astekaria 2019/08/09
arrowItzuli

politika

KOLDO MARTINEZ

«Oraintxe, ez dut beldurrik: guztiz fidatzen naiz PSNrekin»

Joxerra Senar

«Oraintxe, ez dut beldurrik: guztiz fidatzen naiz PSNrekin»

Inbestidura egunean, sentimendu gazi-gozoa zuen Koldo Martinezek (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1953), Uxue Barkosek lehendakaritza galtzen zuelako eta «gobernu aurrerakoi bat» antolatzea onartu dutelako.

Bi hilabete iragan dira hauteskundeetatik. Zer gogoeta egin duzue emaitzez?

Batetik, Pedro Sanchezen eta sozialismo berriaren presentziak eragin handia izan du. Gobernu euskaltzale bat izan arren, Espainiako komunikabideen atzaparra nabaritu da. Bestetik, Ahal Dugu jaitsiko zela espero nuen, baina ez horrenbeste. Gainera, Uxue Barkosen gobernuak komunikazioan huts egin du. Tamalgarria da, lehendakaria bera kazetaria delako. Komunikazioa ez dugu behar beste landu. Uste genuen jendeak ez zituela komunikabide batzuek saldutako gezur horiek erosiko, baina erosi egin ditu. Hala ere, boto kopuruan gora egin dugu.

Emaitza horiek esku artean, zergatik ekin diozue bide honi?

Hirugarren geratu ginelako, eta bigarrenari egokitzen zitzaion lehen bultzada hori. Halaber, gure apustua betidanik gobernu aurrerakoia bultzatzea izan da, eta lehen gauean Uxue Barkosek esan zuen Geroa Bairen konpromisoa zela gobernu aurrerakoi, plural eta iraunkor baten alde egitea. Gu aritu gara gure ahaleginak egit en PSN laguntzen, gure ideologia alde batera utzi gabe.

Zer zailtasun egon dira?

Akordio programatikoa aurrera ateratzeko ez dugu arazo berezirik izan. PSNk aurkeztutako testua aurrekoaren ildotik zihoan neurri handi batean, eta gure programatik hartutako hainbat gauza ere agertzen ziren. Onartu ez diren gauzak Ezkerrarekin eta Ahal Dugu-rekin izan ditugu gehiago. Adostasuna handia izan da PSNren eta Geroa Bairen artean.

Zailtasun gehiago izan al ditu azken faseak, gobernu osaerak?

Arazotxoak izan dira, baina horiek ere gainditu ditugu. Jendeak oraintxe esaten digu lau kontseilari bakarrik ditugula. Nik zera erantzun ohi dut: Geroa Baik ez du ezer eskatu; aldiz, badu zer eskaini. Eskaini dugu gure lana eta esperientzia. Adibidez, Nafarroa osoak zekien sozialistek bakarrik egingo balute gobernu bat Manu Aierdi berekin eramango luketela. Edo Erakundeekiko Harremanen Departamenduan izan dugu desadostasunen bat, baina, azkenean Ana Ollok izango du, eta hizkuntza politika bere esku egongo da. Bake eta bizikidetza arloan, zuzendari orokorra PSNk izendatuko du, baina departamentu barruan dago.

Gobernu barruan egoteko apustua egingo duzue. Arriskuak hartzen ari al zarete?

Bai, edozein erabaki hartzean, alde positiboak eta negatiboak hartzen dituzu kontuan. Erantzukizunez erabaki dugu gobernuan egotea. Apustu bat da, Nafarroa oso plurala delako, eta horrek esan nahi zuen hor egon behar genuela. Ez genuen nahi PSNk bakarrik gobernatzea.

Nola dago zuen arteko konfiantza?

Begira, aurreko egunean sozialistei aitortzen nien lau urteotan ez dugula aurrerapauso handirik egin geure arteko konfiantza sakontzen. Baina goazen lau urte atzera. Zer-nolako konfiantza zegoen kide izan garenon artean? Batzuekin zertxobait, beste batzuekin gutxi eta besteekin ia deus ez. PSNrekin bazegoen nolabaiteko mesfidantza, baina, kartak mahai gainean jartzean, ikusi dugu fida gaitezkeela elkarrekin.

PSN iraganetik aldendu dela dirudi. Zenbateraino da euren apustua serioa?

Nik ere mesfidantza hori neukan. Oraintxe, ez dut beldurrik: guztiz fidatzen naiz PSNrekin. Adibidez, gauzak ez zihoazen batzuek eskatzen ziguten abiaduran, eta pentsatzen genuen, Madrilen gertatzen zenaren arabera, hemen ere gauza bera gertatuko zela. Txibitek, Ramon Alzorrizek eta Santos Cerdanek esaten ziguten gauza bat dela Madrilgoa, eta beste bat hemengoa. Geure burua hori sinestera behartzen genuen, eta egia izan da. Konfiantza lanean sortzen da, elkarlanean.

EH Bildu baztertu nahi izan du. 23ko gehiengo bat dago. Zer gertatuko da betoarekin?

23k ez du gehiengorik ematen. Bildukoei esan genien guretzat eurak direla lehen bazkideak, baina Bildu baztertzea PSNren erabakia izan da. Dirudienez, horrela gertatu da, eta hari zegokion gobernua adosteko eta gehiengoak lortzeko lidergoa. Bakoitza da norberaren erabakien erantzule. PSNk bere erantzukizuna du Bildurekin ez hitz egiteko. Bilduk bere erantzukizuna izango du hemendik aurrera.

Hala ere, EH Bilduk bide eman dio gobernu honi. Zer iruditu zaizue erabaki hori?

Politika erresistentzia lasterketa bat da, eta batzuetan emozioetan oinarritutako erabakiak hartzera bultzatzen zaituzte. Zuhurtziaz jokatu behar da, eta EH Bilduk hala egin du. Argi daukat erabaki batzuk Bilduren onespena izango dutela, eta beste batzuk ez.

Euskararen kasuan, zer lortu nahiko duzue?

Aurrerapauso nabariak egin dira lau urteotan, zarata ikaragarria izan da, eta ez diogu zarata horri erantzuten jakin, ez genion behar adina erantzun. Urratsik esanguratsuena administrazioan euskararen erabilera arautzen duen dekretua da, eta urtebete eman dugu ikusteko zer eragin duen herritarren artean eta administrazioan. Horren arabera ikusiko dugu aurrera egin, gelditu edo atzera egin. Espero dut atzera ez dugula egingo, baizik eta aurrera.

Navarra Suma oposizioan geratu da berriz. Krisia izan dezake.

Ez dakit zer gertatuko den, baina Nafarroarentzat txarrena litzateke elkarrekin jarraitzea ikusita zer diskurtso atzerakoia duten. Ziurrenik, Esparzak tentazioa izan du koalizioa hausteko, eta UPNren 15 eta PSNren 11 parlamentariekin historiako akordioei jarraipena emateko. Ez dut alderdi sozialista joko horretan ikusten. Leialtasunez jokatuko dugunez denok, ez diot inolako arriskurik ikusten.

BERRIAn argitaratua (2019/08/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA