astekaria 2019/08/09
arrowItzuli

gizartea

Harmailetako irainek eragindako sumina

Amaia Igartua Aristondo

Harmailetako irainek eragindako sumina

Mundu honek eta gizarte honek ez diete uzten emakumeei futbol zelai batean gainerakoen baldintza berberetan aritzen». Hala mintzatu zen Kantabriako (Espainia) Guriezo futbol taldeko jokalari Izaro Antxia (Barakaldo, Bizkaia, 1981) sare sozialetan, areto futboleko partida batean harmailetan zegoen gizon talde batek bota zizkion irain transfoboak salatzean. Leioan (Bizkaia) gertatu zitzaion, uztailaren 13an. Aditu zituenean, partida gelditzea erabaki zuen, «baloia hurbil zegoela aprobetxatuta». Arbitroari abisatu zion; halere, jokatzen jarraitzea erabaki zuten. Zoritxarrez, iraintzaileek ere beste horrenbeste egin zuten, estrategia aldatuta: «Animalia oihuak egiten hasi ziren baloia nigana hurbiltzen zen bakoitzean». Antxiak bigarrenez eten zuen partida; entrenatzailearengana hurbildu, eskuko telefonoa eskatu, eta Poliziari deitu zion. Udaltzainak kiroldegira heltzerako, erasotzaileetako batzuk ez zeuden jada; gainontzekoak isilik geratu ziren norgehiagoka bukatu arte. «Baina ni kanpora begira aritu nintzen handik aurrera».

Emakume transexuala izanda, diskriminazioa ohiko mamua da Antxiarentzat. Baina, «gauza puntualak» izan dituela aitortzen duen arren, onartzen du «horrelako egoera bat» gertatu zaion lehen aldia dela. «Santanderko [Espainia] partida batean, aurkako jokalari batek nire generoa aldatu zuen askotan. Ostean, barkamena eskatu zidan». Leioakoa, aldiz, «arraroa» iruditzen zaio, hainbat kasualitate batzen dituelako.

Astebete lehenagoko partida batean, «gustatu ez» zitzaizkion gauzak entzun, eta antolakuntzarengana jo zuen. Hala, irainen partidaren bezperan, antolakuntzak mezu bat bidali zien talde guztiei, abisatzeko halako jarrerak onartezinak zirela eta gertatuz gero partida bertan behera utziko zela. Horretan oinarritzen da areto futboleko jokalaria Leioan gertatutakoa «susmagarria» izan zela adierazteko: «Lau urte daramatzat txapelketa honetan parte hartzen, eta inoiz ez zait halakorik gertatu. Justu salaketa egin, eta hau gertatzen da». Oraindik ez du erabaki gizon horien kontrako salaketarik jarriko duen edo ez.

Urteetako borroka

Izaro Antxiak 2016an debutatu zuen areto futboleko emakumezkoen ligan, 35 urterekin, emakumea zela iragarri eta bi urtera. Kontatu ondoren, Bizkaiko Futbol Federazioari emakumezkoekin jokatzeko tramiteen inguruan galdetu zion. «Nortasun agiria izan behar nuela esan zidaten, eta gero Espainiako Futbol Federazioaren talde juridikoaren eskuetan jarriko zutela». Bi urtez hormonak hartu ondoren —Espainiako legeak hori exijitzen die transexualei NAn sexua aldatu ahal izateko—, nortasun agiri berriarekin, Bizkaiko Futbol Federaziora jo zuen berriro, bigarren ahaleginean. «Ordurako bazeuden beste kirolari transexual batzuk, Oscar [Sierra] eta Antia [Fernandez], eta ez zidaten arazorik jarri».

Aldaketa, ordea, ez zen soilik administratiboa izan, tratamenduak «asko» aldatu baitu bere errendimendua: «Nire txispa askoz txarragoa zela ikusi nuen, baloietara heltzea asko kostatzen zitzaidan». Hasieran «egun txar bati» leporatutako egoerak hormonekin zerikusia izan beharra zuela ondorioztatu zuen; alegia, sintoma horiek urrun zeudela «kasualitatea» izatetik. Lasterketa batean jabetu zen harremanaz: «25 minutu gehiago behar izan nituen hamar kilometroak egiteko».

Aldagelen kontua ere buruhaustea izan zen berarentzat. Antxiak nabarmendu du ez zela izan gizonezkoenetan sartzetik emakumezkoenak erabiltzen hastea bezain sinplea; trantsizioak erdibideko geltokia behar izan zuela. Tratamendua otsailean hasi zuen arren, ekainera arte ibili zen gizonezkoekin batera jokatzen eta, horrenbestez, haiekin aldagelak konpartitzen. «Hasieran ondo moldatu nintzen, baina pixkanaka nire gorputza aldatuz joan zen, bularrak hazi zitzaizkidan...». Momentu hartatik aurrera, beste aldagela bat eskatzen hasi zen; halere, batzuetan ez zioten ematen. «Bainugeletan aldatzen nintzen, edo mutilak dutxa zitezen itxaroten nuen; batzuetan dutxatu gabe ere geratu izan naiz».

Emakumezko lagun baten eskutik eman zuen, azkenean, dagozkion aldageletarako jauzia. «Esan nion bera sar zedila lehenengo eta, egoera azaldu ondoren, ni ere onartzen baninduten, atzetik sartuko nintzela». Aho batez esan zioten «inolako arazorik» ez zegoela, eta hura izan zen mugarria. Harrezkero, emakumeen aldagelak erabiltzen ditu beti. Baina egokitzapena ez zen leuna izan, ez behintzat genitaletako ebakuntza egin aurretik: «Han neukana ezkutatzen saiatzen nintzen eskuoihalarekin».

Dagoeneko igaro dira ezkutatzeko egunak. Egun, sare sozialetan bere burua aldarrikatzen du, eta komunikabideetan atera izan da maiz. Alta, uko egiten dio erreferente rolari, «kaleko beste edozein pertsona» dela argi baitauka. Hala ere, Leioako erasoa bezalakoak salatzen jarraituko du, besteentzat ere lagungarri izan daitekeelakoan: «Ni eredu hartuz inork lortuko balu kirola dagokion lekuan egitea, bikain».

BERRIAn argitaratua (2019/08/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA