ekonomia
Oreka galduta
Aitziber Arzallus
Gaurko Euskal Herriak zerikusi gutxi du duela 50 urtekoarekin. Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak duela pare bat aste kaleratutako datuak dira horren froga. Desoreka nabarmenak dituen lurralde bat irudikatzen dute, non landa eremuaren eta hirigunearen artean geroz eta arrakala sakonagoa baitago. Landa eta mendi guneak biztanlerik gabe gelditzen ari dira, eta egoera bereziki larria da Zuberoan eta Nafarroako eta Arabako eskualde batzuetan.
Euskal Herrian biztanleria gero eta handiagoa izan arren - 3.152.000 lagun-, eremu batzuetan herritarrak galtzen ari da. 2008tik 2017ra, 317 udalerrik biztanleria galdu dute -udalerrien %46k-, eta gehien-gehienak, %90, landa eremuan daude. Hiriguneetan ari da pilatzen jendea. Bost euskal herritarretik lau bizi dira eremu horietan (%83); Europako batezbestekotik gora, beraz (%73). Landaguneak, ostera, husten eta ahultzen ari dira: herritarren %17,4 bizi dira halakoetan, zahartzea handia da, eskas dute enplegua, eta urrun zerbitzuak.
Azken hamar urteotan, Zuberoa izan da biztanleria gehien galdu duen eremua: Zuberoako 28 udalerrik biztanleria galdu dute, eta soilik hamabostek eutsi diote edo irabazi dute biztanleria. Lapurdiko eta Nafarroa Behereko landa eremuek, berriz, hazkunde demografiko garrantzitsua izan dute -%17,8 eta %6,5, hurrenez hurren-. Dena dela, igoera hori lotarako herrien hazkundeak eragin du, eguna hirigunean pasatu eta lotara barnealdera joaten direnen ugaritzeak. Joera horrek ez dio eragin Zuberoari.
Nafarroa Garaiko landa eremuak ere biztanleria galdu du azken hamarkadan (-%0,8); ez, ordea, hiriguneak (+%5,4). Egoera bereziki larria da Erronkari-Zaraitzun: herritarren %14 galdu ditu hamarkada batean, eta gainzahartze maila oso handia da (%20). Eskualdea osatzen duten hemezortzi herrietatik hamabik %10etik gorako biztanle galera izan dute azken hamar urteotan.
Datuek diotena berretsi du oraintsu arte Erronkari sor-markako lehendakari izandakoak, Patxi Zalbak; alegia, egoera «muturrekoa» dela. Eskualdearen hustea geldiarazteko neurririk hartu ezean, «epe motzean arazo handiak» izango dituztela uste du. «Zortzi-hamar urte barru, ez da egongo Erronkariko gazta ekoizteko artzain eta gaztandegi nahikorik».
Nafarroako beste gune batzuetan ere biztanleria galera nabarmena izan dute; esate baterako, Zangozerrian, Baztan aldean, Tafalla aldean, Ebro Garaiko Erriberan eta Arga-Aragoiko Erriberan. Izatez, dentsitate apaleko eremuak dira, eta gainzahartze maila Euskal Herriko batezbestekoaren gainetik dute. IruƱerriko biztanleria, berriz, %6,8 handitu da.
Hego Euskal Herriko beste eremu batzuek ere biztanleriari eusteko egiturazko arazoak dituzte: esate baterako, Arabako Mendialdeak eta TrebiƱuk. Aldiz, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera bestelakoa da. Lurralde orekatuagoak dira demografiaren, zerbitzuen eta jarduera ekonomikoaren ikuspegitik. Lea-Artibai da biztanleria galtzen ari den eskualdea, nortasun handia eta ekintzailetza ekonomiko aipagarria dituen arren. Lurralde antolamenduaren ikuspegitik baztertuta egotea oztopo du biztanleriari eusteko.
Nekazaritza industria
Landaguneen eta hiriguneen arteko desoreka handitu duena Europako Nekazaritza Politika Bateratua dela uste dute Alazne Intxauspe Bizkaiko EHNEko kideak eta Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak. Lehen sektoreak indarra galdu du, nabarmen, hura indarrean jarri zutenetik. Datu bat: azken lau hamarkadetan, lehen sektoreak 68.000 enplegu galdu ditu Euskal Herrian. «Ondorioz, bertako produktu askok galdu dute elikaduran zuten presentzia eta eragiten zuten ekonomia».
Nekazaritza politika horrek ustiategi handien eta ekoizpen eredu intentsiboaren alde egiten du, besteak beste, diru laguntzak tamainaren arabera zehazten dituelako. Horrek elikagaien industriaren eta abeltzaintzako ustiategi handien hazkundea eta txikien desagertzea ekarri du. Nafarroako hegoaldean indar handia hartu du sektore horrek, eta lurralde horretako industrietan bigarrena da, autogintzaren ostean. Hamar urtean atzerrirako salmentak %125 handitu dituzte. Iaz, milioi bat euroren irabaziak izan zituzten sektore horretako enpresek, eta 14.000 laguni eman zieten lana. Beste kontu bat da langile horiek zer baldintzatan dituzten.
Beste horrenbeste gertatu da esne sektorean, duela lau urte Europako Batzordeak esne kuoten sistema kendu zuenetik. Ordura arte, urteko ekoizpena mugatua zuten EBko herrialdeek, baina, harrezkero, nahi beste esne ekoitzi dezakete. Askok ohartarazi zuten mugak kentzeak sektorearen gainbehera areagotu zuela: produkzioa handitu eta prezioak merkatzearekin batera, epe luzera ekoizle txikiak industriaren menpe gera zitezkeela.
Sektoreko ordezkariek ez zuten baztertzen ustiategi erraldoi bat agertzeko aukera ere; eta denborak erakutsi du bete-betean asmatu zutela. Caparroson (Nafarroa), Valle de Odieta kooperatibak 5.000 esne behi biltzen dituen instalazio handi bat du -Eroskiren Nafarroako marka zuria hornitzen du handik-, eta, 100 kilometro hegoaldera, Sorian (Espainia), Noviercas herrian, bost aldiz handiagoa izango den ustiategi bat zabalduko du aurki. 20.000 esne behi baino gehiago izango ditu.
Kooperatibak, aukera
Artzaintza sektorean ere larri ibili ziren duela bost bat urte, enpresa handienetako batek, Aldanondo gipuzkoarrak, artzainei jasotako esnea ordaintzeari utzi zionean, diru arazoak zituelako. Esnea saltzetik bizi ziren dozenaka artzainek utzi behar izan zuten sektorea. Estualdi hark ikasteko balio izan zien, eta, harrezkero, elkarteetan bildu dira Ipar zein Hego Euskal Herriko artzain asko, industriarekin negoziatzeko garaian indar handiagoa izateko. Hego Euskal Herrian, Latxa Esnea kooperatiba sortu zuten, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, Azkorria, Etxe Gazna eta beste hainbat.
Orain, egonkorrago daude, arazoak badituzten arren: esnearen prezioagatik kexu dira, hura saltzetik bizitzeko lain atera ezin dutelako. Horri batu behar zaio arkumearen merkatua hondoa jota dagoela, eta inork ez diela hartu nahi ardi latxen ilea. Oro har, gaztagintzan aritzen direnak hobeto daude; batez ere, jatorri izenaren barruan aritzen direnak.
Bihar: Gaztagileak, sor-marken babespean.