astekaria 2019/08/09
arrowItzuli

kirola

ITXASO URIARTE

«Oso zaila izango da berriro Kopa irabaztea, baina ez da ezinezkoa»

Jone Bastida Alzuru

«Oso zaila izango da berriro Kopa irabaztea, baina ez da ezinezkoa»

Denboraldi berria prestatzen dabil Realarekin Itxaso Uriarte (Gasteiz, 1991). Gogor dabiltza lanean, eta entrenamendutik nekatuta iritsi da elkarrizketara. Arratsaldean dute beste saio bat. Egungo Kopako txapeldunak dira, eta «ilusioarekin» ekingo dio sasoi berriari.

Valentziaren aurka hasiko duzue liga, etxetik kanpo. Zer deritzozu?

Denboraldi-aurrean gaude. Oraindik asko falta da liga hasierarako, baina iragan sasoian partida onak eta politak jokatu genituen Valentziaren aurka. Bai Kopan eta bai ligan. Haiek bezalako neurketak egiten baditugu, uste dut egokia izan daitekeela hasiera on bat emateko.

Nola doaz denboraldi-aurreko lehen asteak?

Gogorrak ari dira izaten. Badakigu lehenengo aste hauek garrantzitsuak direla karga fisikoa sartzeko; gero, ligara ahalik eta ondoen iristeko. Fisikoki eta taktikoki ondo landu behar ditugu gauzak.

Beste bi urterako berritu duzu kontratua. Gustura al zaude?

Bai. Aspalditik nago hemen; bederatzigarren urtea izango da hau. Lehen egunetik oso ondo tratatu naute: etxean egongo banintz bezala sentitzen naiz. Eskertzekoa da, eta pozik nago. Klubarekin hitz egin nuen, eta hasieratik zen nire asmoa hemen jarraitzea.

Merkatuan apustu garrantzitsua egin du aurten Realak. Barbara Latorre, Lucia Rodriguez eta Ana Tejada fitxatu ditu. Ondo ari al dira egokitzen taldera? Zer eskain dezakete?

Bai, ondo egokitzen ari dira. Jende gaztea da, baina Lehenengo Mailan esperientzia dute. Haien aurreko taldeetan jokalari garrantzitsuak izan dira. Lehiakortasuna areagotu dute, eta horrek lana eta intentsitatea handitzea dakar. Guk taldekide guztiak sasoi betean egotea nahi dugu. Guztiok gure onena ematen badugu, zailagoa izango da zelaian egotea, maila hobea izango baita. Hori positiboa da.

Harrobiko hainbat jokalari ere ari dira denboraldi-aurrea lehen taldearekin egiten. Zer moduz ari dira?

Bai, egun hauetan etorri dira batzuk. Oso gazteak dira, baina gogotsu daude. Hori garrantzitsua da Lehenengo Mailara iristeko. Zaila da, liga indartsua delako, baina, gogor lanean jarraitzen badute, izango dituzte aukerak.

Kapitain ziren bi jokalarik utzi dute taldea: Sandra Ramajok eta Chini Pizarrok. Haien falta nabarituko duzue, ezta?

Bai. Taldean urte asko egon diren bi pertsona izan dira; oso garrantzitsuak. Zelai barruan ez ezik, kanpoan ere asko ematen zuten. Taldekideen artean lan handia egiten zuten. Eskertzekoa da, eta nabarituko dugu haien falta.

Taldeko beteranoetako bat zara. Zuk hartuko duzu haien lekukoa?

Saiatuko naiz. Beteranoetako bat naiz, adinez, eta baita Realean daramatzadan urte kopuruarengatik ere. Jokalari berriak taldean eroso senti daitezen laguntzen saiatzen naiz. Ahalik eta gustuen egotea da nire asmoa.

Zein da denboraldi honetan taldearen helburua?

Iragan sasoikoa egingo bagenu, pozik egongo nintzateke! [barrez]. Kopan saiatuko gara aurreko denboraldian bezala aritzen. Ligan, agian aurreko sasoian izan ez genuen erregulartasuna izan nahi dugu. Ahalik eta postu onenean amaitzea da helburua.

Amets bat bete zenuen Kopa irabazita?

Bai. Nire kirol ibilbidean irabazi dudan titulurik garrantzitsuena da. Izugarria izan zen, ahaztezina. Asko gozatu genuen.

Zaila izango da errepikatzea, ezta?

Bai, oso zaila da, baina ez da ezinezkoa. Behin lortu badugu, zergatik ez beste behin.

Kopako finala ikusi al duzu?

Final osoa ez dut ikusi. Baina, Internet bidez ikusi ditut partida amaitutakoan zelaian bizitako uneak, eta Donostiara etorritakoan egindako harrera. Barrua mugitzen zait bideoak ikusten ditudan bakoitzean.

Aurreko partidan min hartuta, ezin izan zenuen finala jokatu. Pena eman zizun?

Bai, egundokoa. Sasoi amaierara hobeto iristeko, denboraldi osoa jokatzen eta fisikoki ahalik eta ondoen mantentzen saiatzen pasatu nuen. Pena handia eman zidan aurreko partidan min hartu izanak. Ez zegoen nire esku. Saiatu nintzen iristen, baina ez zen posible izan.

Bederatzigarren denboraldia izango duzu hau Realarekin. Asko aldatu dira gauzak?

Bai. Ez du zerikusirik nire lehen urteekin. Asko aldatu da egoera. Egitura aldetik kluba askoz apustu serioagoa egiten ari da. Emakumezkoen futbola hazten ari da. Pixkanaka, baina geroz eta hobekuntza gehiago daude. Oihartzuna ere izaten ari da, eta jendea hurbilago sentitzen dugu.

BERRIAn argitaratua (2019/08/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA