neurriak. «Ontzi berrira egokitzea kostatu egin zitzaidan. Ez nuen nire gustukoa aurkitzen. Izan ere, ni txikia naiz, eta neurrian barruan piragua asko txikitu behar didate. Azken batean, artelan bat dira. Ni, gainera, oso exijentea naiz horrekin». Baina topatu ditu egokiak zaizkion neurriak. «Horrek lasaitasuna ematen dit, urtebete dugulako horrekin lan egiteko». Neurri horiek abiapuntua dira. «Berriki ontzi bat estreinatu dut. Oreka lortzeko zailtasunak izan ditut. Baina, gutxienez, neurriak baditugu erabakiak».

Atariko zerrendan dago

Tokion egoteko lehen pausoa eman du. Chourrauten puntuazioak eta markak kontuan hartuta, Espainiako Piraguismo Federazioak Tokiora joateko lehen deialdian sartu du. «Horrek aukera ematen dit urrian Tokiora joateko, eta hango kanalean entrenatzeko. Hori oso garrantzitsua da, Nazioarteko Federaziok erabakitzen baitu noiz entrena gaitezkeen».

Jada baditu erreferentziak haren inguruan. «Londreskoa eta Riokoa enpresa berak eraiki zituen. Aldea da Londreskoak bihurgune bat zuela; beste biek, berriz, ez. Alde horretatik, palei eragiteko modua ez da asko aldatuko». Dena den, «dagoenera egokitzea» besterik ez dutela gogorarazi du. «Riokoa, adibidez, nik ez nuen gustuko. Ur mugimenduak gogorregiak ziren. Baina, gero, urrezko domina lortu nuen». Gainera, oharra egin du. «Maiatzera arte aukera dute ibilbidea aldatzeko; beraz, orain egin dezakegun azterketa aldatu egin daiteke».

Sailkatuz gero, Tokion egin ditzaketen entrenamenduez gain, Londresko kanalera joateko asmoa du. «Fisikoki bidaiek asko nekatzen dute, eta hori ere ondo neurtu behar da fresko iristeko. Aurretik, dena den, Munduko Txapelketan hartuko du parte, sailkapena lortzeko probarik garrantzitsuenean. Txapelketa buru-belarri prestatzen ari da. Etxeko egongela baino hobeto ezagutzen du Seu d'Urgelleko kanala. Urteak daramatza han bizitzen eta entrenatzen. Uren mugimendurik txikiena kontrolatzen du. Baina ez du uste hori abantaila denik. «Herrialderik gehienetako piraguistak asteak daramatzate hemen entrenatzen, eta ondo ezagutzen dute kanala».

Munduko Txapelketan,herrialde bakoitzak zenbat postu banatuko diren erabakiko da. «Behin hori lortuta, plaza horiei izen-abizena jarri behar zaie. Marka on bat lortu edo dominaren bat lortuz gero, aukera asko dago zuzenean leku hori zuri emateko. Baina federazioak ere badu zeresana horretan». Irailean lortu ezean, apiril-maiatzetan izango du azken aukera. Ez du ordu arte itxaron nahi, ordea: «Horrek nire prestakuntza baldintzatu eta aldatuko luke».

Oraingoz, bere kategorian aurreko selekzio horretan dagoen piraguista bakarra da, eta puntu dezente ditu pilatuak. «Baina gure kirolean ezin da ezer ziurtzat jo. Jaitsiera txar batek hankaz gora jar dezake egindako lan guztia» Aurkariak, gainera, oso indartsu ikusten ditu: « Jessica Fox eta Ricarda Funk koskarik gorenean daudela esango nuke. Neure burua. Baina horrek ez du esan nahi ezin diedanik irabazi. Urtebete falta da lanean segitzeko».

BERRIAn argitaratua (2019/08/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA